Berriak Segurtasuna
Eu

Uztailaren 12ko hauteskundeetarako hautagai-zerrendak aurkezteko epea ekainaren 3tik ekainaren 8ra arte egongo da zabalik

2020.eko ekainak 03

Hauteskunde-prozesuarekin zerikusia duen informazioa eskuratzeko interesa dutenek www.elecciones.eus webgunera jo dezakete

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainak 3.

Uztailaren 12ko EAEko hauteskundeetan parte hartuko duten alderdi politikoek gaurtik, ekainaren 3tik, datorren astelehenera, ekainaren 8ra, bitartean aurkeztu ahal izango dituzte euren hautagai-zerrendak. Euskadiko hauteskundeetan parte hartu nahi duten alderdi politikoek, federazioek, koalizioek eta hautesle-elkarteek epe horretan dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute hiru lurralde historikoetako Hauteskunde Batzordeetan. Hautagaien zerrendak ekainaren 10ean emango dira argitara Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Horietan egon litezkeen irregulartasunak zuzendu ondoren, ekainaren 15ean aldarrikatuko dituzte hautagai-zerrendak, eta, hurrengo egunean, ekainaren 16ean argitaratuko dira EHAAn hautagai-zerrenda ofizialak.

 

Gaur, ekainak 3, ireki da alderdi politikoek, federazioek, koalizioek eta hautesle-elkarteek lurralde historikoetako Hauteskunde Batzordeetan hautagai-zerrendak aurkezteko epea. Zerrendak aurkezteko epe hori ekainaren 8ko, asteleheneko, 24:00etan amaituko da.

 

Hautagai-zerrendetako lurralde ordezkariek edo, hautesle-elkarteen kasuan, horien sustatzaileek aurkeztuko dituzte zerrendak. Inskripzioa osatzean, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 50. artikuluak ezartzen dituen datu guztiak jasoarazi beharko dira. Hauek dira, besteak beste:

  • Hautagai-zerrendaren izena, siglak eta identifikazio-ikurra. Horiek ezingo dira aldatu hauteskunde-prozesua garatzen den bitartean.
  • Hautagaien eta ordezkoen izena eta abizenak, helbide zehatza eta zerrendan izango duten ordena.
  • Hautagai-zerrendaren lurralde-ordezkariaren izena eta abizenak, Lurralde Historikoko hiriburuan helbidea duena.
  • Hautagai-zerrendaren parte izatea onartzen dutela egiaztatzeko dokumentua, hautagai eta ordezko bakoitzak sinatua, eta Euskal Autonomia Erkidego osoan zerrenda bakarrean parte hartzen duela eta gainerako hautagarritasun-eskakizunak betetzen dituela aitortzeko adierazpen formala. Adierazpenari nortasun-agiriaren kopia erantsiko zaio.
  • Hautagaia indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-erroldan inskribatuta dagoen egiaztagiria.

Hautagai-zerrenda bakoitzean 25 pertsona

Hautagai-zerrenda hogeita bost hauteslek osatuko dute Lurralde Historiko bakoitzeko eta, gainera, hautagai-zerrendak hiru eta bost ordezko artean izan beharko ditu. Horri dagokionez, aditzera eman behar da hautagai-zerrendetako kideen % 50, gutxienez, emakumezkoak izango direla eta baldintza hori betetzen duten hautagai-zerrendak soilik aldarrikatuko direla, 2005eko martxoko Berdintasunari buruzko legeari jarraituta. Zehazki proportzio horri eutsiko zaio hautagaien eta ordezkoen zerrendaren osotasunean eta sei gizonezkoko tarte bakoitzean.

Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeek ekainaren 10ean EHAAn argitara eman diren hautagai-zerrendetan hauteman dituzten irregulartasunak jakinaraziko dizkiete hautagai-zerrendetako ordezkariei. Hori egiteko egunak ekainaren 11 eta 12 izango dira. Irregulartasun horiek ekainaren 12tik 14ra zuzendu ahal izango dira, eta hurrengo egunean emango dira argitara EHAAn hautagai-zerrenda ofizialak eta behin betikoak.Hautagai-zerrendak aurkezteko inprimakiak www.hauteskundeak.eus webgunetik jaitsi ahal izango dira. Inprimaki horiek elektronikoak dira, norberak betetzeko modukoak eta bide telematikotik editagarriak, eta, hartara, tramitazioa arinduko da. 

 

www.hauteskundeak.eus

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak joan den maiatzaren 18tik –hau da, deialdiaren dekretua EHAAn argitara eman zen egunetik– abian du www.hauteskundeak.eus webgunea.

Webgune horretan jasotzen da uztailaren 12ko hauteskunde-prozesuari buruzko informazio guztia.Atariak informazio-bolumen handia eskainiko du prozesuaren kronologiari, lege-esparruari, boto presentzialaren eta posta bidezko botoaren prozedurei, hautesleentzako eta hauteskunde-mahaiak osatzera deitutakoentzako gidei, galde-erantzunei, inprimaki elektronikoei, eta abarri buruz. Urratsez urratzeko gidek modu atseginean eta grafikoan argituko dituzte bozkatzeko unean sor daitezkeen prozedurazko zalantzak.

Webguneak, era berean, @hauteskundeak Twitter kontuan inskribatzeko aukera eskaintzen du. Izatez, bide horretatik ia denbora errealean jasoko dira hauteskunde-prozesuarekin lotzen diren albisteak. Kontsulta pertsonalizatuak egiteko aukera eskaintzen duen 012 telefonoaren berri ere ematen da bertan. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak