Eu

Etorkinek ekonomiari egiten dioten ekarpena jaso dutena baino handiagoa da

2020.eko maiatzak 21
  • Ikuspegik eta Cultumetríak prestatutako azterlanaren arabera, atzerritarrek 2018an kontsumo-terminoetan administrazio publikotik jaso zutena baino 810 milioi euro gehiagoko ekarpena egin zuten
  • Ezkutuko ekonomia kontuan hartu gabe, COVID-19aren krisiaren aurretiko testuinguruan, haren jarduera ekonomikoak % 2,06ko inpaktua izan zuen euskal BPGd-an

Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokiak, gaur goizean, Bilbon, ‘Atzerritarrek EAEn BPGd-aren bidez egiten duten ekarpena. Hurbilketa gastuaren aldetik’ azterlanaren emaitzak aurkeztu ditu. Haren bidez, etorkinek 2018an, alegia COVID-19aren krisiaren aurreko aldian, BPGd-ari eginiko ekarpen ekonomikoaren eta gastuaren arteko erlazioa aztertu dute.

Ikuspegik Cultumetría - inpaktu ekonomikoaren neurketan eta gizarte-analisietan espezializatuta dagoen aholkularitzarekin elkarlanean prestatutako azterlanak jaso dituen datuen arabera ikusten da administrazio publikoek baliatutako diru-kopurua (714.912.000€) etorkinek euskal ekonomiari egiten dioten ekarpen ekonomikoa (1.525.292.820€) baino baxuagoa dela. Hau da, 2018an atzerritarren kontsumoak sortu zuen dinamismo ekonomikoak 810.380.818€-ko inpaktu positiboa izan zuela. Bestalde, orokorrean 1.525.292.820€-tako kontsumoak BPGd-aren % 2,06a suposatzen du.

Txostenak hala zuzendu egiten du etorkinek euskal ekonomiari egiten dioten ekarpena baino gehiago jasotzen dutelako uste faltsua. Galdera horri erantzutea izan da, zehazki, azterlanaren helburu nagusia. Azterlana Ikuspegik 2016an eginikoaren jarraipena da; bertan, immigrazioak krisi ekonomikoaren aldian eginiko zerga-ekarpena neurtu zen.

Txostenaren aurkezpenean, Arkaitz Fullaondo azterlanaren ikertzaile nagusiarekin eta Ikuspegiko kidearekin eta Alvaro Fierro Cultumetriako ikerketa-proiektuen arduradunarekin eta ikertzailearekin batera, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea eta Simón Peña UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoa izan dira.

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak nabarmendu du Ikuspegin prestatutako txosten berri horrek eskaintzen dituen datuek amaitu egiten dutela etorkin subsidiatuen eta laguntza publikoen mendekoen inguruan dauden estereotipo eta zurrumurruekin. “Jatorriz atzerritarrak diren euskal herritarrek gure autonomia-erkidegoan altxor publikotik jasotzen dutenaren ia ekarpen bikoitza egiten dute, eta aberastasunari egiten dioten ekarpena BPGd-aren % 2tik gorakoa da. Zifra horiek apurtu egiten dituzte subsidiatua eta altxor publikoaren mendekoa ez den kolektiboari buruzko estereotipoak”, esan du Amilibiak.

Bestalde, Fullaondok honako hau esan du: “ikerketari ikuspuntu nabarmen kontserbatzailetik heldu diogu, eta, horretarako, administrazio publikoen gastuen datu ofizialekin baino ez dugu lan egin; sinesgarritasunaren eragozpena izan dezaketen beste datu batzuk baztertu ditugu, besteak beste, ezkutuko ekonomiaren analisia”.

Gizarte-prestazioak, osasuna, etxebizitza eta hezkuntza familien kontsumoaren aurrean

Azterlana egiteko, Immigrazioaren Euskal Behatokiak eta Cultumetríak gastu sozial publikoarekin zerikusia duten organismo ofizialek emandako informazioa aztertu dute: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Hezkuntza eta Osasun sailak, bai eta Lanbideren zati bat ere.

Hala, etxebizitzaren kasuan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren arloek emandakok zifrak hartu dira oinarri (Alokabide, Visesa eta Etxebide eta Euskal Etxebizitzako Behatokia).

Bestalde, azterlanak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzerriko ikasleek unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-zentroetan -bai publikoak bai pribatuak- eginiko matrikulazioari buruz emandako informazioa aztertzen du.

Aztertu den beste alderdi bat izan da etorkinen kasuan osasun-arretak dakarren gastua; hura EAEko osasun-gastuaren estimazioan oinarrituta lortu da, adin-taldeen arabera banatuta. Estimazioa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratzen du.

Beharbada daturik nabarmenena atzerritarrei bideratutako gizarte-prestazioei buruzkoa da. Zifra hori honako hauetatik eskuratu da: EAEn kolektibo horri bideratutako diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) zati proportzionala eta etxebizitzako prestazio osagarriak eta gizarte-zerbitzuetako sarbidea.

Bestalde, azterlanak atzerritarrek ekonomiari egiten dioten ekarpena aztertu du. Datu horiek Euskadiko Familia Gastuaren Inkestatik abiatuta eskuratu ditu -inkesta EUSTATek egiten du-, bai eta 2018ko Pobreziaren eta Desberdintasun Sozialen Inkestatik ere.

Txosten exekutiboa - EAEn atzerriko jatorria duten pertsonen ekarpen ekonomikoa BPGren bidez (2018):

 https://www.ikuspegi.eus/documentos/informes/Informe_ejecutivo_impacto_PIB_EUS.pdf

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2020.eko maiatzak 21

    Y a baja tasa de natalidad malos tiempos, se necesita aporte mano de obra para garantizar el bienestar población autóctona, enseñar a la población acogida si hiciera falta superación diferentes barreras puedan darse falta adaptación y tratar de unir puentes con sus países de origen favoreciendo su desarrollo, el trabajo se internacionaliza.

Ekitaldiko kargudunak