Eu

Euskal Administrazio Publikoko langileak datorren astelehenetik, hilaren 11tik, aurrera lan presentzialera itzuliko dira, baina mailakatuta egingo dute (Gobernu Bilera 2020-05-05)

2020.eko maiatzak 05
  • Oraingoz, ez dute lantokira itzuli beharko bereziki sentikorrak diren taldeetako pertsonek eta haien kargu bakarrera 14 urtetik beherakoak edo mendekotasuna duten adinekoak dituztenek
  • Eusko Jaurlaritzak neurri bereziak hartuko ditu kontzentrazioak saihesteko eta 2 metroko lan-distantzia bermatzeko.
  • Herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzen dieten zerbitzuak izango dira normaltasunera itzultzen azkenak

 Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak gaur aurkeztu dio Gobernu Kontseiluari "Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileak lan presentzialera itzultzeko planaren" zirriborroa. Helburua da datorren astelehenean, hilaren 11n, langile publikoak Eusko Jaurlaritzako lantokietara modu ordenatuan, mailakatuan eta segurtasun-baldintza zorrotzetan itzultzea. Horretarako, “Kontingentzia Plan” bat egin da, eta plan horrek uztartuko ditu, batetik, zerbitzu publikoa egitea eta, bestetik, zorroztasunez errespetatzea osasun-agintariek birusaren hedapena saihesteko emandako jarraibideak.

Plan hori, gaur, asteartea, jakinarazi zaie Euskadiko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako negoziazio kolektiborako mahaiko bileran bilduta zeuden ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuei. Horrez gain, atzo, koordinazio-bilera egin zuen autonomia-erkidegoko sektore publiko osoak, hilaren 11tik aurrera guztiek norabide berean aurrera egiteko.

 OSASUN-IRIZPIDEAK

Joan den martxoaren 17an, Osasun Publikoaren arloko agintaritzaren gomendioei jarraituz, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen bere eraikinetan ahalik eta gehien mugatzea langile publikoen presentzia. Orduz geroztik, eta gaur arte, lan presentziala % 20ra murriztu da. Une honetan, funtsezko zerbitzu publikoa egiteko behar-beharrezkoak eta ezinbestekoak diren pertsonak soilik joaten dira lantokira.

Orain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideei jarraituz, deskonfinamendua hasi eta lanpostuetara mailaz maila itzultzen hasten da, betiere zorroztasunez bete beharreko bi baldintza hauekin:

  • Pertsonak pila daitezen saihestea.
  • Lanean nahitaez 2 metroko tartea, gutxienez, mantentzea.

Lantokirako itzulera Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuarekin koordinatuta egingo da. Zerbitzu horrek arrisku-egoerak ebaluatu ditu, eta zerbitzu eta lanpostu bakoitzerako prebentzio-neurriak ezartzen ari da. Prebentzio-neurri horiek etengabe eguneratuko dira.

FUNTZIO PUBLIKOKO SAILBURUORDETZAREN EBAZPENA

Langile publikoak lantokietara itzultzeko prozesua Funtzio Publikoko sailburuordearen ebazpen bidez artikulatuko da. Aste hau amaitu aurretik sinatu eta argitaratuko da ebazpen hori. Ebazpen horretan ezartzen denez, astelehenetik, hilaren 11tik, aurrera eta, gutxienez, lau asteren barruan, langile guztiek itzuli beharko dute haien lanpostura, hiru salbuespenekin:

  • Covid-19arekiko “bereziki sentikorrak" diren taldeetako pertsonek, ez dute, oraingoz, lanpostura itzuli beharko. Horrela aitortu beharko du Prebentzio Zerbitzuko mediku taldeak.
  • Haien kargura 14 urtetik beherakoak edo mendekotasuna duten adinekoak dituzten pertsonak ezin izango dira jarduera presentzialera itzuli. Zaintza hori behar bezala justifikatu beharko da, eta “nahitaezko eginbehartzat” joko da. Soilik posible izango da bikotea osatzen duen beste pertsonak ezin dituenean pertsona horiek haren kargu hartu.
  • Eusko Jaurlaritzako “Telelan Programa” luzatuko da, beste ebazpen batera arte. Programa horren parte diren pertsonek baliabide tekniko guztiak eta ebaluazio profesionalerako sistema guztiak dituzte, haien egiteko ez-presentziala berme osoz betetzeko.

ITZULERA BALDINTZATUA

Aste honetan, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu-zuzendaritza bakoitzak, eta erakunde autonomoetako langileak kudeatzeko organo bakoitzak, lan mota bakoitzerako antolamendu-neurri propioak eta bereziak zehaztu eta jakinarazi beharko ditu. Lan hori errazteko, Eusko Jaurlaritzak etengabe eguneratuko diren zenbait jarraibide orokor eman ditu:

  • Sarbidea kontrolatuko da, sarbideko tornuetan pertsonen pilaketak saihesteko.
  • Haien lan motagatik nahitaezko 2 metroko tartea mantendu ezin duten langileei maskarak eta norbera babesteko ekipamenduak zuzkituko zaizkie.
  • Debekatuta daude funtsezkoak ez diren lan-bilera presentzialak.
  • Igogailuko bidaia bakoitzean pertsona batek soilik bidaiatu ahal izango du.
  • Eusko Jaurlaritzako lantokietako jantoki-zerbitzuek bertan behera jarraituko dute.
  • Lan-espazioen higienerako eta garbiketarako plan bereziak aplikatuko dira.
  • Langile guztien esku jarriko dira norberaren higienerako produktuak.
  • Uniformea eskatzen duten lanpostuetarako higiene-protokoloak prestatu dira, uniformeak tenperatura handiko garbiketa-gunera eramateko, eta abar.

Horrez gain, Osasun Publikoko Zuzendaritzak lantokitik urrun bizi diren langile guztiei gomendatzen die joan-etorriak ibilgailu pribatuetan egitea eta garraio publikoko edo itunduko bidaiak ahalik eta gehien murriztea.

HITZORDU BIDEZKO ZERBITZU PRESENTZIALAK

Astelehenean hasiko den itzulera mailakatu horretan, herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzen dieten zerbitzuak izango dira normaltasunera itzultzen azkenak. Eusko Jaurlaritza administrazio-prozedura guztiak aztertzen ari da, zehaztu nahi da zer prozedura bidera daitezkeen soilik bide telematikotik eta saihestu nahi da jendea administrazio-bulegoetan egotea. Gainera:

  • hal den lekuan, Eusko Jaurlaritzak babes kolektiborako manpara babesleak instalatuko ditu.
  • Hitzordu-sistemak ezarriko dira, bulegoetan jende-pilaketak saihesteko eta urruntzea bermatzeko.
  • Gel hidroalkoholikoen banagailuak instalatuko dira jendea dagoen espazio guztietan.
  • Herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzen zaien espazioen garbiketarako plan espezifikoak prestatuko dira.
Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2020.eko maiatzak 05

    Sí, refieriendome en todo momento a Lakua, quería saber si se ha previsto el caos circulatorio y la dificultad de aparcamiento que se crearía por la afluencia de vehículos privados en la zona. En todo caso, ¿se ha pensado el gasto innecesario que supondría tener que llegar en vehículos privados? Doy por hecho que la protección del medio ambiente y el cambio climático quedan, una vez más, en enésimo lugar de las prioridades del GV.

    También, si se ha tenido en cuenta, dadas las restricciones de uso de ascensores, la cantidad de personas que se van a encontrar en las escaleras (en el edificio de Lakua I, particularmente) arriba y abajo a las horas de entrada y salida, donde dudo mucho que se pueda mantener el distanciamiento.

    Finalmente, aunque no se comenta nada sobre el tipo de jornada, se supone que será el actual de 35 horas semanales en jornada continua, dado que si el comedor va a estar cerrado y también los estarán los bares y restaurantes de la zona, no habría posibilidad de comer.

Komunikabideek behera kargatzeko