Eu

“Etxetik ateratzeko unea iritsi da Euskadi jasangarriago batean sartzeko”, Ingurumen Sailaren kanpainaren leloa COVID-19aren krisitik ateratzeko irteera berdea bultzatzeko

2020.eko maiatzak 26
  • Aste honetatik aurrera jarriko da martxan. Sentsibilizazio-kanpaina honek herritarren jarrera jasangarriak bultzatu nahi ditu, susperraldi ekonomikoa lortzeko.
  • Komunitate zientifikoak ohartarazi du harreman estua dagoela klima-aldaketaren eta biodibertsitatea galdu izanaren eta egungoa bezalako gaixotasun berrien agerpenaren artean.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Ihobe sozietate publikoaren bidez, komunikazio-kanpaina bat jarri du abian aste honetan, “Etxetik ateratzeko unea iritsi da Euskadi jasangarriago batean sartzeko” lelopean. Kanpainaren helburua da susperraldi berdea bultzatzea eta herritarren jarrera jasangarriak sustatzea mugikortasunaren, aisialdiaren eta kontsumoaren arloetan, COVID-19ak eragindako krisi larriari aurre egiteko.

Izan ere, kanpainaren helburua da hainbat ohitura sustatzea, hala nola bizikleta eta garraio publikoa gehiago erabiltzea, iraunkortasun luzeagoko produktuak fabrikatzea, jantziak berrerabiltzea, hondakinak behar bezala bereiztea, plastikoa murriztea, erabilera bakarreko ontziak ezabatzea, edo naturaguneetara hurbiltzea, gozatzeko eta babesteko.

“Koronabirusak agerian utzi ditu, alde batetik, gizakiaren ahultasuna, eta, bestetik, sistema ekonomiko globalaren hauskortasuna, baliabideen hornitzaile nagusiari –Planetari– bizkarra emanda bizi delako. Gai izan behar dugu herritarrei azaltzeko zer-nolako garrantzia duten beren erabakiek bidaiatzeko edo kontsumitzeko orduan, barneko interkonexio estua duen ekosistema global batean bizi garelako, eta ekosistema horren mende daudelako gure bizitzak”, azpimarratu du Elena Moreno Ingurumen sailburuorde eta Ihobeko lehendakariak. “Koronabirusaren krisiak agerian utzi du irtenbide bakarra irtenbide ekologiko atzeraezina dela, pertsonak kontuan hartuko dituena”, gaineratu du Morenok.

Komunitate zientifiko eta akademikoko ahots ugarik azpimarratu dute azken hamarkadetako klima-krisiak eta biodibertsitatearen galera basatiak COVID-19aren agerpenarekin izan duten lotura estua, eta etorkizunean ager litezkeen beste batzuetako lehena izan daitekeela diote. Hori dela eta, gizarteko hainbat estamentuk –enpresek, erakundeek, komunitate zientifikoak, erakunde zibilek– Europako Batzordeari eskatu diote Europako Itun Berdean aurreikusitako neurriak abian jar ditzan, krisialditik ateratzeko irteera berdea antolatzeko. Europako itun handi horrek proposatzen dituen neurriak dira, besteak beste, inbertsioak handitzea, batez ere mugikortasun jasangarrian, energia berriztagarrietan, eraikinen birgaitzean, ikerketan eta berrikuntzan, biodibertsitatea berreskuratzean eta ekonomia zirkularrean.

“Krisi hau ezin da aitzakia izan ekonomia suspertzeko proposamen arduragabeak egiteko”, nabarmendu du sailburuordeak. “Sektore produktiboek gizarte eta planeta osasuntsu batekin adiskidetu behar dute aurrerapen ekonomikoa, eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta lurraldearen karbono-neutraltasuna lortzen laguntzeko neurrietan inbertitzea bultzatzen jarraitu behar dute. Aukera historikoa da euskal ekonomiaren deskarbonizazioa sustatzeko eta ongizatea eta giza osasuna planetaren osasunarekin uztartzeko”.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2020.eko maiatzak 27

    Está bien trabajar por no contaminar o lo menos posible siendo responsable de la contaminación producida ya sea presente o pasada, quien contamina paga. Y eso de la política de no esquilmar recursos garantizar para las próximas generaciones, no pensar que haya un vehículo para cada habitante o gambas para todo el mundo con un planeta recursos finitos.

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak