Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak aintzatetsi eta eskertu egin du boluntarioek covid-19-aren krisialdian eginiko lana
- Erakunde-adierazpen baten bidez, honako hau nabarmendu da: “euskal gizarteak osasun-krisialdiaren ondorioei erantzutean, alderdi solidarioena erakutsi du”
- Boluntariotzaren Euskal Kontseilua Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, udaletako eta gizarte-erakundeetako ordezkariek eratzen dute
Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 18a
Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren osoko bilkurak, gaur goizean, adierazpen bat onetsi du; haren bidez, eskertu eta aintzatetsi egiten du euskal boluntarioek batik bat Covid-19aren ondorioz deklaratu den alarma-egoeran eginiko lana.
Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua da Boluntariotzaren Euskal Kontseiluko buru, eta Gizarte Politiketako, Ingurumeneko, Osasuneko, Kulturako, Segurtasuneko eta Hezkuntzako sailetako sailburuordeek eratzen dute. Era berean, hiru foru-aldundietako Gizarte Politiketako diputatuak, Eudeleko hiru ordezkari eta Euskadiko gizarte-erakundeetako hamahiru kide daude bertan: Kiribil Sarea; Bilbao AECC Araba; SECOT Araba; AFARABA; Portugaleteko Aisialdi Sarea; Cáritas Bizkaia; Gazteleku; Fundación Miranda; Gurutze Gorria; Nagusilan; ADEMGI; Gorabide; eta Unicef Euskadi.
Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan eginiko osoko bilkuran, onetsi eta irakurri egin da erakunde-adierazpena; haren bidez, “agerian utzi eta aintzatetsi egin nahi da, jendaurrean, gure gizartearen ekintza boluntarioaren lana eta, batik bat, bizi dugun Covid-19aren egoeran eginikoa”.
“Eskerrik asko abian jarritako ekimen guztietan parte hartzen duten boluntarioei, eta ekintza boluntarioa beren egunerokotasunean txertatzen duten erakundeei”, jaso du onetsitako testuak.
Batez ere, dakar adierazpenak, “euskal gizarteak osasun-krisialdiari erantzutean alderdirik solidarioena atera duelako”, hainbat motibo tarteko, beren denbora, esperientziak eta ezagutzak, Covid-19aren kasu honetan, kalteberatasun-egoeran dauden beste pertsona batzuei laguntzeko eskaini duten pertsonen bidez.
Kontseiluan, halaber, Guztion Artean sarearen proiektuaren garapena ebaluatu da; haren giza osagaia zenbait erakundek aprobetxatuko dute, besteak beste Cáritasek edo Gurutze Gorriak, ekimena standby egoeran dagoela aintzat hartuta, baina ez amaituta, uda ondoren Covid-19aren ondorioz berriro aktibatzeko beharra egongo dela aurreikusten baita.
Guztion Artean sareak bi hileko jarduera honetan 976 pertsonari eman die arreta eta, horretarako, 632 pertsonarekin jardun du elkarlanean. Hala ere, martxotik, ia bi mila boluntariok eskaini dute laguntza. Pertsona horiek guztiz ez mobilizatzeko irizpidea osasun-arlokoa izan da, erabat; izan ere, konfinamenduan batik bat, pertsona berek zenbait arreta egitea egokiagoa zela ulertu da, osasun-arriskuak ekiditeko. Herritarren erantzun esanguratsua, batik bat belaunaldi gazteenena, zeina ez baita galduko; izan ere, erakunde parte-hartzaileek aprobetxatu egingo dute, boluntario horiek beren erakundeetan sartzeko.
Boluntariotzaren Euskal Kontseiluan nabarmendu da, era berean, Guztion Artean sarearen bidez programaren profilera egokitzen ez ziren eskariak bideratu direla eta zegokien lekuan erantzuna eman zaiela.
Guztion Artean sareak eginiko lanaz eta erakunde-adierazpenaz gainera, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak honako hauek ere aurkeztu ditu: “Emakumeak eta boluntariotza” azterlana; “Bherria egoitza” ekimena, eta Boluntariotzaren Euskal Estrategiaren ekintzak ezagutu ditu.