Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baxuenak osatuko ditu

2020.eko ekainak 18
  • 150 euro edo 100 euro ordainduko dizkie, kontratuaren partzialtasunaren arabera, 20.000 euro baino gutxiagoko oinarri arautzailea dutenei
  • Neurri horren bidez, Jaurlaritzak bere gain hartzen du errenta baxuenak dituztenen soldata-murrizketak arintzeko ahaleginaren zati bat, Urkullu Lehendakariak iragarri bezala
  • Neurri hori Jaurlaritzak eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaian dauden Langile Batzordeak eta UGT sindikatuek eta Confebask adostu dute

Bilbo, 2020ko ekainaren 18a

Elkarrizketa sozialerako mahaiaren enplegu-lantaldearen bileraren ondoren, Eusko Jaurlaritzak erabaki du aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak osatuko dizkiela langile kalteberenei eta soldata murriztuenak dituztenei, 20.000 euro baino gutxiagoko kotizazio-oinarria dutenei, alegia. Hala iragarri dute Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak. Jaurlaritzak neurri hori Confebask patronala, eta Langile Batzordeak (CCOO) eta Langileen Batasun Orokorra (UGT) sindikatuekin adostu du.

Neurri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu Lehendakariak lehendakari autonomikoen konferentzian iragarri bezala, bere gain hartzen du soldata baxuenak dituzten langileen behar-egoerak arintzen laguntzeko ahaleginaren zati bat; izan ere, enpleguari eutsiz gero ere, beren lan-kontratuak eteteko aldian eskuratzen dituzten errenten murrizketa handia jasan ohi dute.

Baina Eusko Jaurlaritzaren erabaki horrek aukera emango du, bi sailburuek azaldu dutenez, “normaltasunera pixkanaka itzultzeko fasean enplegua sendotzeko eta kalteberatasun handieneko egoeran dauden pertsonak babesteko”. Neurriak 44.000 pertsona ingururengan izan lezake eragina (gaur egun ABEEE egoeran daudenak, 1.666 euro baino gutxiagoko oinarri arautzailearekin, soldata 20.000 euro baino baxuagoa), eta 6 milioi euro inguruko kostua ekarriko die Jaurlaritzaren diru-kutxei hilero. Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak betearaziko du neurria.

Horren harira, Artolazabal sailburuak azaldu du Euskal Enplegu Zerbitzuak, orain, laguntza hori arautuko duen araudiaren inguruan lan egingo duela; testu hori Gobernu Kontseiluak onetsi beharko du, datozen egunotan. Arauketa horrek laguntza horien eskaera-prozedura jasoko du, eta bertan sistema telematiko bat jarriko da abian, datuak era errez batean bidali ahal izateko. Modu berean, Lanbidek dagokion ordainketa-prozedura ezarriko du.

Eusko Jaurlaritzak erabaki du ABEEE horiek uztailaren 1etik irailaren 30ra arte osatzea, hasiera batean. Kotizazio-oinarriko 1.666 euro baino gutxiagoko soldatak dituzten pertsona guztiek osagarriaren zenbateko bera jasoko dute Eusko Jaurlaritzaren eskutik, beren lan-jardunaldiaren partzialtasunaren arabera. Hala, lanaldiaren % 50era arte lan egiten dutenek 100 euro osagarri jasoko dituzte, eta % 50 eta % 100 bitarteko lanaldiak dituztenek, 150 euro. Tarte horiek berdin mantenduko dira kotizazio-oinarri hori baino soldata baxuagoak dituzten pertsona guztientzat.

San Jose sailburuak sindikatuekin eta patronalarekin lortutako adostasuna Elkarrizketa Sozialerako Mahaian egindako lanarekin bat datorrela azpimarratu du. Sailburuak, Gobernuak adostasunak bilakatzeko ezinbesteko tresna bezala Mahai hau legealdi honetan sortua eta instituzionalizatua izan dela adierazi du.

Osagarriaren zenbatekoa finkoa izango da, hura jasotzen den aldi osoko lanaldiaren arabera, eta onuradunaren lan-kontratuaren izaera gorabehera aitortuko da. Langileak ezingo du jaso ABEEE egoeran aktiboan duen ordainsaria baino handiagoa den prestaziorik.

Akordioa

Eusko Jaurlaritzak aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baxuenei emango dien osagarria gaur erabaki da elkarrizketa sozialerako mahaiaren enplegu-lantaldean. Hala, neurria Eusko Jaurlaritzak –Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Lan eta Justizia Sailaren bidez– eta Confebask, CCOO eta UGT adostu dute.

Testuan, sindikatuak, patronala eta Gobernua bat datoz honetan: “lehentasunezkoa da pixkanaka normaltasunera itzultzeko fasean enplegua sendotzeko neurri batzuei eustea eta, hala badagokio, beste batzuk abian jartzea”. Hori horrela, Gobernuak, Iñigo Urkullu Lehendakariak iragarri duenez, gizarte-eragileak Guztiok Bat Planean sartzeko borondatea erakutsi du. Planaren oinarrizko bi ardatzak honako hauek dira: suspertze ekonomikoa eta enplegu berriak sortzeko sustapena.

Akordioak “Espainiako Gobernuko agintari eskudunentzako deia” jaso du; bertan, lan-kontratuak eteteko bide emateko politikei eusteko eskatzen zaie eta, horretarako, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteei eusteko, bai eta gizarte-segurantzari enpresa-kotizazioen kostua ordaintzeko eta, hala, laguntza horiek enplegua mantentzeko beharrarekin lotzeko ere.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @irmikoier
    2020.eko ekainak 20

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco complementará los expendientes de regulación de empleo temporal más bajos https://t.co/K4yqpkRwFh

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)