Berriak Kultura
Eu

Lurdes Auzmendi: "Guztira 12.536.000 euro bideratuko ditugu euskararen sustapenera zuzendutako proiektuak diruz laguntzera"

2011.eko maiatzak 25

Diru-laguntzak bost lerrotan banatuta emango dira: Euskalgintza, Hedabideak, IKT-ak, EBPN-k eta LanHitz. Koiuntura ekonomikoak horrela eskatuta, %2,76 besterik ez dira jaitsi euskararen sustapenera bideratutako diru-laguntzak.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu ditu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2011n euskara sutatzeko bideratuko dituen diru-laguntzak. Guztira 12.536.000 euroko diru-partida bideratuko du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskararen sustapenerako proiektuak diruz laguntzera. Aurreko urtearekin alderatuz zertxobait behera egin badu ere (12.892.010 eurokoa izan zen 2010an), egungo koiuntura kontuan hartuta, oso zenbaki baikorrak dira Auzmendiren esanetan: "Sekulako ahalegina egin dugu euskararen sustapenera bideratutako diru-laguntzei eusteko eta lortu dugula esan daiteke, bakarrik %2,76ko jaitsiera besterik ez baitago aurrekontuetan.  Oso zenbaki baikorrak dira eta orain gure egitekoa da kopuru horiek ahalik eta hobekien kudeatzea".

Auzmendik hitz eman du datorren urtean diru-laguntza eskatzeko deialdia urtarrilean egina egongo dela. "Garai berrietara egokitzen jakin behar du euskarak eta zentzu honetan gaur aurreratu nahi dut hurrengo urteko aurrekontuen diseinuan jada lanean ari garela. Aldaketak datoz, aurten hasitako norabide honetan jarraituko dugu lanean. Gizarteari entzun egin behar zaio, eta euskal eragileekin hainbat bilera egin ondoren, ondorio garbi bat atera dugu: etorkizuna sarean eta informazio eta komunikazio teknologietan dagoela. Beraz, gure diru-laguntzak ere errealitate horren ispilu izango dira".

Orotara, bestalde, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 53.055.028 euroko aurrekontua dauka euskararen normalizaziora bideratzeko. Aurrekontu horretan sartzen da helduen euskalduntze eta alfabetatzera bideratutako diru-partida. Une honetan diru-laguntza hauen ebaluaketa egiten ari dira, praktika onak ezagutu eta aurrerantzean proiektuen eraginkortasunik ahalik eta handiena bilatzeko helburuarekin.

 

Euskararen erabilera bultzatzeko 2011ko diru-laguntzak

Euskalgintza

1.280.000

Hedabideak

5.480.000

Lan-hitz

2.400.000

IKT

1.576.000

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN)

1.800.000

 

GUZTIRA

12.536.000

 

1. EUSKALGINTZA DEIALDIA: Gizarte-Bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko diru-laguntzak (Bego Muruagak gidatzen duen Euskara Sustatzeko zuzendaritza)

Euskalgintzari dagozkion diru-laguntzetara bideratutako diru-partida 1.280.000 eurokoa da.

2010ean 190 proiektu lagundu ziren diruz.

Laguntza motan honen hartzaileak euskararen erabilera gizartean oro har (aisialdian, kiroletan, kultur jardueretan,e.a.) sustatzeko egitasmoak bultzatzen dituzten erakunde pribatuak dira. Azken batean, lerro honen helburua da euskararen erabilera sustatzeko ekimenak diruz laguntzea. Izan ere, deialdi honetara aurkezten diren proiektu gehienek, guztiek ez esatearren, diru-laguntza publikoen beharra dute.

Lankidetzan aurkezten diren proiektuei lehentasuna emango zaie. Hala, proiektu mota horiei 10 puntu emango zaizkie -puntuazio gorena 100ekoa da-.

 

2. HEDABIDEAK DEIALDIA: Euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko diru laguntzak (Bego Muruagak gidatzen duen Euskara Sustatzeko zuzendaritza)

Hedabideei dagozkien diru-laguntzetara bideratutako diru-partida 5.480.000 eurokoa da.

2010ean 117 proiektu lagundu ziren diruz.

Diru-laguntza lerro honen hartzaileak hedabideen jabe diren erakunde pribatuak dira. Helburua da euskarazko hedabideak sendotzea eta, oro har, euskararen presentzia indartzea hedabideetan.

Era guztietako hedabideak sartzen dira deialdi honetan: irratiak, telebistak, egunkariak, aldizkariak, webguneak... Adibide gisa, hona hemen batzuk: euskara hutsezko prentsa, euskara hutsezko aldizkariak, gaztelaniaz dauden baina euskarazko gehigarriak dituzten egunkariak, euskaraz ari diren irratiak, euskaraz emititzen duten telebistak, Internet bidezko hedabideak eta berri agentziak, etab.

 

3. LANHITZ DEIALDIA: Entitate pribatuek eta zuzenbide publikoko korporazioek Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten lantokietan 2011n  euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko diru-laguntzak (Ivan Igartuak gidatutako Koordinaziorako zuzendaritza)

LanHitz programaren barneko diru-laguntzetara 2.400.000 euro bideratuko dira.

2010ean 161 proiektu lagundu ziren diruz.

Lanhitz deialdirako erabiliko den diru-kopurua irizpide hauen arabera banatuko da:

1. 2010ean Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratu duten entitateak. Gainera, deialdi honetako baldintzak betetzen badituzte, diru-laguntza gehigarri bat jaso ahal izango dute, baldin eta diru-laguntza jasotzeko lortu beharreko gutxieneko puntuak lortzen badituzte.

2. Gainerakoa, plana diseinatzeko eta 2011ko kudeaketa-plana garatzeko eskabidea egiten duten entitateen artean banatuko da.

Beraz, diru-laguntza hauek ondoren aipatzen diren jardueretarako erabiliko dira: EAEn lantokiak dituzten entitate pribatuen lehen erabilera-planaren diseinurako eta kudeaketa-planerako.

Entitateak lehen euskara-planaren diseinurako laguntza eska dezake, lehendik laguntzarik jaso ez badu, ez diseinurako, ez kudeaketa-planerako. Lehen euskara-planaren diseinua aurkeztuz gero, urteko kudeaketa-plana ere aurkeztu beharko du entitate eskatzaileak.

 

4. IKT DEIALDIA: Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskara sendotu, garatu edo normalizatzeko diru-laguntzak. (Ivan Igartuak gidatutako Koordinaziorako zuzendaritza)

Informazio eta Komunikazio Teknologietara 1.576.000 euroko aurrekontua bideratuko da.

2010ean 202 proiektu lagundu ziren diruz.

Informazioaren eta Komunikazioaren teknologietan euskarazko baliabideak eta aplikazioak garatu eta euskararen presentzia Interneten indartzen duten erakunde pribatuak dira diru-laguntza honen hartzaileak.

2011ko IKT diru-laguntza deialdian, aldaketa nagusi bat sartu da egituraren aldetik: iaz arte 5 multzotan banazen ziren egitasmoak. 5 multzo horien artean hazkunde nabarmena izan duen bat identifikatu da: softwarea euskaratzeko edota euskarara lokalizatzeko egitasmoena. Hori dela eta, eta mugak gainditze aldera, bi multzo bakarrik ezarri dira oraingoan: lehenengoa euskarazko atari edo webguneak eta interneterako eduki berriak laguntzeko, eta bestea, sofwarea euskaratzeko edota euskarara lokalizatzeko egitasmoendako. Berregituraketa honen bidez egun dauden premiei hobeto erantzun nahi zaie.

Beraz, laguntza-modalitate bat euskarazko atari eta webguneek edo Interneterako euskarazko eduki berriek osatuko dute. Talde honetarako 876.000 euro erabiliko dira. Beste laguntza-modalitatea softwarea euskaraz sortzeko edo euskarara lokalizatzeko egitasmoek  osatuko dute, eta horretarako 700.000 euro erabiliko dira.

Lehenengo modalitaterai dagozkion baldintzak hauek dira:

a) Euskarazko atari eta web guneek zerbitzu anizkoitzak eskaini beharko dituzte.

b) Euskarazko atari edo webguneek etengabe eguneratzeko plangintza eduki beharko dute, bai eta gunea ezagutarazteko proposamena ere.

c) Euskarazko eduki berrien kasuan, horiek zabaltzeko edo ezagutarazteko proposamena zehaztuko da.

d) Webguneek agerian edo ezkutuan egongo den bisita-neurgailua eduki behar dute. Ezkutuan bada, entitate eskatzaileak izandako bisita-kopurua ikusi ahal izateko beharrezkoa den aukera teknikoa emango dio Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari.

Beste multzoko egitasmoek Interneten kokatzeko edo publiko zabalarentzako eskuragarri egoteko moduko plan jakina izan beharko dute nahitaez.

Laguntza-mota hau egitasmoen gauzatze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuei partez aurre egitera dator. Nolanahi ere, aurreko urteetan diruz lagundutako egitasmoen kasuan, berrikuntzak baino ez dira diruz lagunduko.

 

5. EBPN DEIALDIA: EAEko toki-entitateetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatu edota entitateotako Administrazioetan euskararen normalizatzeko planak onartzeko diru-laguntzak (Patxi Martínez de Marigortak gidatutako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaritza)

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusirako 1.800.000 euroko diru-partida onartuko da.

2010ean 146 erakunde lagundu ziren diruz.

Diru-laguntza lerro honen onuradunak EAEko udalak eta udal erakundeak dira. EBPN abian jarri eta urteko kudeaketa-plana gauzatzea du xede. Patxi Matínez de Marigortaren esanetan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak zinez uste du euskarak toki entitateen administrazioaren barruan zein kanpoan oraindik bide luzea egin behar duela eta, euskararen legeak dioena betetzen joateko, ezinbestekoa dela berak bai deialdiaren bidez eta bai bestelako baliabideen bidez ematen duen bultzada. "Udaletako hizkuntza politikan, ohiko ekintzetatik haratago joan nahi du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Hori dela eta, EBPNaren barruko esparru jakin batzuen inguruan bideratutako egitasmo batzuk lehenetsi ditu aurtengo deialdirako EBPNaren kudeaketa-planaren bidez gauzatzen den toki entitateen hizkuntza politika eraginkorragoa egiteko asmoz. Bi aukera daude: bata da hedadura handia eta biztanle gutxi duten mankomunitate eta koadrillentzat; bestea, 5.000 baino biztanle gutxiago eta euskaldunen portzentaia 70etik gora duten toki entitateentzat".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lurdes Auzmendi