Eu

Amaitu dira Sakonetako luiziaren ondoriozko premiazko lanak eta ekainaren 1ean berrekingo zaio Deba eta Zumaia arteko tren zerbitzuari

2020.eko maiatzak 27
  • 3.000 m3 lur hondeatu eta hondakindegira bidali dira, eta eusteko 400 metro mikropilote, 1.400 metro buloi eta 800 metro zertxa erabili dira
  • ETSk Sakoneta II tuneleko obrak aprobetxatu ditu 1.400 metroko trenbidea berriztatzeko eta mantentze lanak burutzeko

Datorren astelehenean, ekainaren 1ean, joan den azaroan Sakoneta II tunela itxi zuen luizi garrantzitsua izan zenetik moztuta egon den Euskotrenen Bilbo-Donostia lineako Deba eta Zumaia arteko tren zerbitzuari ekingo zaio berriro. Ordutik, zerbitzua autobusez eman da. Zerbitzu hori ere datorren astelehenean amaituko da.

Luiziak, bere dimentsioa zela eta, trenbidea eta tunelerako sarbidea oztopatu zituen. Tunel hau 297 metro da luze eta 1901ean eraiki zen. Egoera horren ondorioz, ezpondaren egoera epe luzean bermatuko lukeen soluzioa diseinatu behar izan zen.

Trenbideko zerbitzua moztuta zegoenez, obrari premiazko izaera eman zitzaion. Hasteko, trenbidearen zati bat desmuntatu zen, makineria astuna sartzea ahalbidetzeko. Ezponda egonkortzeko ainguraketak, mikro-piloteak eta hormigoi proiektatua erabili ziren.

Tunela eusteko lanek beste arazo bat zuten: duen ferra forma dela eta, galiboek, alboetakoek eta altuerakoek, katenaria jartzeko oso tarte txikia zuten, eta gainera ingurune naturalean, Flisharen Geoparkearen barruan, zegoen.  

Zerbitzua berriro irekitzeko gauzatu diren azken lanak trenbidea jartzea, katenaria instalatzea eta seinaleztapenak kontrolatzen dituzten komunikazioen berrezarpena izan dira.

Azken asteetan trenbidea mantentzeko eta berriztatzeko, garbitzeko, sastrakak kentzeko eta ezpondak eusteko lanak ere ari dira egiten, gune zabalean, Sakoneta II tunelaren alde batean eta bestean, linea zerbitzurik gabe dagoela eta lanak egunez egin daitezkeela baliatuz.

Obraren neurriaz jabetzeko, esan behar da jarduketak 3,6 milioi euro inguruko gastua eragin duela, horietatik 1,2 autobusak erabilita egin diren ordezko bidaietarako. Halaber, 1.400 metro trenbide berriztatu dira, 3.000 metro kubiko lur hondeatu eta hondakindegira eraman dira eta 400 metro lineal mikropilote, 1.400 metro lineal buloi eta 800 metro zertxa erabili dira, guztiak ere eusteko lanak egiteko.

Zerbitzuari dagokionez, Euskotrenek neguko ohiko ordutegia ezarriko du berriro datorren astelehenetik aurrera, larunbat gauetako trenei dagokienez izan ezik. Ekainaren 1etik bertan behera geratuko dira, baita ere, obrak egiten ari ziren bitartean, ordezko garraio zerbitzuaren zain denbora gehiegi ez egoteko, Zumaia eta Amara artean asteburuetan eta jaiegunetan ematen ari ziren zerbitzuak. Horrela, kostaldeko lineako maiztasuna 30 minutuz behingoa izango da lanegunetan eta ordutebetez behingoa larunbat, igande eta jaiegunetan.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak