Berriak Ogasuna eta Ekonomia

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko BPG-A 2020an %8,7 jaistea aurreikusten du, eta 2021erako aurreikusten duen hazkundea %6,7koa da

2020-06-09

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailak bere aurreikuspenak berrikusi ditu, alarma egoeraren behin betiko iraupena, horri lotutako murrizketak eta normaltasun berrira iristeko arintze efektiboaren prozesuaren mugak ezagutu ondoren. Une horretan, jarduera batzuek euren potentziala mugatzen duten neurriekin jarraitu beharko dute oraindik. Agertoki hori kontuan izanda, oso egoera ekonomiko zaila dugu aurrean: BPGa %8,7 jaitsiko da 2020an, eta %6,7 hazi 2021erako.

Aurreikuspen horrek eragin handia izango du enpleguan. Horrela, aurten %7,0ko beherakada aurreikusten da (lanaldi osoko 69.000 lanpostu inguru galduko dira). 2021eko hazkunde handiak 47.000 lanpostu inguru berreskuratzea lortuko du. Langabezia-tasari dagokionez, %13,7ra helduko da 2020an, eta oso zuzenketa esanguratsua lortuko du 2021ean, %12,2ra helduz, hain zuzen ere.

 

Euskadiko taula makroekonomikoa 2019-2021

 

2019

2020

2021

BPG

2,2

-8,7

6,7

Azken kontsumoa

1,9

-7,3

6,2

Etxeetako kontsumoa

1,9

-10,5

8,5

AAPP*** kontsumoa

2,1

5,1

-1,7

FBC

2,8

-9,6

7,1

Barne eskaria

2,1

-7,8

6,5

Kanpoko eskariaren ekarpena

0,0

-0,7

0,1

Lehen sektorea

0,6

-3,8

8,4

Industria

1,1

-7,8

6,4

Eraikuntza

3,1

-5,4

4,6

Zerbitzuak

2,5

-9,0

6,9

Balio Erantsi Gordina

2,2

-8,5

6,7

BPG nominala

3,2

-9,1

8,0

BPGaren deflaktorea

1,0

-0,4

1,3

Enplegua

1,6

-7,0

5,4

Langabezia tasa

9,6

13,7

12,2

Iturria: Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza.

 

Euskadiko epe laburreko egoera makroekonomikoak, Euskadiko BPGa martxotik jasaten ari den beherakada handia uzten du agerian, gaixotasuna gehiago zabaltzea eragozteko eman den jardueraren moteltzearen eta pertsonen konfinamenduaren testuinguruan. 2020an, azken urteetako eragile ekonomikoa, barne-eskaria, izango da koronabirusaren eragin handiena jasango duena, funtsezkoak ez diren jarduerak geldiarazi egingo direlako eta mugimenduari mugak jarriko zaizkiolako. Zehazki, kalkulatzen denez, barne-eskaria %7,8 jaitsiko da urte osoan. Hurrengo hiruhilekoetan jarduera berreskuratzen joango den arren, ez da espero 2021. urtea ondo aurreratuta egon arte aldakuntza-tasak positiboak izango direnik.

Bai kontsumoak bai inbertsioak jaitsiera handiak izango dituzte aurten. Kapital-eraketa gordinaren urteko batez bestekoa %9,6 murriztuko da. Koronabirusak sortutako ziurgabetasuna, ohiko jarduerari berrekiteko zailtasunak, hornidura-kateen haustura eta kanpoko eta barruko eskaeren ezeztapena dira enpresen itxaropenen galeran eragina duten arrazoi ugarietako batzuk, industria arloko giroari buruzko datuek erakusten duten bezala.

Azken kontsumoaren barruan, bilakaera kontrajarria ikusten da osagai publikoan eta pribatuan. Gelditzearen ondorioz kalteak jasan dituzten kolektiboen multzo zabalari eraginkortasunez erantzuteko beharrak eta egonkortzaile automatikoak martxan jartzeak ezinbestekoa bilakatuko dute aurten administrazio publikoen gastua nabarmen handitzea.

Gaur egungoa bezalako jarduera ekonomiko urriko egoerak eragin zuzena du prezioen bilakaeran. Prezioek beherako joera erakusten dute. Gainera, petrolioaren prezioak nazioarteko merkatuetan izan duen merkatzeak eragin zuzena du energiaren kostuan. Agertoki horrekin, BPGaren deflaktorea apur bat negatiboa izango da aurten, eta pandemiaren aurreko balioetan jarriko da berriro (%1,0 baino pixka bat gorago). Aurreikuspen hori betez gero, deflaziorako arriskua aldendu egingo litzateke.

Urruntzeko, konfinatzeko eta merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduak ixteko neurriek eragin zuzena izango dute familien kontsumoan, eta kontsumo horrek batez beste urteko %10,5 inguru egingo du behera. Eskariaren parte bat galdu egingo da, ezin delako atzeratu, baina beste parte bat 2021ean berreskuratuko da; beraz, urte horretan arlo horren igoera oso handia izango da (%8,5).

Ekoizpen-jarduera eten egin da, bai Euskadin, bai Estatuko gainerako lekuetan, eta baita gurekin merkataritza arloko harremanak dituzten herrialdeetan ere. Horrek esan nahi du esportazioak eta inportazioak nabarmen jaitsiko direla ekitaldi honetan. Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren kalkuluaren arabera, kanpoko saldoa negatiboa izango da aurten, eta puntu bat baino zerbait gutxiago kenduko dio BPGaren igoerari. 2021ean, azken urteetako egoera ia neutrora itzuliko da.

Sektoreen ikuspuntutik, aurten jarduera nagusi guztiek oso murrizketa esanguratsuak izango dituzte. Salbuespena lehen sektorea izango da, balio erantsia galduko duen arren, ehuneko apalean bada ere (-%3,8). Zalantzarik gabe, zerbitzuak izango dira pandemiak eta pandemia kontrolatzeko hartutako erabakiek gehien kaltetutakoak. Zehatzago esanda, aurreikusten denez, sektoreak balio erantsiaren %9,0 galduko du aurten, eta ia %7,0 berreskuratuko du hurrengo urtean. Industriak, bestalde, %7,8 murriztuko du balio erantsia 2020an, eta hurrengo urtean %6,4 berreskuratuko du. Azkenik, eraikuntzak jardueraren %5,4 galduko du eta datorren urtean horren parte handia berreskuratuko du.

 

Eragina kontu publikoetan

Zaila da egoera konplexu horren eragina kalkulatzea, eta horretarako erakundeen arteko lankidetzarik handiena beharko da. Horregatik, Eusko Jaurlaritza Foru Aldundiekin eta Eudelekin ari da lanean, ondorio horiek zehazteko eta modu koordinatuan kudeatzeko. Une honetan lantzen ari den hipotesia, diru-bilketak izango duen jaitsiera %18 ingurukoa izango dela da –apirilean aurreikusitakoa baino txikiagoa–.

Eusko Jaurlaritzak oso faktore positiboa egiaztatu du, azken hiru urteetan arrakastaz gauzatutako zerga arloko finkapen prozesuak ematen duen marjinaren ondoriozkoa. Apirilean zehar, Jaurlaritzak 2020rako onetsitako zor publiko guztia jaulki du, ia 900M/€, eta beste 900M/€-ko kreditu-lerroak gaitu ditu. Gainera, gerakinen 300M/€ baino gehiago erabili ditu. Horri esker, zerbitzu publikoak aurreikusita zeuden bezala ematea bermatzen duten likidezia-mailekin egin ahal izango zaio aurre egoerari.

Beste alde batetik, pandemiak osasun arloan eragindako gastua Euskadiko FEDER Programa Operatiboaren barruan sartzeko aukera dago, eta horrek egiturazko funtsetatik eratorritako 90 milioi euroko diru-sarrera efektiboa ekarriko du. Aurreko guztiak kontu publikoetan oreka lortuko dela bermatzen badu ere, diru-sarreren jaitsiera hori beste hainbat diru-sarrera lerroren bitartez arindu beharko da, Estatuak autonomia erkidegoei transferituko dien 16.000M €-ko aparteko funts ez-itzulgarriaren bitartez eta euskal zor publikoa nabarmen handituz, besteak beste. Bi gai horiek, uztailaren lehen egunetan egingo den Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoan adostu beharko dira.

Aurreko guztiarekin batera, doikuntza-bide bat geratuko litzateke, Europa mailako Next Generation EU planetik datozen funtsen bitartez. Plan horrek  kopuru garrantzitsuak erabiltzen ditu, eta autonomia erkidegoetara zelan iritsiko diren definitu beharko da. Europa mailako Next Generation EU Plana bat dator Eusko Jaurlaritzaren zuzendaritza estrategikoak pandemiaren aurretik ezarrita zituen hiru erronka nagusiekin: eraldaketa ekologikoa, eraldaketa digitala eta ongizate kolektiboan aurrera egitea, aukera-berdintasuna kaltetzen zuten gizarte-arrakalak (soldatari, generoari, belaunaldiari… dagozkionak) murriztuz.

 

2020/06/09

Iruzkin bat
  • 2020-06-10

    Revisar actividad cumplimiento noemativo instalaciones y servicios, edificios diversos mantenimiento economía recomendando mejoras mejores técnicas disponibles

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)