Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ‘Bidegileak’ bildumaren azken lau aleak aurkeztu ditu, Joxe Arratibel, Miren Jone Azurza, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Xole Erbitiren pentsaera eta lana bilduz

2020.eko ekainak 17
  • Liburuxka hauek argitaratuta, amaiera eman zaio 33 urte bete dituen proiektu honi; urte hauetan 272 euskaltzale eta talderen ibilbideak ezagutarazi ditu.

 

Gasteiz, 2020/06/17       

Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak Bidegileak bildumaren azken lau aleak aurkeztu ditu gaur, 33 urte bete dituen proiektu honi amaiera emanez. Ekimen honen helburua urte hauetan guztietan izan da euskalgintzan aitzindari izan diren pertsona eta taldeen pentsaera, bizitza eta lana ezagutzera ematea, eta honakoak dira azken lau aleetako protagonistak: Joxe Arratibel Zurutuza, Miren Jone Azurza Aristegieta, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Xole Erbili Arbilla. Guztira, proiektua 1987an abian jarri zenetik, 272 euskaltzale eta talderen ibilbideak ezagutarazi dira ekimen honen bitartez.

Alkortarekin batera, prentsaurrekoan izan dira azken aleetako egileak: Elixabete Garmendia, Miren Jone Azurzaren inguruko liburuxkaren egilea; Jose Luis Txipi Ormaetxea, Jose Luis Alvarez Enparantzaren inguruko liburuxkaren egilea; eta Alberto Barandiaran, Xole Erbitiren inguruko alea egin duena. Joxe Arratibelen inguruko alea egin duen Miel Anjel Elustondo ezin izan da bertaratu.

Euskara Sustatzeko zuzendariak Bidegileak proiektuaren ekarpena nabarmendu du: “Ezin dugu ahantzi nondik gatozen, ezta nor garen ere. Eta horretarako tresna ezin hobea da Bidegileak bilduma. Belaunaldi berriek horren bidez aukera izan dute euskararen bilakaeraren berri izateko. Gaur egun normaltzat eta betikotzat jotzen dugun euskara batua eta euskararen erabilera hezkuntzan, hedabideetan, administrazioan eta gizarteko esparru desberdinetan (aisialdia, ingurune digitala..) herri-erakundeek eta euskalgintzak 30 urteotan euskara biziberritzeko asmoz bultzatu duten hizkuntza-politikaren emaitza da. Hori sakontzen eta areagotzen jarraitu beharko dugu”.

Aurreko liburuxka guztiak bezala, azken lan hauek lau aletako sorta batean argitaratu dira. Liburuxkak aspaldi burutu baziren ere, urte hasieran inprimatu ziren. 2.300 ale editatu dira eta, horrekin batera, aurreko liburuxka guztiak bezala, euskadi.eus webgunean eskegi dira. Bertan kontsultatu daiteke Bidegileak-en ibilbidean zehar landu den euskaltzaleen zerrenda.

Joxe Arratibel, Miel A. Elustondoren eskutik

‘Joxe Arratibel Zurutuza (1923-2011). Kontalari aparta, ahozkotasunaren gordailu paregabea’ da idazle eta fraide beneditarraren inguruko liburuxkaren izena. Miel A. Elustondok idatzi duenez, “kontalari aparta” zen Arratibel, Kontu Zaharrak liburuan erakutsi zuen moduan: “Desagertzeko zorian dagoen kontalarien espezieko kide miresgarria izan zen”. Ataunen jaioa 1923an, hainbat urtez Estibalitzeko fraidea izan zen. Haurtzaroan etxeko eta auzokoengandik ipuin zahar asko entzun eta ikasi zituen, eta Jose Maria San Sebastian Latxaga apaizak eskatuta, istorio horiek idazten hasi zen. Hainbat liburu ditu argitaratuak: Kontu Zaharrak, Mari Xor eta beste, Dirua neurtzeko ontzia, etab. 2008an plazaratu zuen Izugarriak, bere azken lana, 2011an zendu aurretik.

Miren Jone Azurza, Elixabete Garmendiaren eskutik

Elixabete Garmendia kazetariak ‘Miren Jone Azurza Aristegieta. Kazetari aitzindaria (1929)’ liburuxkan jaso duen bezala, “aitzindari izatea suertatu zitzaion” donostiarrari. “Edo zehatzago esanda aitzindari izaten asmatu zuen. Hala, 60ko hamarkadan Zeruko Argia astekariaren zuzendaritza hartu zuenean, “lehen emakumezko kazetari tituludun euskaduna zen”. Deia egunkariko erredaktore ere izan zen 12 urtez, 1977an egunkaria sortu zenetik; ondoren, 1990tik 1996ra Setien gotzainaren prentsa-arduraduna izan zen. Kazetari donostiarra Historian ere lizentziatu zen (Deustuko Unibertsitatea), eta ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2018ko apirilaren 27an.

Jose Luis Alvarez Enparantza, Jose Luis Txipi Ormaetxearen eskutik

‘Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Gizon polifazetikoa eta intelektual osoa (1019-2012)’ liburuxkari dagokionez, Ormaetxeak pentsalari donostiarraren alde guztiak bildu eta azaldu ditu: “Politika kontuak aipatu ditugu, baina ezin dugu ahaztu Txillardegiren motor nagusia hizkuntza zela, euskara. Esango nuke euskara dela bere lan, borroka eta jarduera guztien gunea”, jaso du alean. Era berean, Joxe Azurmendiren esaldi bat hartu du Txillardegi definitzeko: “Ni euskal mundura iritsi nintzenerako planteamendu garrantzitsuenetakoak eginda zeuden. Txillardegi da, nire ustez, bide-urratzaile nagusia, eta intuizio erabakigarri guztiak eduki dituena. Harekin hasten da martxa bat, Gerraosteko euskal munduaren belaunaldia”.

Xole Erbiti, Alberto Barandiaranen eskutik

Alberto Barandiaran kazetaria izan da ‘Xole Erbiti Arbilla (1942-2009). Lehen euskara teknikaria’ liburuxkaren egilea. Erbiti Nafarroako lehen euskara teknikaria izan zen eta ekarpen garrantzitsua egin zion euskararen normalizazioari Erresuma Zaharrean. Magisteritzan eta Zuzenbiden lizentziaduna, Xole Erbitik 1973an Nafarroan sortutako Euskara Atalaren euskara teknikaria bilakatu zen. Erbitik, halaber, lan esanguratsua egin zuen irakasle moduan, ikastolen sorrera gogotik bultzatu zuen eta euskarazko kazetaritzaren aitzindarietako bat izan zen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)