Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Gaixotasun profesionalen tratamenduak urtean 106 milioiko kostua dakarkio Euskadiko osasun publikoari

2011.eko maiatzak 26

Lanak eragindako gaixotasunen lehenengo Euskadiko mapa egin du Osalanek

Euskadiko lanbide-gaixotasunen lehenengo mapa egin du Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak. Mapa horri esker, gaixotasun horiek lurraldeen arabera nola banatzen diren jakin ahal izango dugu, eta gaixotasunen eta hainbat adierazleren arteko harremana aztertu (sexua, adina, jarduera ekonomikoa, enpresa eta lanpostuan langileak daukan antzinatasuna). Gaixotasun profesionalen osasun-gastu 106 milioi euro baino gehiagokoa izan zen 2008. urtean; hau da, urte hartan Euskadik izan zuen BPGaren (67.924,5 milioi euro) % 0,16, eta Euskadiko osasun-gastu publikoaren (3.200 milioi euro) % 3,3.

Azterlan hau ezaugarri horiekin Estatu osoan egiten den lehenengoa da; 1990. urtetik 2008ra arteko epea hartzen du, eta diagnostiko zehatza egiten du, gaur arte ezkutuan egon den errealitate horri aurre egiteko. Horrez gain, agerian uzten du gaixotasun horiek duten kostu handia, zeina, neurri handi batean, osasun publikoak -Osakidetzak Euskadin- ordaintzen baitu. Kostu hori, baina, enpresek eta mutuek hartu beharko lukete beren gain.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak  eta Osalan zuzendariak, Pilar Collantesek, prentsaurrekoan aurkeztu dute lan gaixotasunen lehen euskal mapa  eta horien koste sanitarioa. Aurkezpena Bilboko SPRI eraikinean izan da.

Horrela, osasun-gastu hori 106 milioi euro baino gehiagokoa izan zen 2008. urtean; hau da, urte hartan Euskadik izan zuen BPGaren (67.924,5 milioi euro) % 0,16, eta Euskadiko osasun-gastu publikoaren (3.200 milioi euro) % 3,3.

Lan berritzaile hori langileen osasuna zaintzeko eta lan-ezbeharren aurka borrokatzeko Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak duen helburuaren barruan kokatzen da, EAEko Laneko Segurtasun eta Osasunerako 2011-2014 Estrategiaren esparruan. Estrategia hori Elkarrizketa Sozialeko Mahaian dauden eragile soziolaboralekin lankidetzan onartu zen iazko abenduan.

Lehenengo azterlan horrek agerian uzten duenez, 1990. urtetetik 2008. urtera 33.547 lanbide-gaixotasun jakinarazi ziren. Kopuru txikiena 1990. urtean izan zen, 339; eta handiena 2006. urtean, 3.259.

Guztizko kopuru horretan, % 71 gizonak ziren, eta % 29 emakumeak.

Diagnostikoari dagokionez, lanbide-gaixotasun ohikoenak eragile fisikoek sortutakoak dira (deklaratutakoen % 85); horren ondoren azaleko gaixotasunak daude (% 9,4), eta eragile biologikoak dituztenak (% 1,7).

Horrez gain, azterlanak aukera ematen du aztertutako epean lanbide‑gaixotasunek izan duten eboluzioa eta ezaugarriak ezagutzeko. Horrela, profil gisa, ondorioztatu daiteke 1990. urtean lanbide-gaixotasun ohikoena larruazalekoa zela, eta 30 urtetik 49ra bitarteko langileek nozitzen zutela, 250 langiletik gorako enpresetan, eta lanpostuan 10 urtetik gorako antzinatasuna zutela.

Hala eta guztiz ere, 2008. urtean gaixotasun ohikoena lokomozio-aparatukoa zen, 30 eta 59 urte bitarteko langileek nozitzen zuten, 50 langiletik 249ra arteko enpresetan, eta 10 urtetik beherako antzinatasuna zuten enpresan.

Badaude arrazoiak pentsatzeko benetan direnak baino askoz lanbide‑gaixotasun gutxiago deklaratzen direla. Gainera, gaur egun dauden lanbide-gaixotasun konplexu eta kronikoak ez direla ia inoiz aintzat hartzen.

Iruzkin bat
  • @BeatrizMinguez
    2011.eko maiatzak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Gaixotasun profesionalen tratamenduak urtean 106 milioiko kostua dakarkio Euskadiko osasun publikoari. http://bit.ly/mhtV5W

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta