Elkarlan Sariak
Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailak ahalegin guztia egin dute Sareen Sarea-ren #125milaesker kanpaina birala bultzatzeko

2020-05-10
  • “Sareen Sarea eta Euskadiko hirugarren sektore soziala eredu eta oinarri zarete gizarte bidezkoago eta hobe batentzat”, esan du Iñigo Urkulluk
  • Beatriz Artolazabalek eskerrak eman dizkio José Ángel Cuerda Vitoria-Gasteizko alkate ohiari, pertsona ahulenen alde eginiko lan eskuzabalagatik
  • Euskadiko hirugarren sektore sozialak 40.000 enplegatu inguru ditu, eta 160.000 boluntario baino gehiagoren gizarte-partaidetza bideratzen du

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 10a

Datorren asteartea, maiatzaren 12a, Euskadiko hirugarren gizarte-sektorearen eguna izango da; gaur egun 3.900 entitate baino gehiago ditu, eta gizartea eraldatzeko elkartasun antolatua erakusten du. Euskadiko hirugarren sektore sozialak 40.000 enplegatu inguru ditu, eta 160.000 boluntarioren gizarte-partaidetza bideratzen du. 2018koak dira dauden azken datu ekonomikoak, eta, urte horretan, gizarte-erakundeek 1.736 milioi euroko bolumen ekonomikoa kudeatu zuten, alegia, euskal BPGd-aren % 2,3ren baliokidea.

Aurten, Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz, Sareen Sareak erronka gisa Euskadiko hirugarren sektore sozialak esku hartzen duen eremuren batean lan egiten duen pertsona zehatz batentzat 125.000 esker-mezu lortzea proposatu du.

Ekimena gizarte-sareen bidez sustatzen da. #125MilaEsker traola 12-5ean oinarritzen da, 2016an Eusko Legebiltzarrean Euskadiko hirugarren sektore sozialaren Legea onetsi zeneko eguna eta hila. Hori dela eta, 125.000 esker-ahots lortu nahi dira, eta, dagoeneko, Artolazabal sailburuaren eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko arduradun-talde osoaren babesa lortu da.

Osasun-krisi honetan kolektibo ahulenekin ahalegin guztia egin duten milaka pertsonei esker ona adierazteko, Iñigo Urkullu lehendakariak ere Sareen Sarearen erronkarekin bat egin du, eta Marian Bilbao Cáritaseko boluntarioa aukeratu du, Cáritasen eta beste gizarte-erakunde batzuen bidez zenbait hamarkadaz Alonsotegin, Iñigo Urkulluren jaioterrian, beharrizan gehien duten pertsonen alde egiten duen lanagatik.

Esker ona, nolanahi ere, lehendakariak osasun-krisialdi honetan kolektibo ahulenekin ahalegin guztia egiten ari diren milaka pertsonei ere helarazi die. “Marian, Sareen Sarea eta Euskadiko hirugarren sektore soziala eredu eta oinarri zarete gizarte bidezkoago eta hobe batentzat”, esan du lehendakariak. 

Bestalde, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak José Ángel Cuerda Vitoria-Gasteizko alkate ohiaren lan eskuzabala eta konprometitua nabarmendu du. Euskadin milaka pertsonak “benetan gizarte bidezkoagoa” eraikitzeko egiten duten lanaren adibide da, eta, gaur egun, beste aktibo militante bat hainbat gizarte-erakundetan.

Mezu gehiago

Era berean, Lide Amilibilia Gizarte Politiketako sailburuordeak eskerrak eman dizkio Iñigo Pombo Gizarte Politiketako sailburuorde ohiari; izan ere, “bertan izan da, beharrizan gehien izan dituztenekin”, proiektu zehatzen bidez. Marcos Muro Enplegu sailburuordeak Txema Franco Lantegi Batuak-ekoak enplegu-zentro berezietatik inklusioaren alde egiten duen lana nabarmendu du, eta Amaia Arteaga Enpleguko zuzendariak nabarmendu du Nerea Rubiok Bagabiltza emakume-elkartean egiten duen lan garrantzitsua.

Irune Muguruza Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak Angelines Ortiz de Arrizabaletari eman dizkio eskerrak, “Cáritas bidez eta bere kabuz” gizarte-bazterketarako arriskuan dauden familia, adingabe eta migratzaileekin Agurainen egiten duen lanagatik.

Agurtzane Llano Gazteriako zuzendariak eskerrak eman dizkio Encina Castresanari, Elikagaien Bankuko laguntzaileari eta Artziniegan emakume etorkinen irakasle denari, “Sareen Sarean dauden milaka emakumeen adibide ona izatearren”.

Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak Tere Ramos nabarmendu du, Amurrion Laguntzako boluntario-lanetan diharduenean egiten duen lanagatik, lehen mailako beharrei erantzuteko ahaleginetan -besteak beste, pertsona kalteberentzako jatekoa edo arropa- egiten duen lan guztiagatik.

Azkenik, Noemi Ostolaza saileko aholkulariak eskerrak eman dizkio Amaia Gozategi Urbietari, Mandalara Kultur Taldekoari, sufritzen duten pertsonei doluan eskaintzen dien lanagatik eta laguntzagatik.

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna dela eta, lehendakaria, datorren asteartean, maiatzaren 12an, Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko bileraren buru izango da; bilera Lehendakaritzaren egoitzan izango da, eguerdiko ordu batean. Bertan izango dira, aurrez aurre edo telematikoki, hirugarren sektore sozialeko hogei bat ordezkari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Saileko ordezkariak ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)