Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak 2,8 milioi euro bideratu ditu 2020an adikzioen inguruko zenbait jarduketa garatzeko laguntzetara (Gobernu Bilera 2020-06-02)

2020.eko ekainak 02

Gobernu Kontseiluak gaur onetsi duen aginduaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurten 2.854.400 euro bideratuko ditu Euskadin lan egiten duten toki-erakunde eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzetarako, prebentzio komunitarioko programak garatzeko, prebentzio-proiektuak egiteko eta adikzioen arloan arrisku eta kalteak murrizteko eta jarrera osasungarriak sustatzeko.  Era berean, laguntzak toki-erakundeetako adikzioen prebentzio komunitarioko talde teknikoak mantentzera bideratuko dira.

Toki-eremuan eta osasun-arloaz bestelakoetatik egiten diren jarduketetan osasuna sustatzeko, Osasun Sailak laguntza horiek deitzen ditu, eta haien helburua da 2017-2021erako Euskadiko Adikzioen VII. Planeko jarduketa-ardatzetan hoberen finkatzen diren programak eta proiektuak mantentzea, behar berriak identifikatzea eta horiei erantzuna emango dieten proiektu berriak bultzatzea, bai eta ekimenak hobetzen laguntzea ere.

Laguntza ekonomiko horiek 2013-2020rako Osasun Planarekin bat datoz, eta ildo nagusietako bat dira Euskadin adikzioen arloan garatzen den lanean; bertan, erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza eta hirugarren sektorearekiko  eta kolektiboekiko elkarlana funtsezkoak dira.

Hala, Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak eutsi egiten diote adikzioen fenomenoari heltzeko eta erantzuteko konpromisoari, eremu komunitariotik, Euskadiko Adikzioen VII. Planarekin bat etorriz; plana Euskadin adikzioen arloan garatzen diren estrategia eta esku-hartze guztien plangintza-, antolamendu- eta koordinazio-tresna da. 

Zehazki, laguntza ekonomikoa honela banakatzen da dirulaguntzako hiru ildoetan:

  • Adikzioen prebentzio komunitarioko talde teknikoak sortu eta mantentzea: 174.135 euro
  • Toki-planei eta jardun-eremu horretako jokabide osasungarriak sustatzeko planei atxikitako adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzea: 765 euro
  • Adikzioen eremuan prebentziorako eta arriskuak eta kalteak gutxitzeko eta jokaera osasungarriak sustatzeko proiektuak egitea: 1.118.500 euro. Haietatik, 236.000 euroko partida Euskadin jokorako adikzioa eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuk prebenitzeko eta tratatzeko helburu duten proiektuetara bideratuko da.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko