Berriak Herrizaingoa
Eu

Ares: "Terrorismoaren azkena iristear dago"

2011.eko maiatzak 24

Luis Hortelano García, ETAk duela 22 urte hil zuen, auto batean jarritako bonba-tranpa batek eztanda egin zuelako desaktibatzen saiatzen ari zenean

Aresen hitzetan, Euskadin “bakea eta askatasuna lortzetik hurbilago gaude, baina bizikidetza, bakea eta askatasuna defendatzeagatik hil zituztenak gogoratzen jarraitu behar dugu”. Hori da Memoriaren Zentroaren asmoa. Zentroa gizarteak talde terroristaren “hilketak sekula ez ahazteko” jarri da martxan.

Eusko Jaurlaritzak gaur omenaldia egin dio Luis Hortelano Garcíari, Ertzaintzako lehergailuen desaktibazio-unitatearen buruari, 1989ko maiatzaren 24an Zorrotzako auzoan (Bilbao) hil baitzen automobil batean jarritako bonba-tranpa batek eztanda egin zuelako Luis bonba desaktibatzen ari zela. Harekin batera, Polizia Nazionaleko Manuel Jodar Cabrera eta José María Sánchez García agenteak ere hil egin ziren.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ekitaldia zuzendu du, eta, bertan, ertzainaren omenez jarri den plaka bat desestali da. Hortelano “harro egoteko moduko eredu bat da Ertzaintzarentzat. Euskal gizarteak eta Gobernuak terroristek duela 22 urte hil zuten Luis Hortelano Garcíarekin geneukan zor bat kitatu dugu”, esan du Aresek.

Hortelano eta “terrorismoaren biktima guztiak” gogoratzeko jarri den monolitoa Ertzaintzaren Lehergailuen Desaktibaziorako unitatearen egoitzan instalatu dute, Iurretan (Bizkaia).

Gaurkoa hildako agentearekiko “justizia-ekintza” bat da, Aresen ustean. Sailburua Luis Hortelanoren emazteari, aitari eta semeari zuzendu zaizkio Eusko Jaurlaritzaren “adeitasuna, elkartasuna eta babesa” helarazteko. “Ezin dizuegu Luis itzuli, baina betiko egongo da gure bihotzean eta gure oroimenean”, erantsi du Aresek.

Ertzainaren familiak “desagerrarazi behar dugun gorroto itsu eta kriminalaren ondoriozko sufrimendu bidegabea pairatu du”. Herrizaingo sailburuak adierazi du Ertzaintzak “guardia jaitsi gabe” lan egingo duela terrorismoa behin betiko desagerrarazteko; izan ere, “terrorismoaren azkena iristear dago, baina ETA ez da desagertu oraindik”. Aresek gehitu du Ertzaintzak “ez duela etsiko bakea eta askatasuna behin betiko lortzeko borroka horretan, eta amaiera hori heltzen denean ez ditugu terrorismoaren biktimak ahaztuko”.

Horren harira, Eusko Jaurlaritzak Memoriaren Zentroa martxan jarriko du. Zentroaren helburua da euskal gizarteak “ez ditzala hilketak sekula ahaztu eta Luis bezalako jende asko gogoraraztea; izan ere, demokrazia, askatasuna eta herritarren eskubideak defendatu zituen demokrazia suntsitu eta beren proiektu totalitarioa inposatu nahi izan zuten hiltzaileen aurrean”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)