Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Euskadik eta autonomia-erkidegoek erronka demografikoei buruzko proposamenak prestatu dituzte Europar Batasuneko Enpleguko eta Gizarte Politiketako EPSCO Kontseiluarentzat

2020.eko maiatzak 05

 

Euskadik eta autonomia-erkidegoek erronka demografikoei buruzko proposamenak prestatu dituzte Europar Batasuneko Enpleguko eta Gizarte Politiketako EPSCO Kontseiluarentzat

  • Gaur, asteartean, Europako ministroek bideokonferentziaz erronka demografikoen eragina aztertu dute, bai eta lan-merkatua ere
  • Ekainaren 11n, Luxenburgon, EPSCO kontseilu berria sei hileko ondorioekin

Brusela, 2020-05-05

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak gainerako autonomia-erkidegoei gaur Bruselan Europar Batasuneko enpleguko eta gizarte-politiketako ministroek izandako bileraren berri eman die; bideokonferentzia bidez, erronka demografikoen eragina aztertu dute, bai eta lan-merkatua eta gizarte-politikaren neurriak ere estatu-mailan eta Batasunaren mailan, ekonomia-susperraldirako ahaleginen barruan.   Epsco Kontseiluaren aurrean erkidegoen ordezkari den aldetik, urteko lehen seihileko honetan, Euskadik autonomia-erkidegoek enpleguaren eta gizarte-politiken arloan duten baterako jarrerari buruzko idazketa sustatzen du. Ekainaren 11n, hasiera batean EPSCO Kontseilua egingo da, erronka demokratikoen ingurukoa, eta ondorioak ezarriko ditu.

Gaurkoa Kroaziako Presidentetzan egin den enpleguko eta gizarte-politiketako ministroen bigarren bideokonferentzia izan da; aurrekoa martxoaren 19an izan zen. Martxoaren 19koan bideokonferentzia bidez eztabaidatu zen COVID-19aren pandemiaren lan- eta gizarte-ondorioak arintzeko neurriei buruz.

Gaurko bideokonferentziako presidente izan dira, batera, Josip Aladrović laneko eta pentsio-sistemako ministroa eta Vesna Bedeković demografiako, familiako, gazteriako eta gizarte-politikako ministroa; bertako gai nagusiak suspertze ekonomikorako estrategia posibleak izan dira, lan-merkatuari eta gizarte-neurriei lotuta, bai eta erronka demografikoei lotuta ere. Era berean, Dubravka Šuica Europako Batzordeko demokraziako eta demografiako presidenteordeak, Nicolas Schmit enpleguko eta gizarte-eskubideetako komisarioak eta Batasuneko gizarte-solaskideek parte hartu dute.

Suspertzeko estrategiak

Ministroek estatu kideek abian jarritako estatu-neurriak aurkeztu dituzte, bai eta sartzea aurreikusten dituztenak ere: laneko denbora-eskemak epe laburrerako eta kanporatzeko neurriak; ETEentzat atzeratutako edo murriztutako zergen ordainketak; enpresei publikoki bermatutako maileguak; errentaren gaineko zergaren, maileguen eta alokairuen aldi baterako etetea langile autonomoentzat, eta turismoan eta nekazaritzan urte-sasoiko langileentzako laguntza.

Horren harira, Batzordeak honako hau nabarmendu du: “garrantzitsua da prozesua bizkortu eta SURE tresnari buruzko amaierako akordio batera iristea ekainaren 1a baino lehen; tresna horrek 100.000 milioi euro arte emango ditu estatu kideentzako maileguetan, lanaldi murriztuaren xedapen nazionalak sortu edo zabaltzearekin lotutako kostuen zati bat ordaintzeko". Gizarte-solaskideen eginkizuna garrantzitsua dela nabarmendu zuen, eta baterako ikuspegia behar dela.

Nicolas Schmit komisarioak honako hau esan du: “koronabirusaren pandemiaren ondorio sozioekonomikoak leheneratzeko, estatu kideen artean sekula ez bezalako esfortzua eta koordinazioa beharko dira. Batasun erresilienteagora, bidezkoagora eta jasangarriagora bideratu behar da. EBko osasun- eta segurtasun-arauak erabat bete behar dira. Gizarte Eskubideen Europako Zutabeak jarraitzen du gure iparrorratza izaten”.

Erronka demografikoak

Europako Batzordeak aldaketa demografikoaren eraginari buruz eginiko txostenaren amaiera aurreratu dute, eta parte-hartzaileek, hala, COVID-19aren pandemia dela eta estatu kideek aurrez aurre dituzten erronka demografikoei heltzeko modurik onenari buruzko ikuspuntuak elkarrekin trukatu dituzte.

Ministroek honako hau nabarmendu dute: “gobernu-maila guztietan estrategia sendoak ezartzeko beharra, demografian pandemiaren eragina arintzeko, bereziki talde kalteberak direnean, esaterako, adinekoak. Estatu kide guztiek elkarrekin lan egin behar dute, eraginik gehien jasaten duten guneak erakargarriak izan daitezen belaunaldi gazteenentzat”. Ministroen eztabaidaren emaitzak informazio baliagarria emango du Batzordeak aldaketa demografikoaren eraginari buruz prestatutako txostena amaitzeko, eta Europar Batasunaren mailan etorkizuneko eztabaida eta politiketarako jarraibideak ezarriko ditu.

Aldaketa demografikoak

Europako Batzordeak nabarmendu du aldaketa demografikoei buruzko txostena prestatu duela, eta txostenak EB mailan egoera demografikoaren zeharkako ikuspegia eskainiko duela. Batzordeak, halaber, egungo egoera demografikoarentzako erantzunak emango ditu, COVID-19aren testuinguruan, zahartzeari buruzko Liburu Berde baten bidez, eta nekazaritzako inguruetarako estrategia baten bidez.

Era berean, honako hau azpimarratu du: "hiru europarretik bat biztanle-kopuruaren murrizketa bizi duen eskualde batean -batik bat nekazaritzako inguruak- bizi da”.

Dubravka Suica demokraziako eta demografiako presidenteordeak honako hau esan du: “Europako Batzordeak konpromisoa hartu du ahalegina egiten jarraitzeko, sozietateei eta Europako ekonomiari funtzionamendu normalera eta hazkuntza jasangarri eta integratzailera itzul daitezen laguntzeko. Aldaketa demografikoaren eraginari buruzko txostenak eginkizun garrantzitsua izango du koronabirusaren krisialdiaren ondoren; izan ere, zahartzeari eta nekazaritzako inguruari buruzko jarraipen-politiken ekimenak abiaraziko ditu, eta epe luzerako lehengoratzerako laguntza eskainiko du”.

Azkenik, Batzordeak honako hau nabarmendu du: “guztiek ez dituzte eraginak era berean jasaten. Garrantzitsua da gazteak babestea eta, hori dela eta, Batzordeak, laster, gazte-berme eguneratua proposatuko du, eta haur-bermeari buruzko ekimena prestatzen ari da, bai eta gutxieneko errentei buruzko baterako arauak ere”.

Iruzkin bat
  • 2020.eko maiatzak 06

    Gestionar bien el tema de movimientos poblacionales hagan aumentar o disminuir población en distintos lugares por fenómenos adversos ya sea por climatología cambio climático y fenómenos enfermedades emergentes cambio de hábitat de otras especies, como que haya que poner en las finanzas una especie de tubo de Pascal los desniveles se vayan equilibrando calculando la inercia de recuperación trabajo humano, ya sea remunerado o mal o no remunerado.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Nicolas Schmit, Dubravka Suica,Vesna Bedeković, Josip Aladrović