Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak

Microsoft AI for Earth-ek Euskadin bi proiektu sustatuko ditu, jasangarritasun-erronkei aurre egiteko

2020.eko ekainak 02
  • Eusko Jaurlaritzak goraipatu egiten du Euskadik aurrez aurre dituen jasangarritasun-erronka nagusiei irtenbideak emateko gai diren ideiak sortu dituzten profesional eta adituen lana; orain, Microsoftek aukeratuko ditu.
  • AI for Eart tailerra antolatu zuen Microsoftek, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, eta, orain, Microsoftek Azure-n adimen artifiziala erabiltzeko prestakuntza eta 15.000 dolar emango dizkie MarIA-ri, aireko turbina flotatzaileak optimizatzeko, eta AlonFOREST-i, Euskadiko pinudien gaixotasunak hobeto ezagutzeko
  • Hautatutako proiektuak, halaber, AI for Earth -en munduko konferentzian izango dira, eta aholkularitza teknikoa eta konpainiaren adituen euskarria izango dute.
  • Microsoften AI for Earth ekimenak 50 milioi dolarreko inbertsioa du, 5 urtez, adimen artifiziala ingurumena eta ekosistemak hobetzeko eta planeta salbatzeko lan egiten duten adituen esku jartzeko.

Microsoftek eta Eusko Jaurlaritzak AI for Earth ekimenean parte hartu dute, Euskadin jasangarritasun-erronkei irtenbidea ematen lagunduko duten eta adimen artifizialean oinarritzen diren proiektu berritzaileak sortzeko. Programa horretan 50 milioi dolarreko inbertsioa egin du Microsoftek, 5 urterako, eta mundu osoan ingurumena eta ekosistemak hobetzeko eta planeta salbatzeko irtenbideak sustatzen ditu.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak esan duenez, “Microsofti esker, bi egunez Euskadiko erronka nagusien gaineko sei gairen inguruan ideiak eta irtenbideak sortzeko lan egin duten administrazioko, unibertsitateetako, teknologia-zentroetako, enpresetako eta startup-etako profesional eta adituak batu ditugu. Honako hauek dira gaiok: energia berriztagarriak, mugikortasuna, nekazaritza, ura, biodibertsitatea eta zibersegurtasuna jasangarritasunerako”.

Topaketako bi jardunaldietan garatutako diziplina anitzeko lana amaitzeko, bi proiektu hautatu dira: MarIA, haize-turbina flotatzaileen portaera aztertzeko plataforma, haiek ekoizten duten energia garbiaren eraikuntza eta ekoizpena optimizatzeko, eta AlonFOREST, Euskadiko pinudien gaixotasunak hobeto ezagutzeko erabakiak hartzen laguntzen duen plataforma.

Bi ekimenek finantzaketa-beka bat jasoko dute; bekaren bidez, prestakuntza, aholkularitza teknikoa, Microsofteko adituen euskarria eta 15.000 dolar jasoko dira, Microsoft Azure cloud plataforma erabiltzeko; hartan, adimen artifiziala ingurumenaren zerbitzura jartzen da, planetaren egungo erronkei aurre egiteko. Gainera, bi proiektuak AI for Earth-en munduko konferentziara joan ahalko dira; bertan, ekimenaren nobedadeak eta munduko beste toki batzuetan planeta babesteko lan egiten duten beste profesional eta proiektu batzuk ezagutu ahalko dituzte.

Energia garbiaren ekoizpena optimizatzea

Saria jaso du, halaber, MarIA proiektuak, haize-turbina flotatzaileen portaera aztertzeko plataformak, diseinua optimizatzea helburu duena, energia garbiaren ekoizpena maximizatzeko; hori funtsezkoa da klima-aldaketari aurre egiteko. Honako hauek dira proiektuaren buru: Jesús María Blanco Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Saileko irakaslea, Gregorio Iglesias Irlandako University College Cork-eko Itsas Energia Eolikoko irakaslea eta Lander Galera Euskal Herriko Unibertsitateko Itsas Energia Eolikoko Masterrean doktorea. Bere ikerketa-jarduera JRL-ORE (Joint Research Lab. - Offshore Renewable Energy) barruan sartzen da; hura Euskal Herriko Unibertsitateak, Tecnaliak eta BCAM-k (Basque Center for Applied Mathematics) eratzen dute.

“Azureren gaitasuna eta adimen artifizialaren aplikazioa dela eta, turbina eoliko baten sisteman eragina duten aldagai guztiak har daitezke kontuan, besteak beste, olatuen noranzkoa, aldia eta garaiera eta haizearen benetako abiadura. Indar guztien eta haien entrenamenduaren egokitzea optimizatzeko orduan adimen artifiziala erabiltzea, funtzionamendu-egoerak aurreikusi ahal izateko, funtsezkoa da mota horretako tresna baten interes akademikorako eta industrialerako”. Esan du Jesús María Blanco Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Saileko irakasleak.

Ikerketa horren lehen helburua egokitzea balioztatzea izango da; horretarako, plataformaren mugimenduaren emaitzak erkatuko dira, laborategietan eskuratutako datuen simulazioen bidez. Azterlanaren fase honek 3 hilabete iraungo du, eta datuen trukearen erabileran sare neuronala optimizatzeko aukera emango du, bai eta jariakorren dinamika konputazionalaren maila optimizatzeko aukera ere. Horren ondoren, turbina, plataforma eta aingura-lerroak aztertzen dituzten softwarearen garapenak egokitzen lortzen duen kodea sortuko da lehendabizi. Bitartean, egokitzeko lehendabiziko modua plataformetarako eta itsasoaren egoeretarako ebaluatuko da, bai eta haizearen abiaduren eta noranzkoen konbinazioa ere, egoera bakoitzerako. Plataformen arteko konparatiba horrek eta sortutako potentziaren kalkuluak 4 hilabete irautea aurreikusten da, 2020ko abendura arte.

Euskadiko eta munduko gainerako pinudien babesa

AIonFORESTen helburua da Microsoft Azureren adimen artifizialaren bidez 2018ko udan izan zen onddo defoliatzaileen erasoa hobeto ezagutzea. Hala, gaixotasun-mota horren aurrerapenean klimaren efektua, kokapenarena eta silbikulturarena kuantifikatzeko zenbait ekintza planteatzen dira, etorkizunean antzeko gertakariak prebenitzeko.

Honako hauek dira proiektuaren buru: Alejandro Cantero Hazi Fundazioko mendi-ingeniaria, Amaia Ortiz Neiker-eko Landare Ekoizpeneko eta Babeseko zuzendaria, Fabia Silva Dronak-eko sortzailekidea, Jorge Paz Tecnaliako ikertzailea, José Luis Lavín NEIKEReko Matematika Aplikatuko Saileko ikertzailea, Máximo Calvo Karten Space-ko sortzailekidea eta Xabier Garitano Hazi Fundazioko GIS Sistema-arloko arduraduna.

Alejandro Cantero Hazi Fundazioko mendi-ingeniariak esan duenez, “gure diziplinarteko taldearen helburua da honako arazo konplexu honi heltzea: giza ekintzen eta izurriek eta gaixotasunek eragindako kalteen arteko elkarreragina. Teknologiari esker, informazio ugari jaso dezakegu, besteak beste: meteorologia, satelite bidezko irudiak, lurraren eredu digitalak, baso-mapak. Eta Microsoften IAren bidez gure basoak babestu ahal izateko emaitza eta ondorioak ateratzea espero dugu”.

Proiektua garatzeko aldia urtebetekoa da, eta xede ugari daude betetzeko. Proiektuaren lehen fasea data mining-ean -formatuen bilketa eta integrazioa- oinarrituko da, datuen deskargaren laguntzaz, intereseko aldagai berrien bilaketa kognitiboan bidez eta datuen integrazioaren eta estandarizazioaren bidez. Fase hau amaitzean, arriskua iragartzeko ereduaren garapena hasiko da. Horretarako, Microsoft Azureren machine learning eta deep learning-en oinarritzen den datuen aurreprozesamendua oso garrantzitsua izango da.

Microsoft AI for Earth-i eta planeta eta haren biodibertsitatea babesteko beste proiektu batzuei buruzko argibide gehiagorako, Microsoften beka-programara jo ahalko duzue; horretarako, egin klik hemen.

* Irudiak 2020-03-09an Bilbon egindako jardunaldiari dagozkio

Iruzkin bat
  • 2020.eko ekainak 02

    Muy bien financiar proyectos investigación para mejorar con la ciencia sociedad soporte. Se debe llevar la ciencia a todos los sitios en vez de hacer sólo propaganda deportiva, especialmente del fútbol como que se vive mejor aprendiendo a manejar un balón que con la ciencia nos ayuda en el día a día, además suele darse más propaganda al deporte y ciencia masculina que femenina.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak