Eu

Datorren asteartean, ekainaren 9an, Europako enpleguko eta gizarte-politiketako ministroek egingo duten bideokonferentziak EPSCO Kontseilua ordezkatuko du

2020.eko ekainak 05
  • Gizarte- eta enplegu-arloetan estatuko ekimenak sendotzeko eta lan-merkatuen erresilientzia hobetzeko moduen gainean eztabaidatuko dute
  • Autonomia-erkidegoak seihileko honetan Euskadik ordezkatzen ditu, eta haiek erronka demografikoen, kontziliazioaren eta iraupen luzeko zaintzen inguruko proposamenak adostu dituzte

  Brusela, 2020 06 05

Europako enpleguko eta gizarte-gaietako ministroak asteartean batuko dira, ekainaren 9an, bideokonferentziaz, hirugarren aldiz COVID-19aren agerraldia hasi zenetik. Bilera EBren suspertzean zentratuko da. 2020ko maiatzaren 5ean aplikatutako larrialdiko neurri ekonomikoei eta COVID-19aren pandemiarekin zerikusia duten erronka demografikoei buruzko iritziak elkarrekin trukatu ondoren, ministroek gizarte- eta enplegu-arloetan estatuko ekimenak sendotzeko eta lan-merkatuen erresilientzia hobetzeko moduen gainean eztabaidatuko dute.

Markos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak gobernu autonomikoei EBko Kontseiluko Enpleguko eta Gizarte Politiketako ministroen “bilera informal” (bideokonferentziaz) horren aurretiko datuak bidali dizkie; bilera hori egiten denean, Euskadi, ordurako, ez da seihileko ordezkaria izango, eta 2020-06-11rako Luxenburgon aurreikusten zen eta bertan behera geratu den EPSCO Kontseiluaren hitzordurako aurreikusten da.

Martxoko eta maiatzeko topaketetan gertatu den bezala, autonomia-erkidegoen ordezkaritza fisikoa, seihileko honetan Euskadik duena, ez da posible izan; beraz, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak ezingo ditu eman erkidegoek topaketa honetarako prestatu eta adostu dituzten honako bi jarrera erkide hauen laburpenaren xehetasunak: “Erronka demografikoak” eta “Iraupen luzeko zaintzak - Familia- eta lan-bizitza uztartzea”.

Jarrera erkide horien edukia eta proposamenak direla eta, REPERek (ordezkaritza iraunkorra) honako hau esan du: “kontuan izan dira idatzizko negoziazioan”, eta espero dute bideokonferentziara konektatzen den bigarren presidenteordeak edo ministroak ere kontuan izatea hitz egiten duenean.  Uztailaren 1etik, Aragoi´k jarraituko dio Euskadi´ri Bruselan enpleguaren eta gizarte-politiken arloko ordezkaritza autonomikoan. Urte-hasieratik, Euskadik autonomiei EPSCO Kontseiluen prestakuntza lantaldearen jardueren berri ematen die.

Europako ministroek COVID-19aren krisialdian probatutako lan malguaren formulen erabilerari buruzko ideiak partekatuko dituzte, besteak beste, urrutiko lanari, ordutegi malguei eta IKT berritzaileei buruzkoak. Era berean, epe luzera ekonomiarako eta gizarterako formula horiek dakartzaten abantailei buruz eztabaidatuko dute. Jarraian, ministroek lanbide-hobekuntzaren edo -birziklapenaren arloan dituzten planei buruzko informazioa partekatuko dute, COVID-19aren ondorioz lan-testuingurua aldakorra dela kontuan hartuta eta bidean diren trantsizio digitala eta ekologikoa aintzat hartuta.

Ministroek, halaber, beren esperientziak trukatuko dituzte elkarrekin genero-berdintasunaren babesaren eta sustapenaren inguruan, bereziki COVID-19aren krisiaren eraginpean dauden talde kalteberei dagokienez. Presidentetzak ministroei bidean den Europako Seihilekoaren prozesuari buruzko informazioa emango die, bai eta  COVID-19aren testuinguruan herrialde bakoitzeko gomendio berezien inguruan berrikusitako egutegiari buruzkoa ere. Alemaniako Presidentetza Kroaziakoaren ondorengoa izango da, eta enpleguaren eta gizarte-politikaren arloetarako datozen sei hilotarako prestatu dituen lehentasunak eta lan-programa aurkeztuko ditu.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak