Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza
Eu

Ingurumen Saila dike bat eraikitzen ari da Zaldibarko zabortegian, AP-8ko lau erreiak berriz ireki ahal izateko

2020.eko ekainak 12
  • Lanek 600.000 eurotik gorako kostua izango dute, eta uztailaren hasieran egongo dira bukatuta
  • Autobidearen aldamenean pilatutako 6.500 metro kubiko hondakin herritarrak bizi diren guneetatik pasa gabe garraiatuko dira 1 zenbakiko Segurtasun Gordailura

 

Ingurumen Saila, Zaldibarko zabortegia egonkortzeko zereginetan, harri-lubetako dike bat eraikitzen ari da lur-irristatzearen behealdean. Era horretan, egun lurpean dauden bi langileen gorpuak bilatzen diren ingurunea segurtatzeaz gain, AP-8 autobideko lau erreiak ireki ahal izango dira.

Euste-egitura berria joan den maiatzetik ari dira altxatzen jada induskatutako bi bilaketa-eremuen goiko aldean (B3 eta B2 deituak), joan den otsailaren 6an autobidea moztera heldu zen lur-irristatzearen muturrean. Harri-lubetako horma hori Interbiak aldundiaren enpresak AP-8 babesteko jada egindako lanen osagarria eta indargarria da; lan horietan, 50 metro luze eta 6 metro altuko dike bat egin da, autobidearen ertzean altxatutakoa, baita luizien kontrako pantaila dinamiko bat ere, 75 metro karratukoa, berrogei metro inguru gorago sortua.  

Ingurumen Saila ari da era subsidiarioan lanak egiten Verter Recycling enpresaren instalazioetan, eta lanetarako kontratatu diren geotekniako adituek aholkatu zuten autobidean amaitu zuen irristatze-muturraren goiko aldean beste euste-dike bat exekutatzeko. Horren helburua da etorkizunean irristatzerik gertatuko balitz hori indargabetzea eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen bilaketa-lanak jada amaitu diren aldeetan lurrazala sendotzea; hartara, segurtasun handiagoz lan egiten jarraitu ahal izango dira beste eremu batzuetan.

B2 bilaketa-plataformaren gainean 25 metro altu altxatzen ari den horma harrobiko harbeta-erdigune batez osatzen da, kanpoaldean estaldurarako harri-lubeta trabatu bat duela, bi metro lodierakoa. Eraikuntzan kareharrizko 20.000 kubiko inguru baliatuko dira, eta 600.000 eurotik gorako kostua izango du. Lanei maiatza hasieran ekin zitzaien, eta espero da uztaileko lehen astean amaitzea.

Autobideko hondakinak kentzea

 Aldi berean, hondakinak segurtasunez kentzeko lanei eutsi zaie: A-8 moztera heldu ziren hondakinak, behin-behinekoz autobidearen albo batean pilatu baitzituzten, eta pertsona desagertuen lehen bilaketa-egunetan ateratakoak, horiek Harrobiaren aldean biltegiratu baitzituzten.  Ingurumeneko sailburuordearen martxoaren 12ko ebazpena betez, zabortegiaren jabea den enpresak hondakin horiek karakterizatzen hasi da, baita horiek beste norabait lekualdatu eta gordetzeko beste aukera batzuk proposatzen ere.

Ingurumen Sailak baimendutako konponbidea baso-pista bat irekitzea da, autobidearen aldean pilatuta dauden 6.500 metro kubiko hondakin eta zabortegiaren inguruan egindako 1 zenbakiko Segurtasun Gordailua zuzenean konektatzeko. Verter Recyclingek hartuko du bere gain zuzeneko sarbide horren exekuzioa eta ordainketa. Era horretan, Ingurumen Sailak kontratatutako lantaldeek zabortegiaren barrutik egin ahal izango dute AP-8ko hondakinen garraioa, eta saihestu egingo da herritarrak bizi diren guneetatik 650 kamioi igaro behar izatea.

Espero da hondakinak kentzeko lan hori ekainaren amaieran bukatzea, euste-dike berria eraikitzen amaitu baino apur bat lehenago. Bi jardun horien bidez, autobidea ustiatzen duen Foru Aldundiaren enpresa publikoak egungo ingurabidea desegin ahal izango du eta, egoki ikusten duenean, AP-8ko lau erreiak ireki.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)