Elkarlan Sariak
Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Beatriz Artolazabal sailburuak haur eta gazteen hezkuntzako astialdirako jarduerei berriz ekitea arautzeko agindua onetsi du

2020-06-17
  • Espazio itxietan, gauak ematean eta jantokietan mugatu egingo da parte-hartzaile kopurua, eta ohiko gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeikoa izango da
  • Kirol- edo arte-jarduerak kontakturik gabe eta publikorik gabe egingo dira
  • Gobernuko Gazteria Zuzendaritzak gaur ireki du mila monitore Covid-19aren prebentzioaren inguruan prestatzeko lineako ikastaroan izena emateko epea
  • Gazteen Euskal Behatokiak, gazteaukera.euskadi.eus webgunearen bidez, lineako ikastaroaren izen-emateak jasoko ditu; ikastatoa ekainaren 25ean izango da, arratsaldez
  • Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu egin du erakundeek edo elkarteek aisiaren eta astialdiaren mugimenduaren bidez umeek eta gazteek udan aisiarako espazioak berreskuratu ahal izateko egiten duten lan garrantzitsuaren balioa

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 17a

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak udan haur eta gazteen hezkuntzako astialdirako jarduerei berriz ekitea arautzeko agindua sinatu du, gaur goizean. Jarduerak egunekoak izango dira, eta, beste batzuetan, gaua ere emango da. Agindu hori onetsi ondoren, orain udalen, aldundien eta astialdiko erakundeen esku geratzen da jarduera horien antolamendua.

Beatriz Artolazabalek nabarmendu egin du erakundeek edo elkarteek aisiaren eta astialdiaren mugimenduaren bidez egiten duten lan garrantzitsuaren balioa. Are gehiago kontuan hartuta osasun-krisialdiak nahitaezko konfinamentu gogorra ekarri duela eta, ondorioz, ume eta gazteak etxean geratzera behartu dituela eta haien espazioetako eta aisiako eta astialdiko une asko desagerrarazi dituela. Horrela, Artolazabalek nabarmendu du aisiako eta astialdiko mugimenduaren bidez egiten ari diren inplikazioa eta hezkuntza-lana funtsezkoa izaten ari dela “ume eta gazte askoren garapenerako”.

Artolazabalen aginduan honako hau jaso da berariaz: “monitoreei prestakuntza berezia eta eguneratua eman beharko zaie COVID-19aren aurreko prebentzioaren eta babesaren inguruan”. Hori dela eta, aginduaren onespenarekin paraleloan, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak lineako prestakuntza-ikastaroa antolatu du, astialdiko monitoreei zuzenduta, Covid-19ra egokitu daitezen.

Izena emateko epea gaur irekiko da, eta Gazteen Euskal Behatokiaren bitartez bideratuko da. Hasiera batean, prestakuntza-ikastaro hori datorren ekainaren 25ean arratsaldez egin ahal izatea aurreikusten da; mila izen-emate izan ditzake. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak gogorarazten du astialdiko jardueren erakunde antolatzaileek beren prestakuntza-ekimenak gara ditzaketela, hala nahi badute.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak erabaki du, izena emateko lehen fasean, ikastaroa honako hauei zuzenduko zaiela: monitoreak, mota horretako jarduerak antolatzen dituzten administrazioetako teknikariak, hezitzaileak, etab. Azken batean, haur eta gazteentzako hezkuntzako astialdirako jardueretan zuzenean lan egiten duten profesional eta/edo boluntarioei, bai eta Euskadin haur eta gazteentzako hezkuntzako astialdirako jarduerak antolatzen dituzten erakunde eta entitateetan parte hartzen duten pertsona guztiei ere. Ikastaroan izena emateko bigarren fasean, ikastaroa gainerako interesdunei ere zabal lekieke, harik eta plaza guztiak bete arte.

Gazteen Euskal Behatokiak gaurtik aurrera jasoko ditu izen-emateak, www.gazteaukera.euskadi.eus web-orrialdearen bidez.

Ekainaren 25eko lineako prestakuntzaz gainera, parte-hartzaile eta erakundeei prestakuntza egin eta hurrengo egunetan prestakuntzan agertzen diren neurrien inguruan sortzen zaizkien zalantza eta galderei arreta emateko zerbitzua eskainiko da.

Arauketa

Astialdiko jardueren arauketa dela eta, Artolazabal sailburuak sinatutako agindua astialdiko erakundeen, foru-aldundien eta udalen sareek eginiko ekarpenak egiaztatu eta batzeko prozesu biziaren ondoren iritsi da. Prozesu hori Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osasun Ministerioak protokolo bidez ezarritako jarraibideen arabera egin da, betiere.

Horrela, arauketa-aginduak jaso du eguneko udalekuetan eta gauak ere jaso dituen udalekuetan aire zabalean, espazio itxietan eta jantokietan parte-hartzaile kopurua, gehienez, jardueraren ohiko edukieraren ehuneko hirurogeikoa izango dela.

Hala ere, aire zabaleko jardueretarako, gehienez berrehun parte-hartzaile egon ahalko dira, eta, espazio itxietan, laurogei parte-hartzaile, gehienez. Bi kasuetan, monitoreak barne izango da.

Era berean, jarduerak garatu bitartean, parte-hartzaileak gehienez hamabost pertsonako taldeetan antolatu beharko dira, kasu horretan ere monitoreak barne. Kirol- edo arte-jarduerak kontakturik gabe eta publikorik gabe egingo dira.

Jantoki itxiak erabiltzeko kasuan, jankideen artean 2 metroko distantzia egon beharko da, txandak ezarri beharko dira edo manparak jarri beharko dira. Jantoki irekien kasuan (karpak, olanak, zurezko eraikuntzak), 1,5 metroko distantzia ezarriko da pertsonen artean, eta pertsona bakoitzak bere plateretik jango du, eta ezingo du partekatu.

Gaua emateari dagokionez, litera erabiltzen bada, pertsona bakarrak egingo du bertan lo. Gutxienez 2 metroko distantzia gordeko da ohe okupatuen artean, edo barrera-neurriak jarriko dira.

Kanpandendak erabiltzen direnean, denda bakoitzeko pertsona bakarrak baino ezingo du lo egin. Parte-hartzaileak bizikideak badira, denda bera erabili ahalko dute. Dendak zenbait gela baditu fisikoki isolatuta, gelak bete ahalko dira, eta batu, garbitu eta egurastu egingo dira egunero.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)