Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Euskal administrazio publikoko langileak gaur berriro bueltatzen dira lan presentzialera lanaldi jarraituan eta sarrerako eta irteerako ordutegi malguarekin

2020-05-11
  • Osasun-krisiak irauten duen bitartean, eta pilaketak saihesteko, Eusko Jaurlaritzak 7 orduko lanaldi jarraitua ezarri du, baita 7:30etik 9:00etara bitartean sartzeko malgutasun orokorra eta 14:30etik 16:00etara bitartean irteteko malgutasuna
  • Funtzio Publikoko Sailburuordetzak kalkulatu duenez, langileen % 60 itzuliko dira lan presentzialera, oraindik ere salbuetsita baitaude bereziki sentikorrak diren taldeak, soilik haien kargura 14 urtetik beherakoak edo mendeko adinekoak dituzten langileak eta Telelanaren Programako langileak
  • Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak aditzera eman duenez, “gizartearekin batera egin behar da normaltasun berrira itzultzeko bidea” 

Gaur, astelehena, maiatzaren 11n, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten langileek berriro ekin diote lan presentzialari, mailaz maila, pixkanaka eta, betiere, pertsonen pilaketak saihestuz. Garai berri honetatik aurrera, pertsonen arteko gutxieneko lan-distantziak 2 metrokoa izan behar duenez gero, Eusko Jaurlaritzak zenbait aldaketa fisiko egin ditu altzarietan, eta espazio komunen erabilera murriztu du, distantzia hori mantendu ahal izateko.

Gainera, eraikin publikoetako sarrerako eta irteerako tornuetan pilaketak saihesteko eta lekualdatzeen ondoriozko mugimenduak murrizteko, Eusko Jaurlaritzak eguneko 7 orduko lanaldi jarraitua ezarri du, edozein unetan hartu ahal izango den 20 minutuko atsedenaldiarekin eta sartzeko eta irteteko ordutegi malgu orokorrarekin: langile publikoak 7:30etik 9:00etara bitartean sartu ahal izango dira, eta 14:30etik 16:00etara bitartean irten.

Martxoaren 17tik gaur arte, lan presentziala % 20ra murriztu zen, funtsezko zerbitzu publikoei erantzuteko behar-beharrezkora soilik. Gaurtik aurrera, Eusko Jaurlaritzak kalkulatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten 7.000  langileetatik % 60 itzuliko direla lanera, gainerako % 40 lehen une hauetan salbuetsitako taldeetakoak baitira.

KOLEKTIBO SALBUETSIAK

Gainera, gaur hasi eta, gutxienez, datozen lau asteetan, hiru kolektibo ez dira oraindik lan presentzialera itzuliko:

  • Covid-19arekiko “bereziki sentikorrak" diren taldeetako pertsonek, ez dute, oraingoz, lanpostura itzuli beharko. Horrela aitortu beharko du Prebentzio Zerbitzuko mediku taldeak.
  • Haien kargura 14 urtetik beherakoak edo mendekotasuna duten adinekoak dituzten langile publikoak ezin izango dira jarduera presentzialera itzuli. Zaintza hori behar bezala justifikatu beharko da, eta “nahitaezko eginbehartzat” joko da. Soilik posible izango da bikotea osatzen duen beste pertsonak edo etxebizitza berean bizi den beste adin nagusikoren batek ezin dituenean pertsona horiek haren kargu hartu.
  • Eusko Jaurlaritzako “Telelan Programa” luzatuko da, beste ebazpen batera arte. Programa horren parte diren pertsonek baliabide tekniko guztiak eta ebaluazio profesionalerako sistema guztiak dituzte, haien egiteko ez-presentziala berme osoz betetzeko.
  • Era berean, ez dira lanean hasiko beraien lanpostuetan ezarritako segurtasun- eta osasun-neurri zorrotzak betetzen ez diren langileak.

SEGURTASUN-NEURRI ZORROTZAK

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuei Euskal Autonomia Erkidegoko Negoziazio mahaiaren zenbait bileratan jakinarazi zaienez, Eusko Jaurlaritzak lan presentzialerako itzulera ordenatua eta mailakatua diseinatu du, eta langile guztien eskura jarritako "Prebentzio Neurriak Zehazteko Plana” jasotako segurtasun-baldintza zorrotzetan egingo da itzulera hori. Helburu da, zerbitzu publikoa egitean, zorroztasunez betetzea osasun-agintariek birusaren hedapena saihesteko emandako jarraibideak.

Gainera, lantokirako itzulera Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuarekin koordinatuta egingo da. Zerbitzu horrek arrisku-egoerak ebaluatu ditu, eta zerbitzu eta lanpostu bakoitzerako prebentzio-neurriak ezartzen ari da. Prebentzio-neurri horiek etengabe eguneratuko dira:

  • Sarbidea kontrolatuko da, sarbideko tornuetan pertsonen pilaketak saihesteko.
  • Haien lan motagatik nahitaezko 2 metroko tartea mantendu ezin duten langileei maskarak eta norbera babesteko ekipamenduak zuzkituko zaizkie.
  • Funtsezkoak ez diren lan-bilera presentzialak bertan behera geratuko dira.
  • Funtsezkoak ez diren kanpoko lan guztiak etengo dira.
  • Igogailuko bidaia bakoitzean pertsona batek soilik bidaiatu ahal izango du.
  • Eusko Jaurlaritzako lantokietako jantoki-zerbitzuek bertan behera jarraituko dute.
  • Lan-espazioen higienerako eta garbiketarako plan bereziak aplikatuko dira.
  • Langile guztien esku jarriko dira norberaren higienerako produktuak.
  • Uniformea eskatzen duten lanpostuetarako higiene-protokoloak prestatu dira, uniformeak tenperatura handiko garbiketa-gunera eramateko, eta abar.
  • Lantokitik urrun bizi diren langileen kasuan, joan-etorriak ibilgailu pribatuetan egin daitezen sustatuko da eta garraio publikoko edo itunpeko garraioko bidaiak ahalik eta gehien mugatuko dira.

NORMALTASUN BERRIA

Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak ziurtatu duenez, langile publikoak lan presentzialera itzuliko dira, baina “beti, Osasun Publikoaren arloko agintaritzaren gomendioei jarraituz, langile publikoen segurtasunerako eta osasunerako ahalik eta berme handienekin lan egin dadin”. Horrez gain, “etengabe ari gara prebentzio-protokoloak eta -neurriak lantzen eta berrikusten, lantokiak seguruak izan daitezen eta langile publikoen osasuna beti zaindu dadin” erantsi du. Funtzio Publikoko sailburuordeak nabarmendu duenez, "zentral sindikalekiko negoziazioa handia izan da, eta, besteak beste, negoziazio horren emaitza da langile publikoen ordutegia are gehiago malgutzea, edo lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko arrazoiengatik aurrez aurreko lanean hastea atzeratuko duten langileen kolektiboak ugaritzea". 

Zearretak, halaber, hau adierazi du: “lan presentzialerako itzulera lotu beharko zaio gizartearen normaltasun berrira itzultzeko pixkanakako prozesuari. Ezin gara atzetik joan. % 100 aktibo dagoen Administrazioa eduki beharko dugu, herritarrei zerbitzurik onena eskaintzeko eta maila sozialean eta ekonomikoan ditugun erronkei guztion artean aurre egiteko”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)