Josu Erkoreka hauteskundeez: "Erabakia ez dago hartuta. Lehendakariak ez du lehentasunik: erabakitzerakoan pertsonen osasuna da garrantzitsuena"
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak prentsaurrean agertu da gaur Lehendakariak Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin egindako bileraren ostean, hauteskunde-deialdia aztertzeko.
Prentsaurrekoan Josu Erkorekak argitu duenez, “Lehendakariak iritzi guztiak entzun ditu. Orain, iritzi horiek baloratuko ditu, erabakia hartuko du eta herritarrei jakiaraziko die”.
Josu Erkorekak azaldu duenez, Lehendakariak euskal alderdi politikoekin hirugarren bilera izan du gaur. Aurrenekoan, martxoaren 16-ean, hauteskunde deialdia indarrik gabe uztea erabaki zuen. Bigarrenean, joan den apirilaren 30ean, hauteskundeak deitzeko dauden bi aukerak aurkeztu zituen: batetik uztaila, bestetik iraila edo urria. Gaur bi aukera hauen aurrean hausnarketa partekatu dute eta horretarako, Lehendakariak hiru dokumentu aurkeztu ditu:
- Osasun Sailaren txostena, osasun-larrialdiari buruzkoa.
- Txosten juridikoa.
- Hauteskundeak berme osoz egiteko hartu beharreko neurriei buruzko txostena.
Hala, Lehendakariak gogoeta bat partekatu du hiru garaitan:
- Euskadi pixkanaka ari da osasun-krisia gainditzen.
- Osasun-arloko lehentasunari eutsiz, beharrezkoa da begirada altxatzea eta beharrezko neurriak abian jartzea ziklo ekonomiko eta sozial berriaren beharrei erantzuteko.
- Hauteskunde-deialdiari buruzko hausnarketa orain egin behar da, bi aukera posible ditugunean.
Bozeramailearen hitzetan, "testuinguru honetan bi hauteskunde eszenatoki posibleak aztertu dira. Orain zentzuzkoa da hori egitea. Egun batzuk barru eszenatoki posible bakarra izango dugu. Orain bi dauzkagu eta aukera daiteke".
Bilerari buruz, Josu Erkorekak azaldu du lehendakariak argi eta garbi azaldu dituela beharrezko baldintzak:
- Lehenengoa: pandemia kontrolatzeko eta osasun-gaitasuna bermatzeko bermea, aurreikus daitekeen bilakaerari erantzuteko.
- Bigarrena: botoa emateko eskubidea gizarte osoari eskuratzeko aukera ematen dioten zerbitzu publiko guztiak izateko bermea.
- Hirugarrena: herritar guztientzako kanpainaren eta hauteskunde-egunaren segurtasun- eta babes-plan bat bermatzea.
Bozeramaileak azaldu duenez, "berme esparru honetan hauteskundeak uztailean deitzeko aukera aztertu da. Aukera horri buruz hausnartzeko unea da; izan ere, pandemiaren bilakaerak atzera egingo balu, aukera alternatiboa iraila/urria izango genuke ". Erkorekak gaineratu duenez, "zentzuzkoena eta arduratsuena aukera hori aztertzea da. Ez bada garaiz egiten eta udazkenean hauteskundeak deitzea galarazten duen atzerapauso bat gertatzen bada, aukerarik gabe geratuko ginateke legealdiaren epemugaren barruan ".
Josu Erkorekak adierazi duenez, ikuspegi demokratikotik, juridikotik eta normalizazio instituzionaletik, ondorioak anomalia sakona lirateke. Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez, "erakundeak prekarietate eta behin-behinekotasun egoeran utziko lituzkete, eta legegintza-ekintzarako gaitasunik gabe, premia handieneko une batean".
Eusko Jaurlaritzaren helburua Legebiltzarra lehenbailehen eratzea da. Bozeramaileak azaldu duenez, egin beharreko lanak bereziki garrantzitsuak dira une honetan:
- Premia berrietara egokitutako aurrekontua onartzea.
- DSBE erreformatzea.
- Lanbideren erreformari ekitea.
- Sektore ekonomikoei, merkataritzari, ostalaritzari, enpresa txiki eta ertainei, lehen sektoreari edo lehiakortasunari laguntzeko legeak onartzea.
Bozeramailearen hitzetan, "beharrezkoa da legeak egin eta neurriak hartu ahal izango dituen Parlamentua. Bitarteko egoera ezin da denboran luzatu. Orain aukera bat dugu berme guztiekin ".
Josu Erkorekak azaldu duenez, "hori izan da Lehendakariak une horretan eta behar besteko aurrerapenarekin partekatutako hausnarketa: une honetan bideragarriak diren bi aukeren alternatiba baloratzea".