Eu

Euskadiko hogei gizarte-erakundetako ehun profesionalek konfinamenduan hiru euskal hiriburuetako babeslekuak erabili dituzten mila etxegabeei ematen diete arreta

2020.eko ekainak 05
  • Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Lehen Urratsa programa jarri du abian, konfinamenduaren aurretik kalean bizi ziren pertsonei ostatu-aukerak eskaintzeko, laguntzarekin eta gizarte-integraziorako ibilbideekin
  • Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez, osasun-krisiak “aukera bat eman digu etxegabeen inklusioan lagundu ahal izateko”

Bilbo, 2020ko ekainaren 5a

Euskadiko hogei gizarte-erakundetako ehun profesionalek konfinamenduan hiru euskal hiriburuetan ostatu hartzeko gaitu diren babeslekuak erabili dituzten mila etxegabeei ematen diete arreta. Babesleku horiek konfinamenduaren ondorioz kiroldegi, pilotakeku eta beste instalazio batzuetan ezarri diren baliabideak dira. Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako ‘Lehen Urratsa’ programari esker egingo den segimendu-lan garrantzitsua; bi milioi euroko zuzkidura du.

Gaur goizean, ‘Lehen Urratsa’ programan lankidetzan jardungo duen ordezkaritza batek Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari azaldu dio nola garatuko duten laguntza-lan hori; lan horren helburua da Bilboko, Vitoria-Gasteizko eta Donostiako babeslekuak erabili dituzten etxegabeei ostatu-aukerak eskaintzea, laguntzarekin eta gizarte-integraziorako ibilbideekin.

Topaketan David Tellería Peñascal Kooperatibako gerentea eta Bizitegi, Agintzari, Erain sozietate kooperatiba, Cáritas eta Ellacuria fundazioko ordezkariak izan dira. Elkarte horien lanaz gainera, ‘Lehen Urratsa’ programaren bidez Gurutze Gorriak (Araba), Zabalduz Kooperatiba Elkarteak eta Arrats elkarteak lan egingo dute.

Horiez gainera, Etorkintza eta Gizakia fundazioetako ordezkariak ere egon dira, ‘Erdu’ programako Agipad-ekin eta Jaiki fundazioarekin batera. Erdu ekimena adikzio-arazoak dituzten pertsonentzako arretan zentratzen da; haietako batzuk babeslekuetako erabiltzaileak ere badira.

Eta, azkenik, Bizkaisidako ordezkariak ere egon dira; Bizkaisida konfinamenduaren hasieran babesleku horietan etxegabeei arreta emateko abian jarri zen ‘Aterpeak’ programa kudeatu duen lau elkarteetako bat da. Bizkaisidaz gainera, ‘Aterpeak’ programan Cáritasek eta Gurutze Gorriak parte hartu dute.

Lehen Urratsa

Hiru euskal hiriburuetan ezarritako babeslekuetan, ordurako kalean bizi zirenak hartu dira, bai eta, konfinamenduaren ondorioz, zeukaten bizilekua galdu dutenak ere (alokairuko etxebizitza, logela, pentsioa, hotela eta abar). ‘Lehen Urratsa’ programaren bidez, orain, pertsona horiei gizarte-integrazioko ibilbideei berriz ekiteko edo haiek hasteko aukera emango dieten alternatibak eskaini nahi dira, baliabideak behin betiko ixten direnean berriz kalean bizi behar ez izateko. Halaber, helburuetako bat da ‘etxegabetasuna’ ez kronifikatzea.

Erabiltzaileen profilak askotarikoak dira: bazterketa-egoera larrian dauden eta kalean bizitzen ibilbide luzea duten gizon etxegabeak; bazterketa-egoera larrian dauden emakumeak; kasu batzuetan martxoaren aurretik ikasketak egiten ari ziren eta beren integrazio-ibilbidea eten behar izan duten bidaiderik gabeko gazte migratzaileak (haietako batzuk bere sasoian babes-sareko egresatuak); adikzioak dituzten eta/edo osasun mentaleko arazo erantsiak dituzten gazte etxegabeak (hogeita hamar urtetik gorakoak).

Jasotako profil bakoitzerako, aukerak aurreikusten dira: pentsio edo babeslekuetan ostatu hartzea, etxegabeentzako arretan espezializatuta dagoen ekipo baten gizarte-konpainiarekin; emakume etxegabeentzako laguntzadun etxebizitzak; lehen harrerako zentroak eta laguntzadun ostatu-aukerak bidaiderik gabeko gazte migratzaileak gizarteratzeko, eta ostatuko eta eguneko arretako aukerak adikzioak eta, kasu batzuetan, gaixotasun mentala dituzten gazteentzat.

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eskerrak eman dizkie gizarte-erakundeei, Lehen Urratsa programan parte hartzeagatik, eta esan die, Covid-19ak gizarte-egoera zaila eragin badu ere, aukera bat ere ireki digula “etxegabeen inklusioan lagundu ahal izateko”.

‘Lehen Urratsa’ programa Inor atzean utzi gabe funtsaren bidez sustatutako hamar ekimenetako bat da; hamar milioi euroko zuzkidura du, Covid-19aren ondorioz sortutako edo larrigotutako arrisku-, bazterketa- eta/edo pobrezia-egoerei aurre egiteko. Hari esker, zenbait programa ere sustatu dira, besteak beste Betirako programa, dolu-egoeretan laguntza psikologikoa emateko, edo Aukeras Suspertzen, umeei hezkuntzako laguntza komunitarioa emateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak