Eu

Ohar argigarria

2020.eko ekainak 03

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailera haur eta gazteen hezkuntzako astialdirako jarduerekin berriz hasteari buruz iristen ari diren kontsultak direla-eta, honako puntu hauek argitu nahi ditugu:

1.- Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak ez du amaitu jarduera horiei berriz ekitea arautuko duen zirriborroa –pasa den astelehenean bidali genien astialdiko erakundeei–. Beraz, aldaketak izan ditzake, behin betiko onetsi arte.

Zirriborro hori oraindik Eudelek eta astialdiko erakundeen sareek ekarpenak egiteko fasean dago; haiekin bilera birtuala egingo da, bihar, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak deituta. Hiru aldundiei kontsulta egin zaie aurretiko fase batean, eta oniritzia eman diote egungo lan-dokumentuari. “Beti egon izan gara edozein proposamen-mota entzuteko prest, eta ekarpenak ahalik eta bizkorren aurkezteko eskatu diegu, deialdien oinarriak atera ahal izateko eta, hala, udalek eta erakunde antolatzaileek ziurtasun eta osasun-berme guztiekin egin ahal izateko”, esan du Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak.

2.- Ekainaren 1eko zirriborro horrek dioenaren inguruan, gau-igarotzerik gabeko jarduerak eta mantenua eta gaua igarotzea dakartzaten jarduerak aurreikusten dira. Aukera horiek zabalik zeuden maiatzaren 30ean onetsitako Espainiako Gobernuaren dekretuan. Egungo zirriborroak Osasun Sailaren oniritzia du, eta Osasun Ministerioak emandako segurtasun-gomendioak jaso ditu.

3.- 3. fasean, aire zabaleko jardueretarako, zirriborro honek gehienez 200 parte-hartzaileren muga aurreikusten du, monitoreak barne. Etengabeko aireztatzea duten espazio itxi zabaletako jardueretarako muga 80 parte-hartzaile izatea aurreikusten da.

4.- ‘Normaltasun Berri’ izenez ezagutzen den faserako, zirriborroak jaso du aire zabaleko jardueretan gehienez 300 parte-hartzaile egon ahalko direla. Eta etengabeko aireztatzea duten espazio itxi zabaletako jardueretarako muga, 3. fasean bezala, 80 parte-hartzaile izatea aurreikusten da.

Gai horrek aita eta ama askorengan eta gizartean oro har eragiten duen kezka aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzak argi utzi nahi du dokumentua prestatzen ari dela eta, beraz, ezer ez dagoela itxita.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau