Berriak Segurtasuna

Euskadiko Babes Zibileko Plana, LABI, aktibo egongo da 3. faseak eta osasun-alarmaren egoerak irauten duten bitartean

2020-06-10

Segurtasuneko sailburua LABIren beste bilera baten buru izan da

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainak 10.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) beste bilera baten buru izan da gaur arratsaldean, plana indarrean egongo baita 3. faseak eta alarma-egoerak irauten duten bitartean. Gaur Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egin den bileran, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeaz gainera, izan dira Pedro Anitua Larrialdietako zuzendaria, Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendaria, Javier Landeta Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko zuzendaria, Juan José Aurrekoetxea Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaria , diputazioen izenean Irma Basterra, Ibone Bengoetxea eta Eider Mendoza, Eudelen izenean Miren Josune Irabien eta Guillermo Echenique Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordea.

Bileran osasun-egoeraren ebaluazioa egin du Juan José Aurrekoetxea Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariak, eta, horrez gainera, Osasun Sailak markatutako osasun-jarraibideak praktikan ezartzeari buruz dituzten kezkak partekatu eta alderatu ahal izan dituzte erakundeen ordezkariek.

Bilera amaitzean, Segurtasuneko sailburuak adierazi duenez, “gaurko bileran erabaki dugu aktibo izatea babes zibileko plana, zaintza- eta kontrol-fase honetan osasun-krisiaren eboluzio positiboa ebaluatzeko eta egiaztatzeko foro gisa. Prebentzio eta zaintza lana egiten jarraitu behar da, nahiz eta une hauetan ez daukagun osasun-egoerarengatik baliabideak aktibatzeko eta koordinatzeko premiazko eta berehalako beharrik”.

SOS Deiak 112 APPa eguneratzea

Beste alde batetik, Beltrán de Heredia sailburuak eta Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak bileran bertan eman diete jakitera LABIko kideei berriz ere eguneratu egin dela SOS Deiak 112 APPa, alderantzizko 112a deitzen dena. Komunikazio-kanal horrek ahalbidetzen du herritarrei alerta geolokalizatuak bidaltzea PUSH mesuaren bidez herritarren segurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeen larrialdietan, esate baterako, jendea bizi den lekuan gas-jarioa bat izaten bada, enpresa petrokimiko batean sutea izaten bada edo uholde-arriskua badago.

APParen eguneratzea oraindik ez dago operatibo jaitsi eta instalatzeko, eta Sailak hitzeman du Androiden eta iOSen dohainik eskuratzeko moduan dagoenean emango duela horren berri.

Alderantzizko 112 deitzen dena Europako zuzentarau batean oinarritzen da (Europako Parlamentuak 2017ko abuztuan onartu zuen), eta estatu kideei eskatzen die komunikazio-sistema nazional bat ezartzea hondamendiren bat izanez gero herritarrak ohartarazteko. Mugikorreko alerta-sistema publiko berria garrantzizko erreminta izango da aplikazioa mugikorrean instalatzen duten eta geolokalizazio-mekanismoa aktibatzen duten herritarrek informazio eta jarraibide zehatzak jaso ahal izan ditzaten euren segurtasunerako arrisku handiko larrialdi-egoeretan nola jokatu jakiteko.

Iruzkin bat
  • @112_SOSDeiak
    2020-06-10

    Comentario de Twitter:
    El Plan de Protección Civil de Euskadi, LABI, seguirá activo mientras dure la fase 3 y el estado de alarma sanitaria
    https://t.co/2SbG0ZA5kD

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)