
Posta bidezko botoa eskatzeko epea irekita dago eta Gobernuak informazio kanpaina bat jarriko du abian hura indartzeko
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu, Nekane Murga Osasun sailburu eta Sonia Pérez Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarekin batera.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogorarazi duenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak, gaur, Lehendakariaren 11/2020 Dekretua onetsi du, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak deitzekoa. Josu Erkorekak aipatu duenez eta Lehendakariak berak atzo azaldu zuenez, uztailaren 12a aukeratu du, txosten teknikoek eta osasunekoek honako hau adierazten baitute: “higiene- eta urruntze-neurriak betetzen baditugu, udan izango ditu epidemiak zifrarik baxuenak”.
Josu Erkorekak iragarri duenez, Segurtasun Sailak, dagoeneko, abian jarri du hauteskundeen operatiboa, Estatistikako Institutu Nazionalarekin, Postetxearekin, Hauteskunde Batzordearekin eta euskal udalekin koordinazioan. “Uztailaren 12ko hauteskundeak partaidetzako berme guztiekin egin ahal izateko ari gara lanean”.
HAUTESKUNDE PROZESUAK
Bozeramaileak azaldu duenez, Segurtasun Saileko Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritza lanean hasi da, INErekin eta udalekin, bozketa-zentroen eta hauteskunde-mahaien egokitasuna eta berrantolaketa-premiak aztertzeko. Josu Erkorekak gaineratu duenez, “10 mahai baino gehiago dituzten espazioak berregokitzearen aldeko apustua egiten dugu. Adinekoen egoitzetan edo zentroetan dauden bozketa-lokalak lekuz aldatuko ditugu. Lokalak egokituko ditugu, boto-emaileen sarbidea eta joan-etorria mailakatua izan dadin eta zirkulazioa ordenatua, beti ere, beharrezko distantziak zainduz. Higiene, garbiketa eta desinfekzio zerbitzu guztiak areagotuko dira”.
Datorren ekainaren 13tik 17ra, Udalek hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonak aukeratzeko zozketak egingo dituzte. Segurtasun Sailak hauteskundeetarako aurreikusitako segurtasun- eta osasun-baldintzen berri emango die. Horretarako, Josu Erkorekak azaldu duenez, bozketa egunean mahaikideen babeserako izango dituzten ekipamenduak aztertzen eta diseinatzen ari dira Osasun Sailarekin. Horrekin batera, bozketa eguneko osasun- eta segurtasun-baldintzei buruzko berariazko informazio-kanpaina bat ere egingo da.
IZAPIDEAK
Josu Erkorekak adierazi duenez, ahalik eta gehien erraztuko ditugu hauteskunde-prozesu osoan online egin daitezkeen izapide guztiak. “Gure helburua botoa emateko eskubidea erabiltzeko zailtasun gehien dituzten herritarren joan-etorriak murriztea da”.
Hauteskundeen web orria aktibatu da, euskadi.eus atari ofizialaren barruan. Hauteskunde hauen epeei eta prozedurei buruzko informazio guztia eskuragarri dago eta hala egongo da hauteskunde-prozesu guztian zehar. Alderdi politikoek eskura dituzte bertan hauteskunde-prozedura bakoitzeko inprimaki elektronikoak, erraz eskuratzeko moduan eta autoeditagarriak:
- Hautagaien aurkezpena,
- koalizioak eratzea,
- Kontu-hartzaile eta apoderatu gisa lan egingo duten pertsonak izendatzea, etab.
INFORMAZIO KANPAINA
Josu Erkorekak azaldu duenez, informazio-kanpaina bat jarriko da abian posta bidezko botoa sustatzeko. “Posta bidezko botoa emateko epeak luzatzeko eskatzea erabaki dugu. Oraingoz, boto-eskaera, gaur hasi eta uztailaren 2ra arte egin ahal izango da.Hautesleek botoa posta bidez emateko eskaera Estatistikako Institutu Nazionalaren webgunetik deskargatzeko modua erraztea bultzatuko dugu”. Bozeramaileak gaineratu duenez, “lanean ari gara, egun horietan konfinatuta edo kuarentenan egon daitezkeen pertsonek eta arrisku taldetakoak izan daitezkeenek posta bidezko boto-eskaera apoderatu baten bidez egiteko aukera izan dezaten”.
Bozeramaileak azaldu duenez, une oro, Segurtasun Sailak informazio eguneratua emango du uztailaren 12ko hauteskundeetan herritarren parte-hartzea bermatzeko egiten diren urrats guztiei buruz. Hauteskunde-prozesuen webgunean, twitter kontuan, komunikabideetan zabalduko dituzten informazio-oharretan, dibulgazio-kanpaina berezitan eta Gobernuaren ohiko kontsulta-bideen bitartez ere bai.
MASKARAK
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak bi laguntza-ildo onetsi ditu euskal industriak maskaren tokiko ekoizpena sendotzeko.Tapiak azaldu duenez, maskaren erabilera masibo baten testuinguruan, Euskal Autonomia Erkidegoak euskal herritarrentzako maskarak produzitzeko ahalmena handitu du ildo berriak zabalduz.
Herritarrek oro har erabiltzeko maskara kirurgikoak, eta profesionalek erabiltzeko FFP2 eta FFP3 maskarak egiteko makineria erosteko 582.876,67 euroko dirulaguntza emango du Eusko Jaurlaritzak.
Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak azaldu duenez, Nueva Sibol enpresak produkzio-ahalmena hirukoiztuko du eta Bexen enpresak egun duen produkzioa bikoiztuko du. Bi enpresa horiek, datozen sei hilabeteetan, goi-mailako babesa ematen duten 10 milioi maskara eta 120 milioi maskara kirurgiko bermatuko dituzte.
2.FASEA
Atzo, astelehenean, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 25ean 2. fasera igarotzeko eskabidea aurkeztu zuen. Espainiako Gobernuari eskatutako dokumentazio guztia bidali dio Eusko Jaurlaritzak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Nekane Murga Osasun sailburuek azaldu dute.
Eusko Jaurlaritzak bere proposamena bidali zion atzo Osasun Ministerioari, Euskadik, oro har, deskonfinamenduaren "bigarren fasera" aurrera egin dezan, Iñigo Urkullu Lehendakaria bera buru duen "Bizi Berri" planaren arabera. Eusko Jaurlaritzaren ustez, Euskadiko egoera epidemiologikoa eta asistentziala ona da, zaintza- eta kontrol-neurriak hartzen ari dira eta, horregatik, fasez fase aurrera egiten jarraitzeko proposamen bat egin du Estatuko baldintzak ezagutu bitartean.
TURISMOA ETA MERKATARITZA
Prentsaurrekoan Sonia Pérez Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburuak Covid19ak eragindako itxieraren ondoren euskal turismo- eta merkataritza-sektorea bultzatzeko bi aparteko laguntza-programa aurkeztu ditu. 15 milioi euro dira. 7,5 milioi euro turismorako eta beste 7,5 merkataritzarako. Laguntzak ezarrita dauden neurrien osagarria den babes-estrategia batean kokatuta daude, bi alditan jarduteko aurreikuspenarekin: erresistentzia eta berrabiarazte ekonomikoa. Sailburuak azaldu duenez, laguntzak beste edozein laguntzaren osagarriak dira diruz lagundutakoaren kostua gainditzen ez den bitartean, eta norgehiagoka bidez emango dira, Aginduan ezarritako baremazio bati jarraikiz.