Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak ahaleginak egingo ditu euskal hornitzaileak trakzio-enpresekin atzerrira joan daitezen

2011.eko maiatzak 25

Mercedes enpresa hornitzaileekin elkartu da etorkizuneko kontratuak eskuratzeko moduaren inguruan orientatzeko. 

Topaketa Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Acicae klusterrak eta Arabako Merkataritza Ganberak sustatu dute, eta Zornotzako AICan egin da gaur bertan. 

Bertaratu diren guztiek adierazi dute oso garrantzitsua dela kokapen-aniztasuna, ondorio positiboak baititu Euskadin enplegua finkatzeko zereginean.  

Zornotzako AICa aukeratu dute gaur Daimler (Mercedes) enpresaren eta Euskadin dituen hornitzaileen artean bilera bat egiteko. Bilera Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Acicae klusterrak eta Arabako Merkataritza Ganberak sustatu dute, eta Alemaniako multinazionala kontratazioari dagokionez garatzen ari den prozesu berriak hurbiletik ezagutzeko aukera eman die euskal enpresei. 

Duela urtebete baino gehiago, sailburuak, Mercedes enpresaren ordezkari Emilio Titosek, Michelin enpresaren ordezkari Amadeo Álvarezek eta Arabako Merkataritza Ganberako presidente Gregorio Rojok enpresa handietako hornitzaileak biltzeko hainbat topaketa egitea erabaki zuten, erosketa-erabaki berriak (gaur egun aldatzen ari baitira) nola hartzen diren zuzenean jakin dezaten. 

Gaur egun, euskal enpresentzat interesgarriak izan daitezkeen hogeita hamar proiektu inguru ditu abian Mercedes enpresak. Gainera, Jaurlaritzaren ustez, Europan eskariak hazkunde txiki bat izan duenez gero, garrantzitsua da euskal enpresa-sarearen nazioartekotzea sustatzea. Zehazki, automozioaren sektorean, garrantzitsua da enpresak teknika berriei (pisuaren, materialen eta abarren kasuan) eta ingurumen-arloko murrizketei dagokienez eskatuko diren aldaketa teknologikoei adi egotea.

Bernabé Undak honako hau adierazi du automozio-sektoreko ordezkarien aurrean: "euskal enpresak ohartu behar dira dagoeneko ez dela nahikoa etxean aukerak noiz etorriko zain geratzearekin. Badakigu hornitzaileak mugitzen direla eta une oro jardunean dabiltzala, baina gure erantzukizuna da bezeroengandik gertuago egotea ahalbidetuko dieten gidak eta bideak haien esku jartzea"

Sailburuak honako hau aurreratu du. "Eusko Jaurlaritzak finkatze-estrategia bat zehaztu du enpresentzat, enpresek, aliantzak sortuz, lehiakortasuna sendotzeko aukera izan dezaten merkatu eta bezeroengana iristeko"

Zehazkiago, enpresa handietako hornitzaileen atzerrirako trakzio-programa batean dihardu. Undak aurreratu duenez, "programa hori garatzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta arrakastatsua izango da, beste erremediorik ez dugulako. Gure etorkizuneko aukerak atzerriko merkatuetan daude. Hazi nahi badugu kanpora begiratu behar dugu eta kanpoan egon behar dugu, multilokalizazioa esaten diogun formula horren bitartez". Beste hainbat ponentek ere kontzeptu hori azpimarratu dute, Euskadin enplegua sendotzeko funtsezko metodoa den heinean. 

Undak gogora ekarri duenez, Mercedes "Arabako eta Euskadiko industriaren zutabeetako bat da", eta, ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren eta konpainiaren arteko hartu-emanak nabarmendu ditu, Euskadiko kaleetan barrena dagoeneko badabiltzan furgoneta elektrikoak abian jartzeko elkarlana esaterako. Sailburuak berriz ere aipatu du Gasteizko plantak Vito furgoneta modelo berria bereganatzeak duen garrantzia. Eta, horren harira, honako hau erantsi du: "Ziurtatzen dizuet Jaurlaritza lanean dagoela helburu hori betetzeko"

Nolanahi ere, Bernabé Undak adierazi duenez, helburua betetzeko erantzukizuna "guztiona da, Jaurlaritzarena, enpresarena, langileena eta hornitzaileena. Guztion artean lortu behar dugu Daimlerek Euskadiren alde egitea"

Automozioa Euskadin 

Automozioaren sektorea funtsezkoa da euskal industriarentzat. Sektore garrantzitsuena da guztien artean: BPG industrialaren % 30 eta Euskadiko BPGaren % 8,6 bereganatzen du. Industria Sailaren programen barruan, garrantzi hori argi eta garbi ikus daiteke. Eta aurrerantzean ere hala izango da. Jaurlaritzak Ekarpen funtsaren bitartez egindako apustua dugu horren adierazgarri. 

Sailburua Alemaniara joango da ekainean, eta, agendaren barnean, Mercedesek Stuttgarten duen egoitza bisitatuko du. "Euskadirentzat hain emankorra izan den harremana areagotu behar dugu. Guk ekin behar diogu lanari, eta zuek, hornitzaileek, funtsezko zeregina betetzen duzue horretan", adierazi die enpresei. 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 25a 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan