Berriak Lehendakaritza

Euskadik III. fasea gainditu du eta ostiralean, ekainak 19, irtengo da alarma-egoeratik

2020.eko ekainak 18
  • Osasun publikoko adituen txostenek segurtatzen dute gainditutzat jo daitekeela deskonfinamenduaren III. Fasea, Euskadiko osasun- eta epidemiologia-egoeraren arabera

Iñigo Urkullu Lehendakariak “ekainaren 18ko 14/2020 Dekretua sinatu du gaur. Haren bidez, gainditutzat eman da Deskonfinamendu Planeko 3. fasea, eta ondoriorik gabe utziko dira alarma-egoeraren testuinguruan hartutako neurriak. Beraz, 2020ko ekainaren 19ko 00:00etatik aurrera normaltasun berria sartuko da indarrean.

Erabaki honek Gernikako Estatutuan onartutako eskuduntza guztiak berreskuratu ahal izateko balioko du, Ezohiko Gobernu Kontseilua egin ostean prentsaurrekoan Josu Erkoreka sailburu bozeramaileak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako eta Nekane Murga Osasuneko sailburuek azaldu duten bezala.

ASTELEHENA, 2019KO EKAINAREN 19A

Ostiraletik aurrera, indarrik gabe geratuko dira alarma-egoeraren deklaraziotik sortutako neurri guztiak: hala Estatuko Gobernuak hartutakoak nola Euskal Autonomia Erkidegoko eskuordetutako agintari eskudunek gaur arte hartutakoak. Une honetan sartuko da indarrean “Osasun Sailburuaren Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, prebentzio-, zaintza- eta kontrol-neurriak zehazten dituena”, etapa berri honetan. Berezko oinarri arautzaile berri horrek balioko du epidemia kontrolatzeko gure gizarte- ekonomia- eta osasun-errealitatearekin bat datozen neurri espezifikoak ezartzeko.  

Eusko Jaurlaritzak arlo sanitarioko zein osasun publikoko txostenetan oinarrituz hartu du erabaki hori; izan ere, txosten horiek adierazten dute “osasun- eta epidemiologia-egoeraren arabera, Euskadin gainditutzat jo daitekeela Deskonfinamendu Planeko III. fasea”.

EZOHIKO EGOERAREN AMAIERA

Gaur onartutako erabakiak amaiera eman dio SARS-CoV-2 koronabirusak sortutako pandemia globalaren ondorioz izan dugun 100 eguneko ezohiko egoerari. Ostiralean, martxoak 13, Gobernu Kontseiluaren ezohiko bilkuran, Osasuneko sailburuak osasun-alarma egoeraz ohartarazi zuen, eta beharrekoa zela ezohiko neurriak hartzea; horretarako LABI, “Euskadiko Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea” edo Plana, formalki aktibatzea eskatu zuen. Egun horretan bertan, Lehendakariak hartu zuen bere gain LABIren zuzendaritza: aholku-batzordea bat sortu eta deitu zuen, osasuneko eta osasun publikoko larrialdi horri aurre egiteko.

Hurrengo egunean, martxoak 14, Espainiako Gobernuak alarma-egoera deklaratu zuen: sei bider luzatu den ezohiko egoera bat. Bi egun geroago, martxoak 16, Lehendakariak Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin elkartu zen. Guztiek ohiz kanpoko erabaki bat hartu zuten elkarrekin: apirilaren 5ean, igandea, egitekoak ziren hauteskundeak indarrik gabe uztea.

DESKONFINAMENDUA

Deskonfinamendua maiatzaren 4an hasi zen. Euskadi gizarte-, kirol- eta aisialdi-jarduerari berrekiten hasi zen, bertako programa zuhur eta mailakatu baten bidez: “Bizi-Berri Plana”.

Maiatzaren 14an, pandemiaren bilakaerari eta osasun-sistemaren egoerari buruzko adierazleek erakusten zutenez, bukatu egin zen ordurako krisi sanitarioaren gogorrena, eta amaitutzat eman zitezkeen koronabirusa irmoago geldiarazteko hartutako ezohiko eta larrialdiko neurriak ere. Egun horretan, Eusko Jaurlaritzak “osasun-larrialdi” etapa itxi zuen, eta “osasun-zaintzarena” ireki. LABI edo Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea (edo Plana) moldekatzea erabaki zuen, hura “zaintza eta kontrol” fase berrira egokitzeko; zuzendaritza, orduan, Segurtasuneko sailburuaren eskuetara pasa zen.

Maiatzaren 18an, Lehendakariak Gobernu Kontseilua deitu zuen, hauteskundeen gaia aztertzeko, eta erabaki zuen oraingoan uztailaren 12rako, igandea, egitea hauteskunde-deialdia.

KORONABIRUSA

Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan Nekane Murga Osasun sailburuak Covid-19-ren datuak ere eguneratu ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak