Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politikan duten konpromisoa berritu dute

2020.eko ekainak 11

- Bingen Zupiria sailburuak, Ana Ollo kontseilariak eta Erakundeko lehendakaria den Beñat Arrabitek Hiruko Ituna hitzarmeneko jarduera-plana sinatu dute 2020. urterako.

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politikan Hiruko Ituna Hitzarmenaren bidez modu koordinatuan lanean jarraitzeko konpromisoa berritu dute.

Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian, 2017an sinatutako Hitzarmenaren 2020ko jarduera-plana aurkeztu dute hiru erakundek, lanerako bost arlo espezifikotan garatuko dena: helduentzat hezkuntza euskaraz eta euskara irakastea; euskararen erabilera bultzatzea; euskararen aldeko hausnarketa bultzatzea; euskararen azterketak eta corpusa; eta lankidetza Europako esparruan.

Aurkezpenean, Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Beñat Arrabitek hitzarmen honen esparruan 2019an zehar garatutako ekintza nagusiak nahiz 2020an burutuko diren ekintza espezifikoak errepasatu dituzte.

2017-2021 denboraldian indarrean den esparru-hitzarmenaren helburu nagusia da mugaz gaindiko lankidetza garatzea hizkuntza politikarekin loturiko gaietan, hiru erakundeen artean harremanak garatzen jarraitzea eta arlo horretan jardunbide egokiak trukatzea.

Ana Ollo kontseilariak adierazi duenez, "hitzarmen hau lankidetzaren, harreman normalizatuen, sinergien eta bateratzearen aldeko konpromisoa da, bai eta euskararen aldeko konpromisoa ere, euskararen lurraldeko euskal hiztunei zuzendutako berariazko neurriak garatzea ahalbidetzen digun ekintza programa batekin". "Nafarroaren kasuan, hizkuntza propioak dituzten autonomia erkidegoekin eta Europako eskualdeekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko konpromisoa legealdi honetako Programa Akordioan jasotako akordio bat da", gaineratu du.

Bestalde, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, "azken urteotan modu naturalean garatzen ari den eta hizkuntza-politikaren arloan lankidetzan aritzeko oso eraginkorra izaten ari den elkarlana posible da". Gaineratu duenez, "akordio honek ematen digun markoari esker, informazioa trukatzen dugu, proiektuak partekatzen ditugu, herritarrei erraztasunak eskaintzen dizkiegu, baliabideak batzen ditugu eta lan egiteko moduak sistematizatzen ditugu'.

Hiru erakundeek aurkezpenean azaldu dutenez, COVID-19k sortutako krisia dela eta, hitzarmenean jasotako zenbait ekintza, hala nola ikasleen trukeak, mugikortasuna eta abar, osasun baldintzek gomendatzen duten arte atzeratuko dira.

"Guretako oso estrategikoa den proiektu bat ezarria genuen 2020eko eranskinean: gazteendako mugaz gaindiko egonaldiak. Ideia da hiru lurraldeko gazteen arteko uda lekuak antolatzea, euskara izaki haien hizkuntza amankomuna", azaldu du Beñat Arrabitek . Eta esan du,  "hori aurtengo udan eratu nahi genuen baina egoera sanitarioak ez digu aukera emanen horren plantan ezartzeko. Aurten obratzen ez badugu ere, lanean segitzen dugu proiektu hori ontzeko eta 2021erako anbizioa duen euskarazko mugaz gaindiko egonaldi proiektua antolatzeko".

Hezkuntza euskaraz eta euskararen irakaskuntza helduentzat

Hezkuntzari dagokionean, aldeek adostu dute ikasleak hiru lurraldeen artean trukatzeko premiak aztertzea gurasoen elkarteekin elkarlanean, horiei erantzuteko proiektu pilotua definitzearren. Halaber, EAEko unibertsitateetara sartzeko modalitateak aztertuko dituzte ikasketak euskaraz egiten jarraitu nahi duten ikasleentzat. Gainera, diplomak edo titulu binazionalak sortzeko aukerak aztertuko dituzte Eurogunearekin edo Euroguneko unibertsitateekin lankidetzan.

Helduei euskara irakasteari dagokionez, batzorde tekniko batek aztertuko du Eusko Jaurlaritzak arlo horretan garatutako oinarrizko curriculuma Nafarrora egokitzeko modua, eta maila ezberdinak gainditzeko beharrezko baldintzak adostuko ditu. Horrez gain, hiru aldeek adostu dute sektore horretan lan egiten duten profesionalei hiru erakundeek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea eskaintzea edota hiru aldeen premien diagnostiko bat egitea. HABEko liburutegiko materialak hiru erakundetako teknikariei eskainiko zaizkie, eta kontsulta espezifikoak erantzungo dituzte.

Hizkuntza gaitasunak ziurtatzeari dagokionez,  berriz, aldeek erkidego bakoitzeko ziurtagiriak ezagutzeko lan egingo dute, ziurtatze-sistema bateratzeko edo baliozkotzeko helburuarekin.

Euskararen erabilera sustatzea

Euskarari eta aisiari erreparatuta, hiru aldeek adostu dute haurrei eta gazteei zuzendutako kirol eta aisiako ekimenei buruzko berrikuntzak bateratzea eta trukatzea. Egoerak baimentzen duenean, mugaz gaindi euskarazko egonaldia antolatzeko aukera aztertuko da.

Ingurune digitaleko euskararen gainean, jarraitzea erabaki dute dauden baliabideak bateratuaz, edota euskara Interneten garatzea, bereziki Wikipedia Euskaraz proiektuaren bitartez. Horretarako, Wikilarien Elkartearekin garatutako planak eta proiektuak partekatuko dira, eta plataforma honetan euskarazko edukiak elkarrekin garatzeko proiektua bideragarria den ala ez aztertuko da.

Euskarari eta eremu sozio-ekonomikoari dagokionean, eremu horretan euskara sustatzeko dauden praktiken diagnostikoa egingo da, eta enpresei laguntzeko dispositibo komunak definituko dira, lurralde bakoitzeko errealitateak kontuan hartuta.

Euskararen aldeko hausnarketa eta horren sustapena

Euskararen aldeko hausnarketari eta horren sustapenari dagokionean, hiru aldeek Euskaraldia proiektuan parte hartzea ez ezik, 2019an Euskal Autonomia Erkidegoak abian jarritako familia transmisioarekin loturiko bideoen proiektuaren garapena aztertzea ere adostu dute.

Hausnarketarako guneei dagokienez, jada sortutako guneetan parte hartuko dute aldeek, eta Euskararen Aholkularitza Kontseiluko ordezkariek HAKOBAren batzordeetara joan ahal izango dute.

Ikerketak eta euskararen corpusa

Ikerketa soziolinguistikoen arloan, aldeek adostu dute hiru aldeek modu kolaboratiboan sortutako adierazleen sistema elkarrekin garatzen jarraitzea nahiz horiek egokitzen lan egitea, lurralde bakoitzaren errealitateak gehiago kontuan hartuta. Era berean, 2020an, VII. Inkesta Soziolinguistikoa prestatzeko lanak bideratuko dira, eta inkesta 2021ean egingo da. Euskaraldiari dagokionez, batera lan egingo dute metodologian eta gauzatzean nahiz azterketaren emaitzak hedatzeko lanetan ere.

Hizkuntza corpusari erreparatuta, hiru lurraldeetako adituak sartuko dira Euskararen Aholku Batzordeko Terminologiaren Batzorde Berezian, Eusko Jaurlaritzako terminologiako adituekin lankidetza egituratuko da, eta Euskalterm terminologiaren datu-basean sartuko dira Ipar Euskal Herriko terminoak.

Lankidetza Europako esparruan

Azkenik, Europako esparruko lankidetzari dagokionez, Europako finantzaketa-iturrien esparruan proiektuak aurkezten jarraitzea erabaki da eta POCTEFA etorkizuneko programa operatiboetan batera lanean jarraitzea, hizkuntza politika lehentasunezko inbertsio gisa integratzearren.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak