Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Zazpi erakunde eta enpresak 2011ko Euskal Merkataritza eta Turismoko Sariak jaso dituzte

2011.eko maiatzak 25

Merkataritzako sariak honako hauek jaso dituzte: Central de Compras Ederto (Eibar), Carnicerías Izarzugaza (Bermeo eta Mundaka), Cerámicas Jorge Fernández (Vitoria-Gasteiz), eta Eugenio Tamayo (Donostia)

Añanako Gatz Haranak Euskadiko Turismoko saria jaso du, eta aipamen bereziak Bilboko Portu Agintaritzak eta Tolosako Topic zentroak jaso dituzte. Ekitaldia EHUko Bizkaia Aretoan izan da eta merkataritzaren eta turismoaren sektoreetako 500 lagun inguru izan dira bertan; bi sektore horiek EAEko BPGaren ia % 17 osatzen dute. 2011ko Euskal Merkataritza eta Turismoko Sariak emateko ekitaldia gaur izan da Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Bizkaia Aretoan.

Ekitaldia horrek bigarren aldiz bildu ditu eszenatoki berean elkarren arteko lotura estua duten bi sektore. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jauna izan da ekitaldiaren buru; 500 gonbidatu baino gehiago izan ditu, elkarrekin euskal BPGaren ia % 17 osatzen duten bi sektore horietako ordezkarien artean. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izan da euskal turismoaren Internet bidezko telebistan: www.tveuskadi.net. eta Irekia web orrian.

Merkataritza-sektorean, saridunak honako hauek izan dira:

Central de Compras Ederto (Enpresa Lankidetzari saria)

Carnicerías Izarzugaza (Merkataritza Berrikuntzari saria)

Cerámicas Jorge Fernández (Ibilbide Profesionalari saria)

Eugenio Tamayo (Hiriko Merkataritza Inguruneen Dinamizazioari saria)

Central de Compras Ederto enpresak Gipuzkoako hainbat harakinen arteko lankidetzaren ondorioz 1999. urtean sortutako enpresa izateagatik jaso du saria. Hasiera batean, neurri handiagoan erosteagatik hornitzaileei erosketa-prezioan baldintza hobeak lortzeko asmoarekin sortu zen. Hala ere, 2000. urtean, lankidetza hori beste eremu batzuetara zabaltzea erabaki zen, kudeaketa profesionalizatzean eta horretarako azpiegitura komun bat sortzean, aipatutako Central de Compras Ederto enpresan oinarrituta. 45 saltoki daude guztira Edertorekin elkartutako harategi eta urdaitegien sektorean. Central de compras enpresaren bitartez jarraibide komun batzuk ezartzen dira elkartutako enpresen produktuak merkaturatzeko, hitzarmenak sinatzen dira hornitzaileekin, eta banaketa-sare komun bat baliatzen da, ustiaketa-gastuak arrazionalizatuz eta merkaturatutako produktuen kalitate eta prezioaren arteko harremana hobetuz.

Carnicerías Izarzugaza enpresak bere jardun berritzaileei esker lortu du saria. Hiru establezimendu ditu guztira Bermeon eta Mundakan, eta berrikuntza aplikatzen du negozio-eremu guztietan, produktuen kudeaketan nahiz merkaturatzean. Bezeroen erosketa-ohituren analisi baten ondoren, bere establezimenduetan goizeko ordutegia ezartzea erabaki du, enplegatuen familia-bizitzarentzat horrek dakartzan abantailekin, eta merkaturatzeko teknika berritzaileak sartu ditu, arratsaldeko eroslea alde batera ez uzteko. Horrela, 'vending' bidezko salmenta ezarri du, edozein produktu eguneko 24 orduetan erosteko aukera emanez, eta on line denda eta sakelako telefonoaren bidezko salmenta ere ezarri ditu. Era berean, berrikuntza aplikatu du kudeaketan, merkataritza-kudeaketako programa integratu bat ezarriz, eta merkaturatutako produktuetara ere zabaldu du, produktu propioen linea berriak landuz: glutenik gabeko produktuak zeliakoentzat, artisau-produktuen linea berriak, produktu tradizionalak alde batera utzi gabe.

Cerámicas Jorge Fernández enpresa 1893. urtean hasi zen lanean, eta terrazoen fabrikazioan jarduten du. 1982. urtean, enpresaren kudeatzaile eta bazkide nagusi Jesús Montejo del Val jaunak enpresa guztiz aldatzea erabaki zuen, eta zeramikaren eta eraikuntza-materialen banatzaile bihurtu zuen. Horrek negozioaren izugarrizko hazkundea ekarri zuen, eta gaur egun sei establezimendu ditu. Sarien epaimahaiak Jesús Montejo jaunaren etorkizuneko ikuspegia azpimarratu du, baita bere kudeaketa-gaitasuna ere enpresa lehen mailako erreferente bihurtzeko, eta negozioari eman dion sendotasunagatik. Izan ere, eraikuntzaren sektoreak krisiaren eragin handia pairatu du, baina gizon horren enpresak emaitza onak lortzen ditu, produktuaren kalitatea eta bezeroarekiko arreta bereziki azpimarratuta.

Donostiako Papelería Tamayo enpresak, negozioaren berezko jardueraz gain, dinamizazio-jarduerak egiten ditu duela hainbat urtez geroztik, hala nola: pintura-lehiaketak antolatzea, luma-idazketako lehiaketak, lankidetza Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin jaialdiko sari bat babestuz, kirol-jarduerak babestea... Jarduera horietan guztietan, Eugenio Tamayok biztanleria mobilizatzea eta bestelako saltoki, saltzaile-elkarte eta erakundeen laguntza eskuratzea lortu du.

Ekitaldi berean, euskal turismo-sektorearen urteko sariak eman dira. Sari garrantzitsuena, Turismoko Euskadi Saria, honako honek jaso du: *

Añanako Gatz Harana Fundazioak

Aipamen bereiziak, berriz, honako hauentzat izan dira:

Tolosako Topic zentroa

Bilboko Portu Agintaritza

Gatz Harana gatz-ustiategi tradizional bat da, Gesaltza Añanako udalerrian (Araba) kokatua, eta 2.000 urte baino gehiago darama gatza artisau moduan produzitzen. Gatzuna (ur gazia) modu naturalean irteten da haraneko iturburuetatik, eta kanalizazio-sistema baten bidez joaten da kristalizazio-larrainetara. Bertan, gatzaginak kalitate bikaineko gatza produzitzen du, gaur egun munduko gatz onenen artean dagoen gatza.


Gatz Haranaren historia, biodibertsitatea, geologia eta terrazek osatzen duten arkitektura bitxia dela-eta, gatzaren arloko munduko kultura-paisaia esanguratsuenetako bat da. Horri esker, Monumentu Historiko nazionala izendatu zuten 1984an, eta Kultura Intereseko Ondasuna 1990ean. Horretaz gain, nazioarteko garrantzia duten hezeguneen babeserako RAMSAR Hitzarmenean dago bilduta 2020. urteaz geroztik, eta gaur egun beharrezko izapideak hasi dira UNESCOrekin Gizateriaren Ondare bihurtzeko. 200 biztanle eskas dituela, Gesaltza Añanak hamar urte baino gehiago daramatza iraganeko distira berreskuratzeko ahaleginean. Añanako Gatz Harana Fundazioak, bere ugazabekin eta kolaboratzaileekin batera, helburu nagusi gisa dauka ingurunearen errekuperazio integrala, ondareari, kulturari, gastronomiari eta ingurumenari dagokienez, eta, batez ere, gatza produzitzeko zentro gisa.

Harana turismo-erreferente bihurtzea da asmoa. Horretarako, Gesaltza Añanako herriaren erakargarritasuna balia daiteke, ondare aberatsa baitauka: Erdi Aroko harresia, ate gotortuak, San Joan Jerusalemgoaren Ordena Militarraren penintsulako azken komentua, jauregi-eraikuntzak, aroztegiak, sutegiak eta labeak. Tolosako Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa da, 500 egunean 17.000 laguneko turismo-inpaktua lortu duena.

Txotxongiloen munduarekin lotutako sustapen-ekitaldi askotan egon da (Kuban, Sevillan, Seulen, Shangain...). Tolosako Ekimenen Zentroak 1983. urteaz geroztik nazioarteko txotxongilo-festibala (Titirijai) antolatzen zuen, gau egun 25.000 ikusle baino gehiagoren arreta erakartzeko gai dena, batez beste 160 antzezpen dituena, eta Tolosa nazioarteko erreferente bihurtu duena txotxongilo-antzerkiaren eremuan. Era berean, epaimahaiak onetsi egin du Topic zentroak informazioaren eta komunikazioaren azken teknologien alde egindako apustua.

Bilboko Portu Agintaritzak lortu egin du Bilboko Portua, 15 urtez gurutzaldien trafikoa hartu ondoren, gurutzaldien portu nagusietako bat bihurtzea. Bigarren urtez Euskadin, Bilbo ontziratzeko eta lurreratzeko portua izango da, herrialdearen garapen ekonomikoari lagunduz. 2011. urtean, Cunard eta MSC ontzi-konpainiek jakitera eman dute oinarrizko portu gisa Bilbon konfiantza jartzeko asmoa dutela. Iaz, 43.394 bidaiari porturatu ziren portuko kaietan, eta 2011n beste 60.000 espero dira, gurutzaldien kopurua 33tik 53ra igo baita azken urtean soilik.

Azpimarratu behar da bidaiari horietako askok hiru lurralde historikoak bisitatzen dituztela, turismo enologikoa, gastronomikoa, kulturala eta 'shopping' eginez. Gurutzaldien goranzko joera, azpiegitura onak, eta Bilboko Portu Agintaritzak egindako merkataritza-lan handia, Euskadiren turismo-erakargarritasunarekin batera, erabat lagungarriak izan dira turismo horren arrakastarako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda