Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, Covid 19ak sortutako egoeraren aurrean zuzentzen duen Sailak hartutako neurriak azaltzeko
- Sailak hala eskatuta, bultzatutako laguntza-ildoak azaldu ditu, bai eta kulturaren, hizkuntza-politikaren eta kirolaren arloetako egoera arintzeko beste ekimen batzuk ere.
Gasteiz, 2020/05/15
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, Covid 19ak kulturaren, hizkuntza-politikaren eta kirolaren arloetan sortu duen egoeraren aurrean bere Sailak hartu dituen neurriak azaltzeko. Agerraldia berak eskatuta egin da, eta sailburuak bi motatako neurriak zehaztu ditu: krisialdi honek aipatutako arloetan izango dituen ondorioak aztertzekoak eta, bigarrenik, krisiaren ondorioak arintzeko abian jarritakoak.
Kulturaren arloari dagokionez, Zupiria sailburuak balioa eman nahi izan dio Osasun Larrialdia eta Alarma Egoera deklaratu baino lehenagotik kultur sektore desberdinekin eta gainerako erakundeekin izandako etenik gabeko elkarrizketari. Horrela, sektoreko ordezkariekin eta kultur erakundeekin (museoak, Euskadiko Filmategia, kultur jaialdiak…) izandako bilerak zehaztu ditu. Era berean, Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, hiriburuetako alkateak eta Eudel Hakobaren barruan bildu direla azaldu du, egungo egoerari erantzun bateratua emateko. Azkenik, adierazi duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hainbat bilera egin ditu Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol Ministerioarekin eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin.
Neurriak kulturaren arloan
Kulturaren arloan bultzatutako neurri zehatzei dagokienez, sailburuak honako hauek nabarmendu nahi izan ditu:
- Krisiaren eraginaren dimentsioari buruzko datuak izateko asmoz, Kulturaren Euskal Behatokiaren bidez inkesta bat egin zaie sektoreko langile eta sortzaileei. 243 eragilek erantzun diote inkesta horri.
- Eusko Jaurlaritzak kultura arloko langileei zuzendutako aholkularitza zerbitzua jarri du abian. Zerbitzu honen helburua da Covid 19ak eragindako krisiaren ondorioei aurre egiteko abian jarritako laguntza eta neurriei buruzko informazio guztia hurbiltzea. Zerbitzua Kulturklik Pro plataformaren bidez eskaintzen da eta bi tresna eskaintzen ditu: aholkularitza pertsonalizatua eta, horrekin batera, kultur sektore desberdinetako profesional eta eragileei zuzendutako bi gida.
- Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako 'Kulturako langileentzako laguntza-programa'-k 2,5 milioi euro bideratuko ditu profesional horien jarduera ekonomikoa arintzeko, askok kultura-jarduera bertan behera utzi edo atzeratu behar izan dutelako.
- Aste honetan iragarri bezala, beste 2 milioi euro bideratuko dira kulturaren arloko mikroenpresei zuzendutako laguntza-deialdi batera, enpresa horien egiturazko gastuei aurre egiten laguntzeko.
- Eusko Jaurlaritzak, Elkargiren bitartez, autonomoentzako eta enpresentzako likidezia funtsera jotzeko aukera eskaini du. Azken datuen arabera, 406 finantzazio eskaera jaso dira kultura eta kirol arloan, eta oraingoz 177 onartu dira (8,5 milioi euroko balioa izango dute).
- Justizia eta Lan Sailaren bidez, ERTEen kudeaketari erantzun zaio. ERTEen 562 eskaera aurkeztu dira kultura-sorkuntzarekin, arte-sorkuntzarekin eta ikuskizunekin lotutako jardueretan. Era berean, liburutegietatik, artxiboetatik, museoetatik eta beste kultura-jarduera batzuetako enpresetatik jasotako beste 121 eskaerari erantzun zaie.
- Sailburuak azpimarratu du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eutsi egin diela kultura-sorkuntzarako deialdi guztiei, eta egoera berrira egokitzeko lanean ari dela (epeak malgutzea, proiektuak malgutzea eta oraindik argitaratu ez diren deialdiak egokitzea).
- Kulturaren kontsumoari dagokionez, Kultura Sailak eLiburutegiaren eskaintza indartu du, eskariaren hazkunde handiari erantzuteko (mailegu digitaletarako lizentzia berriak erosi ditu eta eLiburutegiaren lantaldea indartu du).
- Liburutegi publikoetako liburuen erosketa handitzen ari da, hurbileko liburu-denden bitartez. Euskarazko liburuak edo Euskadin argitaratutakoak erosteari emango zaio lehentasuna. 2019an 680.000 euro bideratu ziren liburuak erostera, aurten 900.000 euro.
- Etendako kultura-jarduera berreskuratzeko edo aurten diruz lagundutako jardueren ekoizpen-kostuen zati bat finantzatzeko lanean ari da Eusko Jaurlaritza, eta kostu horiek datorren urtera atzeratuko lirateke.
- Etxepare Euskal Institutuak ere bere jarduera egungo egoerara egokitzeko lan egin du.
Hizkuntza politika
Hizkuntza-politikari dagokionez, sailburuak honako ekimen hauek aipatu ditu:
- HABEk egoera berrietara egokitu du euskaltegien jarduera, eta euskaltegiak berriro martxan jartzeko plan bat diseinatu du.
- HABEk hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko egutegia berretsi du, eta ekainaren 12tik aurrera aurrez aurreko azterketak egingo dira berriro.
- Euskaraldiaren bigarren edizioa azarotik aurrera egin dadin lan egin da, ekimena hasi aurreko prozesua egungo beharretara egokituz.
- 'Etxealditik Euskaraldira' ekimena abian jarri da.
- Eusko Jaurlaritza EITBrekin lanean ari da euskarazko ikus-entzunezko eduki berriak eskaintzeko, bereziki eskola-eremutik kanpo euskararekin loturarik ez duten haurrentzat pentsatuta.
- Eremu Sozioekonomikorako Euskararen Plan Estrategikoa egokitzeko lanean ari da Eusko Jaurlaritza.
- Azkenik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza lanean ari da diru-laguntza deialdiak egungo egoerara egokitzeko.
Jarduera fisikoa eta kirola
Azkenik, Zupiria sailburuak azaldu duenez, jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan, besteak beste, honako ekimen hauek jarri dira martxan:
- Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak hurbiltasun eta interes handienarekin erantzun die sektorearen kezkei, maila guztietan: federazioak, klubak, enpresak, instalazio publikoak eta pribatuak eta gainerako erakunde publikoak.
- Berrogeita hamar bat bilera egin dira egoeraren diagnostikoa egiteko eta irtenbideak aurkitzeko.
- Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak federazio guztiei eskatu die beren egoerari buruzko azterketa bat egiteko.
- Federazioei zuzendutako diru-laguntza deialdiak aurreratu dira, 47 euskal federazioek likidezia izan dezaten egoera honetan.
- Federazioen lizentzien ordainketei buruzko txosten bat egin da, eta federazioen esku jarri da, osasun-larrialdi honetan irizpide komunak izan ditzaten.
- Federazioen hauteskunde-prozesuei dagokienez (2020an egin behar ziren), 2021eko ekainera arte luzatu da epea.
- Eusko Jaurlaritza lanean ari da kirol-elkarte eta -klubek Elkargik eta Eusko Jaurlaritzak sortutako finantzaketa-funtsaren bigarren hedapenean parte hartu ahal izan dezaten.