Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Transferentzien Batzorde Mistoa egingo dute ekainean hiru gai eskualdatzeko

2020.eko maiatzak 26

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera.

Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluan landu diren gaien ingurukoak azaldu ditu. Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak gogoratu duenez, atzo, beste aldebiko bilera bat izan zuen Carolina Darias Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroarekin. Atzokoa Covid-19aren krisia hasi zenetik lehen erakunde-topaketa izan da; izan ere, krisia dela eta, Gernikako Estatutua osatzeko premiazko eginkizunaren inguruko elkarrizketa atzeratu behar izan genuen.

Josu Erkorekak gogoratu duenez, “atzoko bileran, ekainean Transferentzien Batzorde Mistoari berriz ekitea erabaki genuen. Bilera presentziala izango da, Euskadi 3. fasera igaro bezain laster”.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Euskadiri transferitzeko dagoeneko adostuta dauden hiru gaien eskualdatzeak gogoratu ditu:

  • Farmazia-produktuei buruzko legeria betearazteko funtzioak. Euskadi, besteak beste, osasun-produktuen eta giza erabilerarako medikamentuen publizitate-mezuen kontrolaz arduratuko da, bai eta fabrikatzaileen eta Euskadin dauden laborategien ikuskaritzaz eta farmakozaintzako eta medikamentuen kalitate-kontrolerako eginkizunez ere, besteak beste.  
  • “Derrigorrezko Eskola Asegurua”ren osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako baliabideak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrerako ikasleen asegurua da, unibertsitateko eta unibertsitatetik kanpoko ikasleena.
  • Kaleratze kolektiboaren espedienteen eraginpean dauden langileen erretiro arruntaren aurretiko laguntzen kudeaketari atxikitako funtzio eta zerbitzuak.

Josu Erkorekak adierazi duenez, “itxita ditugu hiru transferentzia-dekretuen testu juridikoak eta Kupotik deskontatu beharreko kopuru ekonomikoa. 3 gaiak 7,5 milioi euroan baloratu ditugu; haietatik, Euskadik, urtero, Kupotik % 6,24 deskontatuko ditu”.

EUSKAL AUTOGOBERNUA 

Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu eta bozeramaileak azaldu duenez, Covid aurreko normaltasunari heldu dio Eusko Jaurlaritzak, baita autogobernuaren gaiari dagokionez ere eta adierazi duenez “hasteko, martxoan eten zen transferentzien egutegia eguneratuko dugu. Euskadirentzat oso garrantzitsua da eremu horretan erakunde-harremanen normaltasunera bueltatzea”.

Historian lehen aldiz Euskadiri transferitzeko dauden eskumen guztiak eskualdatzeko lan-plan bat dago, Gobernu Programan lehenetsitakoak barne:

  • Espetxe-sistema
  • Gizarte Segurantzako Sistemarekin zerikusia duten gai guztiak.

BABES-MATERIALA EROSTEA

Prentsaurrekoan Josu Erkorekak azaldu duenez Gobernu Kontseiluari jakinarazi dio eskularruak, maskarak eta gel hidroalkoholikoak erosi direla, presako prozeduraren bidez, Euskadiko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten langileentzat.  Helburua da higiene- eta babes-materiala ematea langileei, beren lanpostuaren arrisku-balorazioaren arabera.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzak honako hauek erosi ditu:

  • Binilozko, nitrilozko eta latexezko eskularruak.
  • FFP2 maskarak eta kirurgikoak.
  • Osasun-erabilerako eta erabilera orokorreko gel higienizatzailea.

Josu Erkorekak gogorarazi duenez, pasa den maiatzaren 11tik, langile publikoak Eusko Jaurlaritzaren egoitzetan lan presentzialean hasi dira berriz, mailaz maila eta pixkanaka. Une hauetan, langile publikoen % 65 dagoeneko presentzialki ari da lanean. Zerbitzu-zuzendaritza bakoitzak eta erakunde autonomoetako langileen kudeaketa-organoek beren antolamendu- eta babes-neurri bereziak zehaztu dituzte, haietako langileek egiten duten lan-motaren arabera.

Eusko Jaurlaritzak positiboki balioesten du deskonfinamendu-prozesua Funtzio Publikoaren eremuan. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez “prozesua planifikatua eta antolatua izaten ari da. Ez da jende-pilaketarik egon, eta segurtasun-distantzia gorde da; ez da gorabeherarik erregistratu”.

HAUTESKUNDE-GASTUAREN IGOERA

Gobernu Kontseiluak gaur datorren uztailaren 12ko hauteskundeak finantzatzeko euskal udalen esleipena aldatzea ere onetsi du.  Horrela 300€-ra arte igoko da mahaiko, Covid-19aren kutsadurak prebenitzeko higiene- eta segurtasun-operatiboak eragingo duen aparteko gastua aintzat hartuta. Udalek honako ardura hauek dituzte:

  • Hauteskundeetan parte hartzen duten pertsonei haborokina ordaintzea
  • Hauteskunde-lokalak egokitu eta garbitzea
  • Hauteskunde-mahaien idazmahairako materialak izatea
  • Hautetsontziak, kabinak eta hauteskundeetako gainerako materiala muntatu, desmuntatu eta garraiatzea.

Bozeramaileak azaldu duenez 205 euroko gastua aurreikusi zen  mahaiko, baina 300 €-koa izatea erabaki dute.  Uztailaren 12an, 2.677 mahai egongo dira: 426 Araban, 1.400 Bizkaian eta 851 Gipuzkoan. Euskal udalek guztira 803.100 euroko gastua egitea aurreikusten dugu.

KORONABIRUSAREN DATUAK

Bestalde, osasun sailburu Nekane Murgak Euskadiko koronabirusaren inguruko azken datuak eman ditu.

Gai zerrenda

Prentsa dosierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak