Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Etxebizitza Sailak Etxebizitza Publikoaren Kudeaketa eta Diseinua Masterra bultzatu du Euskal Herriko Unibertsitatean

2020.eko ekainak 10

Gaur goizean aurkeztu dute Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Etxebizitza Publikoaren Kudeaketa eta Diseinua Masterra. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatuta, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren laguntza du. Master horren xedea da Babes Publikoko Etxebizitzen erronka berriei erantzungo dieten teknikari kualifikatuak prestatzea: behar sozialak, politikak eta araudia ezagutzetik irtenbide arkitektoniko berriak diseinatzera eta gauzatzera edo lehendik daudenetan esku hartzera. Aurkezpenean honako hauek hartu dute parte: Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak; Patxi Juaristi, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak; Juan José Arrizabalaga, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendariak; eta, Matxalen Acasuso, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren dekanoak.

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, master horren garrantzia azpimarratu du ekitaldian; “ izan ere, etxebizitza publikora berariaz bideratutako lehena da, hau da, behar handiena duten gizarte sektoreetara bideratutakoa". Arriolak adierazi du bizitzeko oinarrizko baldintza dela etxebizitza duina eta egokia izatea, edozein egoeratan. Halaber, gogorarazi du zenbait unetan are garrantzitsuagoa dela. “Oso modu dramatikoan antzeman genuen 2008ko atzeraldi handiarekin, eta berriro egiaztatu ahal izan dugu haren garrantzia Covid-19aren krisialdian. Esperientzia horiek eta etor daitezkeen beste batzuei aurrea hartzeak eraikitzen ari garen etxebizitza eredua berrikustera garamatzate”.

Juan José Arrizabalagak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendariak, azpimarratu du beharrezkoak dela etxebizitza publikoaren kudeaketan eta diseinuan adituak prestatzea, “aniztasun eta eskaera sozialaren agertoki berriei erantzun jasangarria emango diotenak”. Horrez gain, aipatu du egokia dela irakaskuntza programa hori ematea “bizitzen ari garen ezohiko egoerak eraman gaituen hausnarketarekin bat etorriz”. Era berean, azpimarratu du UPV/EHUko ikertzaileak, administrazioko teknikariak eta etxebizitza publikoaren kudeaketan eta diseinuan adituak diren profesionalak izango direla irakasleak.

Bestalde, Matxalen Acasusok, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko dekanoak, aipatu du “etxebizitzaren (gertaera arkitektoniko eta aktibo sozial gisa) hausnarketa integrala egiteko beharra agerian uzten duen mugarria dela”. Txalotu egiten du Eusko Jaurlaritzak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eman duten aurrerapausoa, azpimarratu egiten baitu beharrezkoa dela etxebizitzaren erronka errealaren aurrean ezagutza eta sentsibilizazioa izatea, hau da, pertsonen bizimodua hobetzea. “Euskadiko babes publikoko etxebizitzen erabiltzaileek merezi dute administrazio publikoak, akademiak eta profesionalek elkarren ondoan lan egitea, gure lurraldeko egoitza parkea hobetzeko. Lehendik dauden etxebizitzak eguneratu egin behar dira lehenbailehen eta garapen berriek aldendu egin behar dute hedatze estrategietatik. Asko dago ikasteko eta asko ikertzeko. Ezinbestekoa da etxebizitza publikoaren diseinua eta kudeaketa bikainak izatea ahalbidetuko duten inguruneak sortzea. Acasusok espero du master horrek lagundu egingo duela Euskadiko etxebizitzen kalitatearen babesa eta sustapena sendotzen, horixe baita etxebizitza batean benetan zer den garrantzitsua dakiten erabiltzaileek behar dutena.


Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Etxebizitza Publikoaren Kudeaketa eta Diseinua berezko Masterra Etxebizitza Publikoaren kudeaketaren eta diseinuaren arloan esperientzia duten edo titulua (Zuzenbidea, Ekonomia Zientziak, Zientzia Politikoak, Arkitektura Teknikoa, Ingeniaritza…) atera berri duten profesionalei dago zuzenduta. Graduondoko hori bi aditu ikastarok osatzen dute eta modu independentean egin daitezke: Etxebizitza Publikoaren Politika eta Kudeaketan Aditua ikastaroa eta Etxebizitza Publikoaren Diseinu Aurreratuan Aditua ikastaroa. Adituaren bi tituluak lortutakoan (400 irakaskuntza ordu), masterrarena eskura daiteke, Master Amaierako Lana egin ostean. Lan horri 200 ordu eskaini behar zaizkio. Era berean, praktikak egin ahal izango dira, enpresen eskaintzen arabera. Graduondoko horrek barne hartzen ditu saio telematikoak (% 25) eta aurrez aurreko saioak Bilbon (% 65), Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren egoitzan eta UPV/EHUren Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan (% 10).

Iruzkin bat
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2020.eko ekainak 11

    Diseñar el bueno, bonito y barato y eficiente no caro de mantener y con poco riesgo o ninguno si pudiera ser casos especiales, en caso de desgracia

Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Patxi Juaristi, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Juan José Arrizabalaga, Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendaria; Matxalen Acasuso, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko dekanoa