Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak
Eu

HORECA kanalaren itxieraren ondoren Idiazabal gaztaren eskariak behera egin duenez, gazta mota hori kontsumitzeko deia egin zaio euskal gizarteari

2020.eko apirilak 30

• COVID 19aren eraginez zailtasunak aurreikusten ziren Euskadiko artzainentzat: batetik, HORECA kanalaren itxiera dela tarteko, eta, bestetik, horren ondorioz, ardi esnearen bilketan murrizketa izan delako

• TGT eta AGOUR enpresek baliatuko dute sobera dagoen esnea, bereziki Idiazabal gazta ekoizteko, baina baita Eusko Label izenpean egindako sei gazta mota berri ekoizteko ere; guztiak eskuragarri egongo dira linealetan, datozen hilabeteetan

• Aurki, sustapen kanpaina bat jarriko da martxan, Idiazabal gaztaren kontsumoa bultzatzeko

COVID 19aren eragina Euskadiko ardien sektorera eta artzainengana ere iritsi da. Esnearen salmentan zailtasunak aurreikusten zituzten, HORECA kanalaren itxierak Idiazabal gaztaren eskaria murriztu duelako. Zailtasun horiei, ordea, aurre egin zaie, TGT eta AGOUR enpresek 250.000na litro ardi esne erosi baitituzte, Idiazabal gazta eta Eusko Label esnez egindako sei gazta mota berri ekoizteko. Horri esker, merkatuaren segmentu zabalera iritsiko dira, eta euskal esnekien ekoizpenari irtenbidea bilatuko zaio. Dorrea enpresaren lankidetzari esker egin ahal izan dute erosketa.

Idiazabal

COVID-19aren eraginez Idiazabal gaztaren eskariak izandako beherakadari aurre egiteko, HAZI, Eusko Jaurlaritzaren Fundazio Publikoak sustapen kanpaina bat jarriko du abian, Idiazabal gaztaren kontsumoa bultzatzeko. Gazta hori euskal gazta nagusia da merkatuan, kalitateagatik, bikaintasunagatik eta jatorri ziurtatuagatik, bai eta ekoitzitako unitate gehien dituena ere.

Sustapen kanpaina honetan, saltoki txikiak eta banaketa enpresa handiak batzea espero da, Euskadiko kontsumitzaileari nekazaritza sektoreko produktu izarretako bat eskaini ahal izateko. Gaur egun, 350etik gora ustiategi, 123 gaztandegi (53 Gipuzkoan, 22 Araban, 16 Bizkaian eta 32 Nafarroan) eta 4 enpresa egile daude inskribatuta Idiazabal Jatorri Izendapenaren esparruan. Urteko ekoizpena 1.350.000 kilo ingurukoa da. Aipatzekoa da Idiazabal gazta egiten duten artzainen %53 artisauak direla, Artzai Gaztako kideak.

Euskal Gaztak

Euskadik Eusko Label esnez egindako 6 gazta berri izango ditu aurki. Era askotako gaztak izango dira, behi, ardi edo ahuntz esne gordinez edo pasteurizatuz eginak. Euskal gazten sorta zabala osatzera datozen gaztak dira, Idiazabal gaztari lagun eginez, eta gazta horrek betetzen ez dituen segmentuetan kokatzeko asmoz datoz, gainera. Horrela, gazten, errezeten eta zaporeen aniztasuna handitu egingo da, eta kontsumitzaileei bestelako gazta mota eta formatu batzuk eskainiko zaizkie, gaur egun kanpoko gaztekin asetzen baita behar hori. Ekimen honen bidez, gainera, esne eta gazta ekoizpenari balioa emango zaio; tradizio historiko handiko eta gizarte, kultura eta ingurumen balio handiko jarduera gisa eman ere.

Proiektu berri honen helburuetako bat Idiazabal gazta ekoizten duen ardi sektorerako produktu sorta babestea eta ugaltzea da; izan ere, Eusko Label gazta mota guztiak ekoizteko erabiliko den ardi esnea ardi latxarena edota Karrantzakoarena izango da soilik. Era berean, behi eta ahuntz gaztak Euskadiko esnearekin egingo dira, esnea ziurtatuz eta tokian tokiko barietateak ugalduz; betiere, kalitate handieneko gamaren barruan.

HAZIk urteak daramatza proiektu honetan lanean, eta berebiziko arreta eskaini dio ekoizleentzako prestakuntzari. 2019. eta 2020. urteetan, esaterako, 75 pertsonak jaso dute Eusko Label gazta ekoizteko prestakuntza. Proiektu ireki bat da, eta helburutzat dauka Euskadiko gaztaren eskaintza dibertsifikatzea, ekoizpen sektoreari merkataritza garapenerako aukera handiagoak eta tresna berriak emanez.

Askotariko gaztak

Fraisoro gazta: Behi esne gordinez edo pasteurizatuz egindako gazta. Euskal gazta tradizionalen artean, Fraisorokoa izan da ezagunenetakoa eta gehien imitatu dena. Fraisoro nekazaritza eskolak, XIX. mendearen amaieratik aurrera, modernitatea ekarri zuen gaztak egiteko modura, eta, Frantziako tradiziorik preziatuenari jarraituz, gazta ekoizteko euskal modu tradizionala bikaintasunera eraman zuen. Fraisoro gaztak, beraz, gazta ospetsu hura berreskuratu du.

Latxa urdina: Ardi esne gordinez egindako gazta. Gazta urdina ez da berez bertakoa, Frantziatik Euskadira propio ekarritako gazta baizik. Gazta urdinaren zaporeari eta usainari elementu bat gehitu diegu, eta horri esker, hemengo produktu bihurtu da: zehazki, latxa ardiaren edo Karrantzakoaren esnea da gehitutako osagarria. Garai batean arrotza zena bertakoa da orain. Gure ardiak, gure loreak eta gure belarra, gure legamiak eta gure klima… horrek guztiak bihurtzen du Latxa urdina hemengo elementu. Horregatik, gazta urdin ugari aurkituko ditugu, baina Latxa urdina ez dugu beste inon topatuko.

Saroi gazta: Behi eta ardi esne gordinez edo pasteurizatuz egindako gazta. Euskal mendietako gazta zaharra da, formatu handiko gure gazta ondua. Saroi gazta etxeko gazta bat da, “unaiaren“ txabolaren ikurra. Tamaina handikoa, gazta hau egitea esnea biltzeko modu bat zelako; eta nahasketako gazta da, animalia saldoetan hainbat espezie ibiltzen zirelako (behia, ardia, ahuntza…). Horregatik, Saroi gazta ezaguna da daukan zapore leunagatik: etxekoa, baina aingura basati bati eusten dio, belarditik datorrela gogoraraziz. Janari bihurtutako esnea, ehundura leuna duena, samurra, eskuarekin belar moztu berria hartu eta estutzea bezalakoa.

Otzara gazta: Behi, ardi edo ahuntz esne gordinez edo pasteurizatuz egina. “Amamen gazta sekretua” ere esaten zaio, Euskadiko mendebaldeko amama gaztagileek zumezko otzaretan mamitzen zutelako behi, ardi edo ahuntzen esnea (etxe bakoitzeko aziendaren arabera). Gaur egun oraindik horrela egiten da Otzara gazta; hots, amamek bezala: etxeko esnea mamituz, prentsatu gabe, harik eta gazta samur bat lortu arte.

Gazta zuria: Osasungarria, arina eta gaur-gaurkoa. Behi, ardi edo ahuntz esne pasteurizatuz edo horien nahasketaz egina. Azken aldian, euskal Gazta zuriaren tradizioa berreskuratzen ari gara. Euskal gizartea hiritar bihurtzen ari da, eta gero eta konplexuagoa da; eta, aldi berean, Gazta zurira zaletzen ari gara, horrek dakarren praktikotasunagatik.
Gaztarik praktikoena da, une batean moztu eta konbinatzen da, eta, hain berea duen ukitu zuri horrekin, edozein ogi txigortu, entsalada eta antzeko jaki goratzen du.

Auntzai gazta: Bi Auntzai gazta mota daude: ahuntz esne gordinez edo pasteurizatuz egina. Euskal ahuntza da ‒tradizioz lur malkartsu, arrokatsu eta aldapatsuetara zokoratutako animalia, landaretza arruntez inguratua eta basa belar eta lorez elikatua‒ Auntzai gaztaren jatorria, ahuntz basati horien esnea onduz egiten den gazta. Horregatik, euskal ahuntz gaztak berezkoak ditu usain zein zapore biziak.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2020.eko ekainak 15

    ¿Tiene que ser de alguna marca en concreto?
    Y , me queda la duda, ¿Navarro, cuenta como vasco? :
    Dificultades para los pastores de EUSKADI
    El marco de la D.O. Idiazabal se encuentran inscritas más de 350 explotaciones, 123 queserías (53 en Gipuzkoa, 22 en Araba, 16 en Bizkaia y 32 en NAVARRA) y 4 empresas elaboradoras.
    Por cierto, como la Pepsi está en Álava y Coca cola en Bizkaia, puedo consumir cualquiera de las dos , ¿ no?

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
  • Bittor Oroz Izagirre
    Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea (XI legealdia)
  • Asier Arrese Zabala
    Haziko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzaren Fundazioa Landa, Isasertz eta Elikagaien sustapenerako (XI legealdia)