Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak areagotu egin ditu zaintza eta kontrola Euskadiko errepideetan, mugakide diren autonomia-erkidegoen arteko mugikortasuna berreskuratzean

2020.eko ekainak 18

Asteburuan Frantziarako muga irekitzea ere aurreikusten da

(2020/06/18)

Segurtasun Sailak trafikoa zaintzeko eta arautzeko errefortzu berezia ezarriko du Euskadiren eta mugakide diren autonomia-erkidegoen arteko mugikortasuna berreskuratzean eta Frantziarako muga irekitzean. Bestalde, Trafiko Zuzendaritzako telefono bidezko arreta-zerbitzuan ere (011) langile gehiago jarriko dira eta etengabe emango da trafikoaren egoerari buruzko informazioa mezu aldagarriko paneletan eta Twitter, www.trafikoa.eus eta TrafikoaEJGV app bidez.

 

Ostiralean, ekainaren 19ean, 00:00etatik aurrera posible izango da Euskadi eta Kantabria artean mugitzea, eta horren aurrean Segurtasun Sailak areagotu egingo ditu trafikoaren zaintza eta kontrola Kantabriarako mugan (El Haya, Ugaldebieta) jarriko diren Ertzaintzaren patruilen bidez. Horrez gainera, eta eremuko zirkulazioa arintzeko helburuarekin, Trafiko Zuzendaritzak garabi bat jarriko du ostiralean eta larunbatean Uriosten (Suhiltzaile-etxera sartzeko biribilgunean, A-8an 128. kp-an) eta igandean El Hayan (Covaroneko lotunean, A-8an, 138. Kp-an), istripuren bat gertatzen bada ere istripua izan duten ibilgailuak ahalik eta azkarren erretiratu ahal izateko.

 

Bestalde, eta alarma-egoera Estatu osoan igandeko, ekainaren 21eko, 00:00etan amaituko denez, posible izango da Euskadi, Errioxa eta Nafarroa artean ere mugitzea, eta autonomia-erkidego horietatik eta horietarako trafikoa areagotu egingo dela aurreikusten da, beraz. Ertzaintzak zaintza eta kontrola areagotuko ditu Armiñongo lotunean eta A-15ean.

 

“Hiru hilabetez alarma-egoeran egon ondoren eta mugakide diren beste autonomia-erkidego batzuetara mugitzea debekatuta egon ostean, mugak irekitzen diren lehenengo asteburuan ibilgailuen joan-etorriak ugaldu egingo direla aurreikusten da. Hori dela-eta, udako asteburu batean hartu ohi ditugun errefortzu-neurrien modukoak hartuko ditugu”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak. Aldi berean, gogorarazi du Ertzaintzaren Trafiko Lurralde Unitateen gomendioa, bidaiatzerakoan puntako orduak sahiesteko.

 

Asteburu honetan Frantziarako muga irekitzea ere aurreikusten da, eta biharko mugaz gaindiko bilera bat deitu da, Frantziak proposatuta, muga irekitzeko ordua aurreratzeko aukera aztertzeko. Zirkulazioa leheneratzen denean, Ertzaintzak Behobiako eta AP-8-ko Irungo ordainlekuko trafikoa zaintzeko eta arautzeko lanak areagotuko ditu.

 

Horrez guztiaz gainera, langile gehiago jarriko dira 011 telefono bidezko arreta-zerbitzuan eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, eta etengabe emango da trafikoaren egoerari buruzko informazioa mezu aldagarriko paneletan eta Twitter, www.trafikoa.eus eta TrafikoaEJGV app bidez.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)