Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Eusko Jaurlaritzak proposatu du Euskadiko uda kulturala ekainaren 1ean hastea

2020.eko maiatzak 07
  • Iñigo Urkullu Lehendakariak proposamen bat aurkeztu die hiru diputatu nagusiei, hiriburuetako alkateei eta Eudeli, udan kultura-ekitaldiak, jai-ekitaldiak eta bestelako jarduera soziokulturalak antolatzeko eta garatzeko irizpide zehatzak jasotzen dituena

Iñigo Urkullu Lehendakaria proposamen bat aurkeztu die, gaur arratsaldean, hiru ahaldun nagusiei eta Gasteizko –kasu honetan Eudeleko presidente gisa ere–, Bilboko eta Donostiako alkatei, udan kultura-ekitaldiak, jai-ekitaldiak eta bestelako jarduera soziokulturalak antolatzeko eta garatzeko irizpide zehatzak jasotzen dituena. Eusko Jaurlaritzaren helburua da irizpide horiek ekainaren 1etik aurrera ezartzen hastea eta, ondorioz, data horretatik aurrera hasiko litzateke Euskadin uda kulturala. Dokumentua Osasun Sailaren txosten gehigarri baten zain dago, Eudelek eskatuta; izapide hori gainditu ondoren, irizpide horiek Bizi Berrin integratuko dira, Eusko Jaurlaritzaren Normaltasun Berrirako Trantsizio Planean.

Lehendakaritzan egindako bilera honetan izan dira Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia; Unai Rementeria, Bizkaiko ahaldun nagusia; Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Gorka Urtaran, Gasteizko alkate eta Eudeleko presidentea; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; eta Eneko Goia, Donostiako alkatea. Lehendakariak azaldu duenez, euskal erakundeek asteak daramatzate lanean datozen hilabeteotako bizimoduaren nondik norakoak aztertzen eta lantzen. Joan den apirilaren 23an iragarri zuten bezala, beste gai batzuen artean, elkarlanean aritu dira adosteko kultur ekitaldiak, jai herrikoiak eta bestelako ekimen soziokulturalak egiteko baldintzak.

Arratsaldeko bileran, erakundeek ekarpen berriak egin dizkiote dokumentu horri, eta Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du datorren astelehenerako erantzuna emateko, Osasun Sailaren oniritziarekin.

Hainbat arlo

Horrela, dokumentuaren helburua da erakundeen artean irizpide argi eta zehatz batzuk finkatzea, modu adostuan. Erakundeek adostutako neurriek honako arlo hauek hartuko dituzte:

  • Museo eta erakusketa aretoak
  • Kultura jaialdi jendetsuak.
  • Kirol ikuskizun jendetsuak.
  • Ospakizunak.
  • Hondartza, igerileku eta parkeak.
  • Udalekuak.
  • Liburutegiak, ikasgelak eta liburu azokak.
  • Kirol azpiegiturak eta ikastaroak.
  • Erlijio jarduerak.
  • Herrietako jaietako antzerki emanaldiak toki itxietan.
  • Kaleko emanaldiak (antzerkia, musika eta zirkoa).
  • Txosna eta taberna ez profesionalak.

Adostutako neurriak

Adostuko diren irizpideen oinarriak honako hauek dira:

  • Edozertarako oinarri nagusia izango da pertsonen artean gutxieneko tarte bat egotea, baita pertsonen joan-etorrietan pilaketak ekiditea ere.
  • Garbitasun arauak zorrozki bete eta betearaztea.
  • Pertsonen joan-etorriak, tarte fisikoa eta garbitasuna bermatuko duten jardunak baino ez lirateke antolatu beharko.
  • Euskal erakundeek ez dugu antolatuko edo babestuko neurri horiek bermatu ezin dituen ekitaldi, emanaldi, festa, jaialdi, jardun edo ikuskizunik.
  • Bertan behera geratzen diren ekimenen ordez, bizitza soziala, kulturaren kontsumoa eta aisialdia posible egingo duten ekimenak bultza eta antolatu behar ditugula euskal erakundeetatik.

Irizpide horiek kulturaren, kirolaren eta aisialdiaren arlo ezberdinetako ordezkariekin egin diren bileretara eraman dira, eta kontrastea egin dute. Prozesu horren ondorioz protokolo zehatzak finkatu dira, oraingoz, museotarako, liburutegi eta ikasgeletarako, zine-aretoetarako eta kirol emanaldietarako. Erakundeen helburua da protokolo horiek arlo guztietan adostu eta Osalanera bidaltzea, bakoitzak bere fitxa izan dezan, Lan eta Osasunaren arloko prebentzioari lotutako berme osoa izan dezaten.

Eusko Jaurlaritzaren helburua da irizpide horiek ekainaren 1etik aurrera indarrean sartzea; hortaz, ekainaren batetik hasiko da Euskadiko uda kulturala: irekiko dira Euskadiko museoak, kulturgunea, liburutegiak, irakurgelak, zine aretoak eta hasiko dira antolatzen, apurka-apurka, kultur emanaldiak, beti ere osasun eta segurtasun baldintzetan. Maiatza erabiliko da arloz arlo irizpideak beteko direla bermatzeko.

Horrekin batera, aipatu behar da irizpideak jaso dituen dokumentua bizia izango dela, eta etengabe eguneratuko dela, gaixotasunaren bilakaeraren arabera. Behin irizpide horiek ezarrita, erakundeen ardura izango da horiek betearaztea. Erakunde bakoitzaren ardura izango da, bere eskumenen arabera, erabaki zehatzak hartzea.

 

Iruzkin bat
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2020.eko maiatzak 14

    Kaixo. Jakin nahi nuen ea jada "Osasun Sailetik oniritzia" jaso den (astelehen honetan egingo zuela jartzen du), eta noiz eta non argitaratuko diren " jarduera soziokulturalak antolatzeko eta garatzeko irizpide zehatza" horiek. Eskerrik asko

Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)