Eu

Gaurtik aurrera, aurretiko hitzordua eska daiteke Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean herritarrei arreta emateko zerbitzuaren bulegoetara joateko

2020.eko maiatzak 18
  • Hiru hiriburuetan ZUZENEAN zerbitzuaren bulegoetara bertaratzen direnek aurretiko hitzordua izan beharko dute. eus atariaren bidez edo 012 doako telefonoaren bidez eskatu ahal izango dute
  • Prozesu erraza da eta mugikorretik, tabletatik edo ordenagailutik jo daiteke bertara
  • Arreta presentziala, oraingoz, izapideak egiteko eta dokumentazioa erregistratzeko baino ez da izango. Informazioa eta kontsulta telefonoaren, Telegramen eta Interneten bidez bideratzen jarraituko da

Datorren ostegunean, maiatzaren 21ean, Eusko Jaurlaritzaren ZUZENEAN herritarrei arreta emateko zerbitzuaren bulegoak irekiko dira hiri hiriburuetan: Vitoria-Gasteiz, Donostia-San Sebastián eta Bilbo. Bulegoetara bertara doazenei arreta segurtasun-berme guztiekin eman ahal izateko eta pilaketarik ez egoteko, aurretiko hitzordua eskatu beharko da. 

Gaurtik aurrera, erabilgarri dago euskadi.eus atariaren bidez aurretiko hitzordua eskatzeko sistema; horretarako sistema erraza da, eta mugikorretik, tabletatik edo ordenagailutik jo daiteke bertara, Osakidetzaren aurretiko hitzorduaren antzera. Halaber, aurretiko hitzordua eskatzeko 012 doako telefonora ere deitu ahalko da. Eusko Jaurlaritzak pertsona eta izapide bakoitzarentzat arretarako 15-20 minutuko denbora ezarri du; beraz, ZUZENEAN zerbitzuaren postu bakoitzak egunean 25 edo 30 pertsonari emango diela arreta kalkulatzen da.

Aurretiko hitzordua eskatzea prozesu erraza da. Interesdunak euskadi.eus atarian sartzean, aurretiko hitzorduaren sisteman sartu ahalko dira eta ZUZENEAN bulegoetara joateko zer bulego eta ordutegi nahi duten aukeratu. Halaber, informazio pertsonala eskatuko zaie hitzordua egiaztatu aurretik. Hitzorduaren egiaztapena eta datuak erabiltzaileen posta elektronikora bidaliko dira. Izapide bat baino gehiago egingo dutenei, ondoz ondoko hitzordu bat baino gehiago eskatzea gomendatzen zaie. 

ZUZENEAN BULEGOAK  

ZUZENEAN bulegoak datorren ostegunean irekiko dira, maiatzaren 21ean, ohiko ordutegian, 08:00etatik 19:30era, herritarrek beren eskabideak erregistratu ahal izateko. Informazio orokorra edo Eusko Jaurlaritzaren jarduerarekin zerikusia duen informazioa eskatu behar dutenek honako bide hauen bitartez eskuratu beharko dute: informazio-telefonoa (012), Telegram bat-bateko mezularitza-zerbitzua (688 671 234) eta harremanetarako buzoi digitala (euskadi.eus).

Eusko Jaurlaritzak erabaki du aurrerantzean ZUZENEAN zerbitzuaren bulegoetara izapide presentzialen bat egitera doazen pertsona guztiek unean bertan identifikazio digitaleko sistema bat eskuratzea, ofiziala eta doakoa; haren bidez, beren izapidearekin jarraitu edo lineako segimendua egin ahalko dute. “B@kQIZENPE Autentifikazio, Ziurtapen eta Sinadura Digitalaren Euskal Agentziak ematen duen eta erabiltzeko oso erraza eta segurua den identifikazio elektronikoko baliabidea da.

Gaur egun, Euskadin, administrazio-prozedura gehienak digitalizatuta daude, eta online egin daitezke, identifikazio ofizialeko sistema baten bidez. Gainera, Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez (egoitza elektronikoa euskadi.eus-en), edozein eskabide, idatzi edo jakinarazpen baliabide elektronikoen bidez aurkez daiteke. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren sail guztiak beren prozeduren errepaso zorrotza egiten ari dira, administrazio digitalari bultzada bat emateko eta online kudeaketaren esperientzia hobetzeko.

AURREZ AURREKO HARREMANA ADMINISTRAZIOAREKIN

Javier Bikandi Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendariak adierazi duenez, “aurretiko hitzorduaren sistemaren bidez, pilaketak saihestuko dira ZUZENEAN zerbitzuaren bulegoetan, eta horrek lagundu egingo du ZUZENEAN zerbitzuaren bulegoetara doazen pertsonen osasuna bermatzen. Gainera, motiboak edozein direla ere, ulertzen dugu pertsona askok nahiago dutela administrazioarekin harremanak aurrez aurre izan. Ostegunetik aurrera, maiatzaren 21etik aurrera, eta aurretiko hitzordua eskatuta, pertsona guztiei eman ahalko diegu arreta eta beren kudeaketak erraztu, in situ, Eusko Jaurlaritzak gizarte-laguntzako plan gehiago dituen unean”. 

Javier Bikandik azaldu duenez, “aurretiko hitzordua eskatzeko sistema oso erraza da, medikuarenera joateko hitzordua eskatzen dugunean bezala, eta edozein gailu elektronikotik jo daiteke bertara, besteak beste mugikorretik, tabletatik edo ordenagailutik. Gure helburua da ZUZENEAN zerbitzuaren bulegoetara joan behar dutenek arazo barik joan ahal izatea. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, funtsezkoa da herritarren eta Jaurlaritzaren arteko zuzeneko harremana, eta are gehiago bizi dugun egoeran, eta komunikazio horri bide ematea”. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak