Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
Eu

Bingen Zupiria sailburuak Euskadiko Orkestraren 2020/2021 denboraldiaren aurkezpenean parte hartu du

2020.eko ekainak 05

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskadiko Orkestraren 2020/2021 denboraldiaren aurkezpenean parte hartu du gaur goizean. 2020/2021 Abonu-denboraldia irailaren 25ean hasiko da Gasteizen eta 2021eko ekainaren 17an amaituko da hiri berean.

Robert Treviño zuzendari titularrak dioen moduan, gauza garrantzitsu bat ikasi dugu pandemia-garai hauetan, “etxea ez dagoela leku jakin batean, pertsonengan baizik. Berriki bizitako trauma sakona izan da, eta gure arteko banaketa beste galera modu bat bezala pairatu dugu. Orkestra-kontzertu bat ez da ekitaldi bat bakarrik, kultura, pasioa, artea, entretenimendua eta zaletasuna bizitzeko aukera bat ere bada; horrek GUZTIAK gizateria irudikatzen baitu”. Horregatik, orain Euskadiko Orkestraz hitz egin nahi dizuegu, guztiok elkar aurkitzeko leku komun gisa. Gure programazioa ezagutzera eta gozatzen hastera gonbidatzen zaituztegu. Aurretik, hemendik aurrera nolakoak izango garen eta datozen hilabeteetan gure jarduera nola kudeatuko dugun azalduko dizuegu.

Marka berria, Euskadiko Orkestra: Elkartzen gaituen zirrara

Gogoeta honek barne hartu du, baita ere, digital-osteko aroan orkestrak publiko ezberdinen aurrean aurkezteko eta haiekin harremantzeko duen modua. Izen bakarrarekin egingo du: Euskadiko Orkestra. Orain arte erabili diren izendatzeko modu guztiak (EO, OSE, EOS, etab.) ordezkatuko ditu, izan ere, oso modu aldakorrean erabili baitira eta ez baitira erabilgarriak izan markaren aintzatespena indartzeko. Aldi berean, eta nazioarteko zabalkundea lortzeko, ingelesezko ‘Basque National Orchestra’ izendapena ere mantendu da, kanpo-esparruan erabiltzeko. Gainera, gure marka berria eta gure izaera aurkezteko egin dugun hausnarketa guztiak "sentitzea", "ulertzea", "bizitzea" bezalako terminoetara eraman gaitu, zirrara komun bat sortuz: musikazaleen familia handiarekin elkartzen gaituen zirrara.

Antolaketa-planteamendua

Lehen antolaketa-planteamendu bat egin dugu edukiera %50ean murrizteko premisari eta covid-19ren pandemiak ezarritako segurtasun-neurriak betetzeko premisari helduz. Gainera, hasieran diseinatutako programazioa aldatu eta antolaketa-planteamendua egokitu dugu. Lehen bi abonu-programak honela egingo dira: lehenengoan, Schubert, saio bikoitza eskainiko dugu arratsaldean (18:00 eta 20:15), saio bakoitzean gure publikoaren erdia izatea ahalbidetzeko. Bigarrenean, Wagner, hiri bakoitzaren arabera desberdinak izango dira hartutako neurriak, baina formula nagusia izango da kontzertu-egun bat gehiago ematea egitarauari. Bi kasuetan, gure abonatuei esleituko diegu beren kontzertuaz gozatu ahal izango duten eguna eta ordua. Abuztuaren amaieran, kontzertu-aretoetan aplikatu beharreko neurriak ziurtasun handiagoz ezagutzea espero dugu; beraz, ordura arte itxarongo dugu neurri horiek egokiak direla baieztatzeko. Gure publikoari ulermena, pazientzia eta inplikazioa eskatuko diogu, baina, batez ere, orain arte bezalako jarraitzaile sutsu izaten jarraitzeko eskatuko diogu. Horrela bakarrik kudeatu ahal izango dugu arrakastaz ziurgabetasun hori, eta 7000 abonatu dituen aparteko komunitate honen laguntzaz.

Kontzertuen ordutegia

Euskadiko Orkestraren abonatu guztiei kontzertuak hasteko ordutegiari eta beste gai interesgarri batzuei buruz Denboraldi honetan egindako inkesta baten emaitzak aztertu ondoren, Bilbo, Donostia eta Iruñeko kontzertuak 19:30era aurreratzea erabaki da (lehenengo bi programetan izan ezik, covid-19aren eragina izango baitute horiek). Hiru hiri horietan jasotako erantzunen %62 ordutegia aurreratzearen aldekoak ziren eta, beraz, neurri hori hartu da publikoaren asistentzia eta abonatuen antolaketa hobetzeko. Hala ere, Gasteizen betiko 20:00etako ordutegiari eustea erabaki da, abonatuen %39k bakarrik eskatu baitzuen ordutegia aurreratzea.

ABONU DENBORALDIAREN PROGRAMAZIOA

Euskadiko Orkestraren 2020/2021 Abonu Denboraldia irailaren 25ean hasiko da Gasteizen eta 2021eko ekainaren 17an amaituko hiri berean.

Denboraldiaren ideia Nagusia: Erromantizismoa

Denboraldi honetan, aspalditik orkestrak egin ez zuen begirada bat dago: protagonismoa erromantizismoan zentratzea. Hau Schuberten sinfonia guztiak barne hartzen dituen programan nabarmenduko da gehien, Denboraldia jaialdi bat balitz bezala irekiko dutenak. Schumann ere garrantzizko figura izango da. Denboraldi honetan Erromantizismoaren aro horren zati bat erakutsiko dugu, baina, era berean, Wagnerrek ideia eta mugimendu kultural hori nola hautsi zuen ere ikusiko dugu.

Denboraldiko proiektu berezia: Schubert maratoia

Aurreko Denboraldiaren inaugurazioan, ‘Zain’ izeneko proiektu berezi batek piztu zuen arreta; ez zen aldez aurretik jakitera orkestrak zer interpretatuko zuen programa horretan, eta hori izan zuen berezitasun. Denboraldi berri hau ere formato berezi batekin hasi nahi dugu: Schuberten sinfonien maratoia, orkestraren egoitza diren lau hirien artean banatuko den maratoia. Zergatik ekingo diogu Denboraldiari horrelako proiektu batekin? Hainbeste ziurgabetasunen aurrean, jaialdiaren kontzeptuaren aldeko apustua egin nahi genuelako. Izan ere, jaialdiek hain berezkoa duten jai-espiritua, bizi-espiritua eta espiritu kementsua oso beharrezkoa baitugu garai hauetan. Astebetean sinfonia batzuk prestatu eta interpretatzea lan gogorra da, eta erronka berria izango da orkestrarentzat.

Ibilbide luzeko ildoak

Ibilbide luzeko zenbait ildorekin ere jarraituko dugu Denboraldi honetan, horietako asko Robert Treviñoren titulartasunarekin argi eta garbi lotuta:

  • Treviño aintzatespen nabarmena eskuratzen ari da nazioartean Mahlerren kontura, eta Denboraldi honetan ere oso presente egongo da konpositore bohemiarra. Orkestrak haren 5. eta 7. sinfoniak interpretatuko ditu Denboraldi honetan, baita ahots-lan bat ere: Lieder eines fahrenden Gesellen.
  • Joan den denboralditik, Bartok orkestraren errepertorioan presentzia nabarmena izaten ari da. Orain Gazteak programan izango du, Birgit Kolar orkestraren kontzertino iraunkor gonbidatuaren eskutik etorriko den Biolinerako 1. kontzertua
  • Antzeko zerbait gertatuko da Rakhmaninov Aurreko denboraldietan 2. eta 3. sinfoniak entzun ondoren, bere hiru sinfonien zikloa osatzen duen 1. sinfonia sartu dugu aurtengo programazioan.
  • Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektua ibilbide luzeko beste ekimen bat da, bere ibilbidea jarraituko duena. Mikel Chamizok ireki zuen bidaia musikala, eta oraingoan Mikel Urquizak hartuko du lekukoa, maiatzean estreinatu ezin izan zen Nire itsas munstroak
  • Musika-obren trukea. Denboraldi honetako beste gertaera garrantzitsu bat Gary Carpenter britainiarraren Ghost Songs obra Espainian estreinatzea izango da. Royal Scottish National Orchestra, Royal Liverpool Philharmonic Orchestra, City of Birmingham Symphony Orchestra eta Euskadiko Orkestra dira obraren enkargua egin duten lau orkestrak. Enkargu hori gure orkestrak Liverpooleko taldearekin duen harreman estuaren ondorio da. Bidaia horrek alderantzizko ibilbidea ere izango du, eta Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuko lanak eta beste euskal konpositore batzuk beren orkestretan interpretatzea eta publiko britainiarrak ezagutzea adostu da.
  • Errepertorio berriaren aurkezpena: Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektukoak bezalako obra berriak eta Carpenterren enkarguzko obra izango ditugu, batetik, eta, bestetik, lehendik existitzen ziren baina orkestrak lehen aldiz bere errepertorioan txertatuko dituen obrak ere bai.

Zuzendariak, solistak eta abesbatzak

Orkestrak berriz ere artista sorta ederra izango du bere programazioan, baina aipatzekoa da hiru programari bakarka helduko diela, gonbidatutako bakarlaririk gabe. Zalantzarik gabe, interpretazioan protagonismo handia emango diote hiru programa horiek orkestrari. Gainontzean, hona hemen Denboraldiko gonbidatuak:

SOLISTAK: Atal honetan lehenago gure artean izan ditugun artista handiak izango ditugu berriz gurean: Pablo Ferrández biolontxelojolea, Vadim Gluman biolinjolea eta Nikolai Lugansky pianojolea. Lehendabizikoz egingo diegu harrera Behzod Abduraimov pianojoleari eta Manuel Walser baritonoari. Birgit Kolar, Euskadiko Orkestraren kontzertino iraunkor gonbidatua, estreinakoz ariko da solista paperean orkestra honetan.

ZUZENDARIAK: Robert Treviñok presentzia nabarmena izaten jarraituko du, bost programarekin, eta gainontzeko programetan Hans Graf eta Michel Tabachnik beteranoak eta Ruth Reinhardt, Gemma New eta Anja Bihlmaier gazteak izango ditugu.

ABESBATZAK: Easo Abesbatzako gazteek Carpenterren Ghost Songs enkarguzko obra interpretatuko dute eta Iruñeko Orfeoiak Lorenzo Ondarraren Salve Regina eta Berliozen Tristia jorratuko ditu.

ORKESTRAREN BESTE JARDUERA BATZUK

Nazioarteko bira berria

Azken hiru urteetan Austriara (Linz eta Bregenz), Alemaniara (Munich), Frantziara (Paris) eta Turkiara (Istanbul) joan da Euskadiko Orkestra. Orain, Italiara eramango duen nazioarteko bira berri bat diseinatu du, non Udine, Bergamo eta Brescia hiri italiarretan lehen aldiz aurkeztuko den, baita Kroaziako hiriburu Zagreben ere. Bira hau baieztatuta dago eta 2021eko apirilean egitea espero da, Robert Treviño zuzendari titularrarekin berriz ere.

Grabazioak

KALAKAN. Lehenik eta behin, joan den Denboraldiko programa batean Gabriel Erkorekaren Zuhaitz interpretatu zuen Iparraldeko hirukote honek orkestrarekin. Orduan, elkarrekin proiektu bat abiatzeko nahia sortu zen, eta orain Xalbador bertsolariaren irudia ardatz duen grabazio bat dator, eta haren bilobek, Aire Ahizpak izenekoak, eta Amets Arzallusek ere parte hartuko dute. Unai Urretxok zuzenduko du grabazioa. 21/22 Denboraldian kontzertu batzuk egitea espero da. Orkestrak Izaro, Zea Mays, Dr. Deseo, Ken Zazpi edo Benito Lertxundi bezalako artista eta taldeekin egindako crossover sortako ekintza berri bat izango da Kalakanekin egingo den hau.

Beste erakunde batzuekin lankidetzak

Orkestrak ABAO Bilbao Operaren denboraldiarekin, Bilboko Musika-Música jaialdiarekin eta BBVA Fundazioaren Jakintzaren Mugak Sariekin duen konpromisoari eutsiko dio. Ezin izango du Donostia Zinemaldian parte hartu filmen soinu-banden ohiko kontzertuarekin Belodromoan, baina Donostiako Musika Hamabostaldian eta Musikasten egingo du agerpena.

Miramongo Matinéeen zikloak eta orkestraren Musika Gela aurten ere egingo dira, baina aurrerago aurkeztuko dira.

DENBORALDI BERRIAREN IRUDIA

ACC Komunikazio Agentzia izan da 20/21 Denboraldi honetako irudiaren sortzailea. Denboraldiaren irudi nagusia collagen collage bat izatea proposatu dute, gainerako programetatik aukeratutako elementuz osatutako irudi bat, bere osotasunean konposizio adierazgarri bat sortzeko asmoz. 10 irudien multzoa filosofiaren ikerketa-lan garrantzitsu baten ondoren lortu da, balio sinboliko eta estetikoa duten irudiak eta konposizioak dira, atzean mezu eta esanahiez beteak. Osotasun bat osatzen duen dimentsio bisual batekin beti, eta Erromantizismoa programazioaren argumentu nagusitzat hartuta.

ESKERRAK

Azkenik, orkestrak bere jardueren garapenean parte hartzen duten erakunde guztien lankidetza eta laguntza eskertu nahi du: 7.000 abonatuak eta publikoa oro har, erakunde babesleak eta laguntzaileak, kultur eragileak, komunikabideak, etab., Euskadiko Orkestraren jarduera ahalbidetzen dutenak guztiak.

Euskadiko Orkestra ez da musika bakarrik, bizitzaren ospakizuna ere bada, gure komunitatearen ospakizuna. Horregatik ematen dizugu ongietorria zure orkestrara, zure etxera. Espero dugu Denboraldi berria zuen gustukoa izatea, orain inoiz baino gehiago gure jarraitzaile baldintzagabeena izatea, eta gure kontzertu guztietan gurekin jarraitzea.

Euskadiko Orkestra: elkartzen gaituen zirrara

Abonu eta sarreren salmentari buruzko informazioa: Gaur egungo egoera dela-eta, oraindik ezin dugu bermatu abonatu berrien izen-ematea, ezta denboraldi osoko kontzertuetarako sarrera solteen salmenta ere. Unean-unean informatuko dugu. Edonola ere, eskaerak orkestraren webgunean (euskadikoorkestra.eus) eta telefonoz (943 01 32 32) jaso ahal izango dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)