Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak

Amaitu dira Topoaren saihesbidearen Lugaritz-Mirakontxa tarteko hondeaketa lanak

2020.eko maiatzak 20
  • Lugaritzen egin den tunelaren “kalearekin” edo bat egitearekin, trenbide saihesbidearen lanak eta une honetan zerbitzua ematen duen tunela loturik geratuko dira
  • Mirakontxa-Easo tartean gauzatu da jadanik hondeaketa lanen %60a, eta lubaki-makina Kontxako hondartzaren azpian ari da lanean

ETSk, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen erakunde publikoak, amaitu ditu Topoaren Saihesbidearen Lugaritz – Mirakontxa tarteko hondeaketa lanak. Obrako makinak Lugaritzeko geltokitik 200 metrora azaleratu dira, eraikuntza arloko hizkeran “kalea” edo bat egitea esaten den egintzan.

Egintza horrek, une honetan Euskotrenen zerbitzua ematen duen tunela eta Donostiari hiru geltoki berri (Bentaberri, Erdialdea-Kontxa eta Easo) emango dizkion trenbide trazatu berria izango dena lotu ditu.

Lugaritz eta Mirakontxa arteko tartean 2,1 kilometroko tunelaren hondeaketa lanak amaitu ondoren, Bentaberrin eraikiko den geltokiaren hormigoizko estaldura amaitu da. Ganga hormigoiz estaltzea baino ez da falta.

Mirakontxa – Easo tartean, tunelaren hondeaketa lana ibilbidearen %60ra heldu da dagoeneko. Une honetan, lubaki-makina Kontxako hondartzaren azpian ari da lanean, Erdialdea-Kontxako geltokia egongo den tokirantz. 

Easoko geltokia hartuko duen zuloan hormigoiztatzeko lanak hasi dira. Gainazalean, berriz, Xabier Zubiri kaleko kanoiko hondeaketa lanek jarraitzen dute, eta dagoeneko behin betiko hormigoiztatu da Arrasate eta Zubieta kaleen arteko Easo kaleko tartea.

Easo kalean, baita ere, Arrasate eta San Martin kaleen artean, Erdialdea-Kontxako geltokiko igogailua izango dena instalatzeko lanak hasi dira, piloteak eginez. San Martin kalean, ukitutako zerbitzuak desbideratzeko lanekin jarraitzen da.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak