Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak eskerrak eman dizkie gazteei, Covid-19aren osasun-krisian erakutsi duten konpromisoagatik, eta erne egoteari ez uzteko eskatu die

2020.eko maiatzak 15
  • Iñigo Urkulluk topaketa batean parte hartu du hogei bat gazte-elkarterekin; beren bizi-proiektua egokiro garatzeko neurriak eskatzen dizkiote
  • Marcos Muro Enpleguko sailburuordeak esan du gazteek protagonismo berezia izango dutela Eusko Jaurlaritza Covid-19aren efektuaren aurka borrokatzeko prestatzen ari den Talka Planean
  • Enpleguaren Talka Plan horrek 2020an 175 milioi euroko inbertsioa duten eta 2024an 1.670 milioira iritsiko diren ekintzen sustapena jaso du

Iñigo Urkullu lehendakariak, gaur goizean, topaketa batean parte hartu du, Bilbon, gazte-elkarteetako hogei bat ordezkarirekin batera. Lehendakariak elkarte horiei dei egin die osasun-krisialdian “erne egoteari ez uzteko”, eta eskerrak eman dizkie konfinamenduan eta boluntariotzaren bidez erakutsitako konpromisoagatik.

Topaketa Gazteen Euskal Behatokian izan da, eta, bertan, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuak, Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidenteak eta hogei bat gazte-elkartek parte hartu dute. Elkarte horiek, besteak beste, honako hauek dira: Junior Enpresen Euskal Federazioa, Novia Salcedo fundazioa; Kale Dor Kayiko; Erasmus Student Network; EuskarAbentura espedizioa; Ikasle Kontseilua UPV/EHU; GazteGehitu edo Arabako Emakume Gazteen Elkartea.

Iñigo Urkulluk haien ardurak, lehentasunak eta zalantzak entzun ditu, batik bat Covid-19aren osasun-krisiaren ondoriozkoak, eta gazteak alarma-egoeran erakusten ari diren konpromisoaren balioa nabarmendu du.

Horren harira, lehendakariak dei egin die erne jarrai dezaten deskonfinamenduaren fasean. “Euskadi herrialde solidarioa da; ‘Guztion artean’ proiektua adibide ona da. Eskerrik asko zuon konpromisoagatik, eta konpromisoari eustera animatu nahi zaituztet. Konpromiso horri konfinamenduan zehar eutsi zaio. Nik erne jarraitzeko eskatzen dizuet. Ahalegin handia egin dugu, banaka eta taldeka. Ezin dugu pikutara bidali lortu dugun guztia”, esan du lehendakariak.

Enplegua

Era berean, Iñigo Urkulluk azaldu die Eusko Jaurlaritza zenbait programa berbideratzeko eta berraktibatzeko lanean ari dela, besteak beste: gazteak laneratzeko prestakuntza; hezkuntza-mundutik lan-mundura igarotzearekin zerikusia dutenak; gazteak laneratzeko prestakuntza, edo tokiko eta eskualdeko planen sustapena, gazteentzako kuotekin.

Horren harira, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak esan du gazteek protagonismo berezia izango dutela Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren ondorioak arintzeko prestatutako enplegurako Talka Planean. “Talka-plan horretan jaso diren ekintzetarako 2020an 175 milioi euroko inbertsioa jaso da, eta 1.670 milioi euro artekoa izango da, 2024an”, esan die.

Bestalde, Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidenteak lehendakariari esan dio Covid-19ak hankaz gora jarri duela gure bizitza, eta gure eguneroko beharrak eta erantzukizunak aldatu dituela.

Horren harira, Iñigo Urkulluri eskatu dio gazteek beren bizi-proiektua egokiro garatu ahal izateko eta, era berean, gazteriaren -askotariko kolektiboa- aberastasuna islatzen duten neurriak har ditzala. “COVID-19aren krisiak lan handia eskatuko du; hori dela eta, gure ustez gazteen aldeko apustua egin behar dugu eta neurriak hartu, guztiok gure bizi-proiektua egokiro garatu ahal izateko”, esan du.

Enplegua dela eta, Maialen Olabek defendatu du laneratzea hobetzeko neurriak bilatzeko orduan, garrantzia berezia ematea sor daitezkeen lanpostuen kalitateari.

 

------------

Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidentea eta/edo elkarteetako ordezkariak komunikabideei erantzuteko moduan egongo dira.

Harremanetarako:  687.801.723

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Maialen Olabe, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren presidenta; beste batzuen artean