EHAAk gaur argitaratu ditu kultura arloko profesionalentzako laguntzak, Alarma Estatuaren adierazpenaren ondorioz jarduerak bertan behera utzi behar izan dituztenei zuzendurik
- Interesdunek bihartik aurrera aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, 10 egun baliodunetan.
- Enplegua eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu du, Lanbideren bitartez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin lankidetzan, eta 2,5 milioi euroko aurrekontua izango du.
Gasteiz, 2020/05/11
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du “Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako Alarma Egoerarengatik jarduera eten edo bertan behera utzi behar izan duten kulturako profesionalentzako diru-laguntza deialdia”. Interesdunek bihartik aurrera aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, 10 egun balioduneko epean. Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatu dute ‘Kulturako profesionalei laguntzeko’ programa hau, eta 2,5 milioi euroko aurrekontua izango du. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak iragan apirilaren 29an onartu zuen deialdia.
Deialdi honen bitartez kulturako profesionalen ekonomia-jarduera lagundu nahi da, jakinda haien kultura-jarduera neurri handi batean eten behar izan dela azken asteotan. Horretarako, Enplegua eta Gizarte Politiketako Sailak, Lanbideren bitartez, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, elkarrekin lan egin dute laguntzak kulturaren errealitate bereziarekin bat etor daitezen.
Onuradunak
Programa hau zuzenduta dago egoitza pertsonala eta fiskala Euskadiko Autonomia Erkidegoan duten, adinez nagusiak diren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean artisten jarduera profesionala duten pertsonei (oharraren amaieran, laguntzak jaso ditzaketen jardueren zerrenda erantsi da). Era berean, deialdian jaso da Covid 19aren ondorioz jarduerak eta programak bertan behera utzi behar izan zaizkiela.
Laguntza horiek jaso ditzaketen pertsonak, gainera, era esklusiboan aritu behar dira profesionalki behar behera geratutako kultura-jardueran. Jarduera horretan esklusiban aritzen direla ulertuko da haien diru-sarreren % 60 hartatik eskuratzen dutenean.
Laguntzen zenbatekoa
Arau orokor gisa, laguntzaren hileko zenbatekoa hauxe izango da: 2019an izandako dirusarrera garbien hileko batez bestekoaren % 70aren baliokidea (betiere kultura edo arteari lotutako jarduera kontuan hartuta). Gehienez 1.200 euro jaso ahal izango dira hile bakoitzean. Pertsona eskatzailea kultura edo artearen arloan profesionalki 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko martxoaren 13ra hasi bada, biak barne, zenbatekoa 950 euro/hilabete izango da (gutxieneko soldata, alegia). Halaber, laguntzak iraungo du 2020ko martxoaren 14tik harik eta Alarma Egoera bukatzea agindu eta kultura- zein arte-arloko ekitaldi kolektibo presentzialetara itzultzea baimentzen den azken egun arte. Gehienezko epe bat ezarri da: 6 hilabete.
Izapidea
Diru-laguntzak jasotzeko eskaerak Lanbideren egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, ahal dela, hau da, www.lanbide.euskadi.eus webgunearen bidez. Baldin eta pertsona eskatzaileak beharrezko bitarteko elektronikorik ez badu, eskaera Zerbitzu Orokorretan edo Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein Enplegu Bulegotan aurkez dezake, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan ezarritako beste edozein bitartekoren bitartez ere.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aholkularitza pertsonalizatu bat eta bi gida jarri ditu martxan kulturaren langileei zuzenduta, Covid-19aren krisiaren aurrean martxan jarritako neurri hauen eta beste batzuen berri emateko. Interesatuek Kulturklik Pro-n eskura dezakete aholkularitza hori (kulturklik.euskadi.eus/aholkularitza/).