Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza
Eu

Ingurumenak 937.500 euro bideratu ditu datorren ikasturtean Eskola Agenda 2030 garatuko duten ikastetxeentzat

2020.eko maiatzak 26
  • Programan parte hartzen duten ikastetxeen ingurumen-hezkuntzako proiektuek, gehienez, 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute
  • Eskaerak maiatzaren 27tik aurrera aurkez daitezke
  • Unibertsitatez kanpoko ikastetxeen % 70ek programan hartzen dute parte ingurumenari buruzko proiektuak landuz

 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, guztira, 937.500 euro bideratuko ditu 2020-2021 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeek, ingurumenaren eta garapen iraunkorraren arloetan, aurrera eramango dituzten proiektuak diruz laguntzeko.

Eskola Agenda 2030eko dirulaguntzak jasotzeko deialdia bihar —maiatzak 27— zabalduko da. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Edozein kasutan, COVID19a dela-eta ikastetxeek eskaerak aurkezteko zailtasunak badituzte, epe hori luzatzeko aukera aztertuko da.

Eskola Agenda 2030 hezkuntza-estrategia garrantzitsua da 2030 iraunkortasunaren alde, eta ikasleen funtsezko partaidetza-lerro bilakatzen ari da udalerrien ekintza-planetan. 2002az geroztik Euskal Autonomia Erkidegoko udaletan Toki Agenda 21ak abian jarri zirenetik eskolari eta udalerriari aukera eman zieten euren ingurumen-programak integratzeko. Era horretan hasi zuen bere ibilbidea Eskola Agenda 21ek hurrengo urtean.  Gaur egun, derrigorrezko hezkuntzako ikastetxeen ia % 70 daude programan (220.000tik gora ikasle), eta horietatik ia %20k dute “Eskola Iraunkorra” ziurtagiria.

Eskola Agenda 2030 ikastetxeen, Hezkuntza eta Ingurumen Sailen eta udalen arteko lankidetzan oinarritzen da, eta horregatik laguntza garrantzitsuak (baliabide ekonomikoak, aholkularitza eta prestakuntza) jasotzen ditu.  Eskola-curriculumeko oinarrizko gaitasunak garatzeko tresna eraginkorra izateaz gain, ikasleak sentsibilizatzen ditu ingurumen-arazoetan eta kutsadurari aurre egiteko, biodibertsitatea zaintzeko eta klima-aldaketaren eragina mugatzeko premiaren aurrean. 

Datorren 2020-2021 ikasturterako finkatutako laguntzak unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek eska ditzakete. Horretarako, ikastetxe bakoitzeko proiektu bakar bat aurkeztu beharko dute tramitazio elektroniko bidez. Proiektuak iraunkortasunaren alde hezkuntzaren arloan burutu behar diren jarduera guztiak bildu behar ditu. Horrekin batera, aurrekontu bat ere aurkeztu beharko dute.

Aginduak zehazten duenez, eskatzen dituzten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikastetxe guztiek jasoko dituzte dirulaguntzak. Dirulaguntza horien zenbatekoa aurkeztutako proiektuaren araberakoa izango da, eta gehienez 5.000 eurokoa izango da Eskola Iraunkorraren ziurtagiria duten ikastetxeen kasuan, eta 3.000 eurokoa gainerakoentzat. 

Aurreikusitako jarduerak garatzeko garaian, dagokion Ingurugelaren (ingurumenarekiko irakasbideen hezkuntza eta ikerketarako ikastegia) lankidetza, prestakuntza, aholkularitza eta laguntza teknikoa jasoko dute ikastetxeek.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)