Eusko Jaurlaritzaren Erdu programa hiru lurraldeetara iritsi da adikzio-arazoak dituzten bostehun bat pertsonari arreta emateko
- Lau gizarte-erakundetako hamabost profesionalek adikzioekin arazoak dituzten pertsonei emango diete arreta, Unitate Mugikor Espezializatuen eta bide telematikoaren bidez
- Iñigo Urkullu lehendakariak eskerrak eman dizkie mezu baten bidez gizartean adikzioen errealitatearen eraldaketei erantzun bat emateko gai izan diren pertsona horiei arreta ematen dieten erakundeei.
- Gipuzkoako Diputatu Nagusiak erakunde publikoen eta gizarte-ekimenaren arteko lankidetza nabarmendu du gizarte-arretako eredu deszentralizatuaren gako gisa
- Agipad, Etorkintza, Gizakia eta Jeiki erakundeek sarean lan egiten dute, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailarekin eta Osasun Sailarekin elkarlanean
- “Erdu programa adikzioen inguruko arazo berrientzako erantzun azkarra eta eraginkorra da”, esan du Félix Sarasua AGIPADeko zuzendariak
Donostia-San Sebastián, 2020ko maiatzak 18
Konfinamenduaren ondorioz, bereziki ahulak diren egoerak agertu dira, besteak beste adikzioak dituzten eta alarma-egoeran beren mendekotasunaren gaineko kontzientzia hartu duten pertsonak. Bestalde, konfinamenduaren beste ondorio batzuk drogen kontsumoaren igoera izan da.
Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sendotu egin du, “Inor atzean Utzi Gabe” funtsaren barruan, Erdu - Adikzioetan Hurbiletik Esku hartzea programa. Ekimen horrek bi laguntza-baliabide aurreikusten ditu. Batetik, hala behar duten baliabideetara doazen Unitate Mugikor Espezializatuak daude, haietan egiten den lanaren osagarri den adikzioen inguruko arreta eskaintzeko, osasuneko eta gizarte-babeseko sistemekin koordinatuta dagoena. Orain arte, unitate horiek Bilboko arloan baino ez ziharduten, eta, orain, hiru lurraldeetara zabaldu dira.
Era berean, Erdu programak adikzioen inguruko arreta telematikoa ere aurreikusten du. Konfinamenduaren egoerak kontsumoen gorakadaren aurrean arrisku-egoeran jartzen dituen pertsonei zuzentzen zaie; orain arte tratamendu-baliabideetara hurbildu ez direnei baina, egoera honetan, beren egoeraren gaineko kontzientzia hartu eta baliabideak edo harremanetan jartzeko moduak ezagutzen ez dituztenei, eta adikzioen arazoak dituzten erabiltzaileekin diharduten baliabide sozial eta soziosanitarioen inguruko profesionalei.
Asmoa da bostehun bat pertsonarengana heltzea lau erakundetako hamabost profesionalen lankidetzaren bidez: AGIPAD, Etorkintza, Gizakia eta Jeiki. Urkullu lehendakariak gaur goizean mezua helarazi du programa honen sustatzaile eta kudeatzaile diren erakundeen arduradunekin egin den topaketan, Donostian ‘Haurtxoak’ egoitzara eginiko bisitaren esparruan egin duen aurkezpenean; baliabide horretan, kalteberatasun berezia duten emakumeak bizi dira beren seme-alabekin
Iñigo Urkulluren hitzak Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak irakurri ditu. Eskerrak eman ditu elkarte horiek egiten duten lanagatik; izan ere, “oraingoan ere, gizartean adikzioen errealitatearen eraldaketei erantzuna emateko gai izan zarete”. “Euskadi osorako proiektua antolatu duzue, sarean lan eginda. Eskerrak eman nahi dizkizuegu horregatik, bai eta zorionak ere”, esan du lehendakariak.
Markel Olanok bazterketaren aurkako apustua nabarmendu du
Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak jardunbide egokitzat kalifikatu du programa hau abian jarri izana, eta erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, emakume kalteberei zuzenduta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen duten egoitza baten esparruan.
“’Haurtxoak’ egoitza eta ‘Erdu’ programa –esan du Markel Olanok– gure ereduaren eraginkortasuna baliozkotzen duten bi jardunbide egoki dira. Bizi-proiektu berria duintasunez hasten duen emakume bakoitzak eta etorkizun hobea antzeman dezakeen adingabe bakoitzak zentzua ematen diote bazterketaren aurka, berdintasunaren alde eta gizarte-kohesioaren alde egiten dugun apustuari”.
Foru-agintariak nabarmendu du bazterketaren aurkako inbertsio publikoaren alde egiten duen apustua. “Koronabirusak eragindako muturreko egoerak erakutsi du Euskadiko gizarte-zerbitzuen sistemak funtzionatzen duela, eta estres gehieneko proba hori gainditzen jakin du. Gure gizarte-babeseko tresnak eraginkorrak izan dira. Jarraitzen dugu gure ereduaren subsidiariotasunean sinesten”, esan du Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, amaitzeko.
Félix Sarasua AGIPADeko zuzendariak esan duenez, “ERDU programa sortu da salbuespen-egoera honetan adikzioen eremuan antzemandako arazo berriei erantzun zehatza eta azkarra emateko dagoen beharraren ondorioz”. Bestalde, honako hau esan du: “hori posible izan da pandemiaren aurretik UNAD Euskadin (Euskadin droga-mendekoari arreta emateko elkarte eta erakundeen batasuna) adikzioen inguruko lantalde bereziko erakundeen artean ordurako bazegoen lankidetzari eta elkarlanari esker”.
Adikzioen kontrako Gipuzkoako elkarteko arduradunak programaren xehetasun gehiago eman ditu: “Unitate mugikorrak –esan du Sarasuak– hala behar duten baliabideetara mugituko dira, eta dagoeneko egiten ari den lanaren osagarri den adikzioen inguruko arreta eskainiko dute. Euskadin 5 unitate/ekipo mugikor sortu dira: 3 Bizkaian, 1 Gipuzkoan eta 1 Araban. Ekipo bakoitzak medikuntzako profesional bat, psikologia klinikoko profesional bat eta hezkuntzako edo gizarte-laneko profesional bat izango du. Beti egingo da lan osasuneko eta gizarte-babeseko sistemekin koordinazioan”.
Proiektuaren bigarren ardatza dela eta, adikzioen inguruko arreta telematikoa, honako hau esan du: “lineako tresnak erabiltzean oinarritzen den eredua garatuko da; haren bidez, unera arte tratamendu-baliabideetara hurbildu ez ziren eta adikzioekin arazoak zituzten pertsonengana heldu ahalko dira, bai eta ordurako baliabide horietara joaten zirenei baina, osasun-larrialdiko egoera dela eta, joateari utzi behar izan zietenei ere”.
Hiru erakunde-maila gizarte-entitateekin
Erdu programaren aurkezpenean, euskal administrazio-egiturako hiru mailetako erakunde-ordezkariak batu dira. Gipuzkoako Diputatu Nagusiarekin batera, “Haurtxoak” egoitzara Maite Peña diputatua eta Donostiako Aitziber San Román zinegotzia bertaratu dira.
Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, Lide Amilibia sailburuordeak gaur Urkullu lehendakariak esateko prestatuta zituen hitzen berri eman du. Juanjo Aurrekoetxea Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria eta Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuen zuzendaria bertan egon izanak agerian utzi du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren babesa.
Félix Sarasua AGIPADeko zuzendariarekin batera, Estibalitz Barronek, Salvia Hierrok eta Javier Mariñok ere parte hartu dute, Gizakia, Etorkintza eta Jeiki erakundeen izenean; erakunde horiek beste lurralde historikoetan daude finkatuta.
Erdu - Adikzioetan Hurbiletik Esku hartzea programak 375.000 euro ditu, eta ‘Inor Atzean Utzi Gabe’ funtsaren barruan sartzen da; funtsak hamar milioi euroko zuzkidura du, eta Covid-19aren osasun-krisiak eragindako edo larriagotutako efektuei aurre egiteko onetsi zuen Eusko Jaurlaritzak.
Funts horren bidez, beste programa batzuk ere jarri dira abian, besteak beste: “Aukerak Suspertzen”, eskola-indargarrirako; “Azken Sarea Indartzen”, oinarrizko beharrak asetzeko; edo “Guztion Artean” - Elkartasun Antolatuko Sarea.