Berriak Lehendakaritza
Eu

Ekonomia-gaietarako Aholkularitza Kontseiluak Euskadiren Iraunkortasun Ekonomikoa, Soziala eta Ingurumenekoa ziurtatzeko ekintzak proposatu ditu

2011.eko maiatzak 25

Aholkularitza Kontseiluaren ustez, enpleguak eta lehiakortasunak Euskadiren Iraunkortasun Ekonomikoa, Soziala eta Ingurumenekoa lortzera bideratutako politika guztien ardatza izan behar dute.

Gai Sozioekonomikoetarako Lehendakariaren Aholkularitza Kontseiluak gaur Lehendakaritzaren egoitzak laugarren osoko bilkura egin du euskal Iraunkortasun Ekonomikoari, Sozialari eta Ingurumenekoari buruz eztabaidatzeko, Aholkularitza Kontseiluak defendatzen duen “Euskadi, Talentuaren Metropolia” ekimenaren esparruan.

Eztabaidagai izan duten dokumentazioa Laneko Batzorde batek prestatu du azken lau hilabeteotan. Batzordeak sakonean aztertu ditu Euskadin epe ertain eta luzean iraunkortasunaren arloan izango dituen erronkak.

Erronka horietan oinarrituz, Kontseiluarentzat interes berezikoak diren lau arlo analizatu dira iraunkortasunaren esparruan (Talentua eta Ekintzailetza, Herri-kontuen Iraunkortasuna Erronka Demografikoa, eta Energia eta Lehengaiak).

Arlo horietako bakoitzak dagokion esparruarekin lotutako analisi orokor bat barne hartu du, baita epe ertain eta luzera izango dituen helburuak eta horien inguruko jarduera-ildoak ere.

Aipatutako arloekin lotutako jarduera-proposamen nagusiak ondorengoak izan dira:

Talentua eta Ekintzailetza

XXI. mendeko ekonomiaren indar eragilea talentua da, hazkuntza dibertsifikatua eta enplegu-sortzailea sustatzen duen ekintzailetzaren dinamizazioarekin batera.

Atal honetan, besteak beste, ondorengo jarduera-ildo hauek proposatu dira:

- Talentuaren koordinaziorako talde bat sortzea Euskadin Talentua sortu, erakarri eta fidelizatzeko dauden ekimenak lerrokatu eta hobetzeko.

- Ekintzailetzaren Euskal Ekosistema sinplifikatzea, eta arrisku-kapitaleko sozietateek finantzaketan parte-hartze aktiboagoa izatea, euskal enpresa-ekimen berrien garapena errazteko.

- Enpresen barruan ekintzailetza bultzatzea (barne-ekintzailetza)

- Ekintzailetzara gehiago bideratuta dagoen prestakuntza-sistema bat.

Herri-kontuen Iraunkortasuna

Euskadiren Ongizate Estatua mantentzeko erronkagatik eta esparru soziosanitarioarekin lotutako gastuetarako aurreikusten den areagotzeagatik ezinbestekoa da Herri-kontuen iraunkortasuna bermatzea, eta erakunde-arteko eta herritarren erantzunkidetasun handiagoa, Herri-administrazioen jardueran eraginkortasun handiagoa eta iruzur fiskalaren kontrako borrokan bultzada sendoa ematea lortzea.

Ildo horretatik, garrantzitsutzat jo da:

- EAEko Herri-administrazioetan dauden bikoizketak eta zerbitzu publikoen prestazioetan dauden eraginkortasun-faltak desagerrarazteko neurriak hartzea, EAEko Herri-administrazioen jarduerari eraginkortasun handiagoa emateko.

- Iruzur Fiskalaren kontra Borrokatzeko Plan bat lantzea Autonomia Erkidego osorako: Plan Integral hori deszentralizatu egingo litzateke kasuan kasuko Foru Ogasunak gauzatzean eta Gizarte Segurantzaren Diru-zaintzarekin, Laneko Ikuskatzailetzarekin eta Lanbiderekin koordinatuz

 

Euskal Erronka Demografikoa

Zahartzea Euskadiren etorkizuneko erronkarik handienetakoa da, zahartzearekin lotutako zerbitzu publikoak gehiago eskatuko direlako eta lotuta dagoelako euskal enpresen beharretarako egokia eta nahikoa den lan-eskaintza eskuragarri egotearekin.

Hortaz, Kontseiluaren ustez, komenigarria da biziberritze demografikoa lortzeko plan bat zehaztea, eta, bertan, jaiotza bultzatzea, laneko bizitza eta familiakoa bateratzea sustatzea lan-ordutegiaren eredu berria onartuz, genero-berdintasuna sustatuz eta immigrazio kualifikatua aktiboki erakarriz, biztanleria areagotzeko eta euskal jarduera-tasa handitzeko.

 

Energia eta Lehengaiak

Datozen hamarkadetan energia-baliabideen eta lehengaien inguruan mundu-mailan egongo den lehia handia ikusirik, eta Autonomia Erkidegoan dagoen urritasuna kontuan hartuz, Kontseiluak EAEren etorkizun energetikorako erreferentziazko elementu gisa aipatu du beharrezkoa dela aurreztearen eta eraginkortasun energetikoaren aldeko apustu sendoa egitea eta industriako hondakinak berrerabiltzea, euskal ekoizpen-sarean ekoeraginkortasunaren ikuspuntua bultzatzeko.

Halaber, Kontseiluak adierazi du kezkatuta dagoela ez dagoelako politika energetiko europarrik energia prezio lehiakorrean hornitzea ziurtatzeko.

 

Azkenean, Aholkularitza Kontseiluak bileran EkoEuskadi 2020 ekimenaren helburu estrategikoen, erronken eta helburuen kontrasteari heldu dio. Ekimena Euskadiren Garapen Iraunkorraren Garapen Estrategia bat da, Europa 2020 estrategiarekin lerrokatuta dago eta gaur egun garapen-fasean dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)