Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzak ibilgailu pribatuak ere aztertu ditu eskola-garraioa zaintzeko kanpainan

2011.eko maiatzak 20

Trafikok neurri hau ezinbestekotzat jo du EAEko eskola-ume guztien segurtasuna zaintzeko

Ertzaintzaren Trafikoko Unitateek eskola-umeak garraiatzen dituzten 170 autobus zaindu dituzte guztira maiatzean adingabeen garraiatzeko derrigorrezkoak diren segurtasun neurri guztiak hartzen dituztela ziurtatzeko. Oraingoan, hiru mila ibilgailu pribatutik gora ere aztertu dituzte agenteek. Guztiak ere, umeak eskolara eramateko erabilitako ibilgailuak izan dira eta segurtasun-uhalak eta umeentzako aulkiak behar bezala erabiltzen zituztela ziurtatzeko egin zaizkie kontrolak.

Eskola-garraioa zaintzeko azken kanpainaren barruan, Ertzaintzaren Trafikoko Lurralde Unitateek 38 kontrol egin dituzte eta horietan, eskola-umeak garraiatzen dituzten 170 autobus aztertu dituzte guztira. Kontrol mota bi egin dituzte. Lehenengoa, autobusen ibilbideetan egin dute, ikasleek segurtasun-uhalak eta bestelako segurtasun-sistemak erabiltzen dituzten baieztatzeko. Bigarrena, ikastetxearen inguruetan egin dute, ibilgailuen gainerako baldintza teknikoen egoera egiaztatzeko. 

Aipatutako kontroletan oinarrizko segurtasun-sistemak (segurtasun-uhalak eta egokitu daitezkeen aulkiak, batez ere) egoera onean zeudela egiaztatu dute. Ibilgailuaren beraren hainbat elementu tekniko ere aztertu dituzte: karrozeria, takografoak eta gurpilen egoera, besteak beste. Era berean, eskola-garraioko ibilgailuen bereizgarria daramaten, eskaileren hegalek kolore biziak dituzten eta larrialdi egoeretan ateak irekitzeko sistemak ondo dabiltzan egiaztatu dute. Horrez gain, gidariei dagozkien bestelako neurri batzuk betetzen direla ere ziurtatu dute, atseden hartzeko tarteak, esaterako. 

Baita ibilgailu pribatuak ere

Oraingoan, autobusez gain, guraso eta senideek umeak eskolara eramateko erabiltzen dituzten ibilgailu pribatuak ere kontrolatu ditu Ertzaintzak. Izan ere, ikasleen ehuneko handi bat ibilgailu pribatuetan eramaten dute eskolara egunero. Datu horren aurrean, Trafiko Zuzendaritzak beharrezkotzat jo du kanpaina barruko kontrolak halako ibilgailuetara ere luzatzea, segurtasun mailak bere osotasunean bermatzeko.

Ibilgailu pribatuei zuzendutako 353 kontrol egin dira: 150 Araban, 118 Bizkaian eta 85 Gipuzkoan. Guztira 3.344 ibilgailu aztertu dituzte, segurtasun-uhalak eta haurren aulkien egoera eta erabilera egokiak zirela egiaztatzeko.

Ehun bat salaketa

Kanpainak iraun duen bitartean, Ertzaintzaren Trafikoko patruiletako agenteek 96 salaketa gauzatu dituzte. 10 salaketa autobusen aurka izan dira: 8, ibilgailuen baldintza teknikoen egoera behar bezalakoa ez izateagatik eta 2, segurtasun-uhalei dagozkien arau-hausteak zirela medio. Gainontzeko 86 salaketak ibilgailu pribatuen aurka jarri dituzte agenteek: horietatik 52, segurtasun-uhalei eta haurren aulkiei buruzko arauak ez betetzeagatik eta beste 34, bestelako arau-hausteengatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko