Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak

Teknologi Parkeen Sareko “bio” sektoreak Covid-19aren aurkako borrokaren zerbitzura jarri du bere jakintza

2020.eko maiatzak 04
  • Arnasgailuen sorkuntza gehiago aztertzea eta birusa detektatzeko gaitasuna handitzea funtsezkoak dira datozen asteetan iritsiko diren eszenatokiei aurre egiteko

Euskadiko Teknologi Parkeen Sarea eta bertako kide diren 544 enpresak, 43 teknologia- eta ikerketa-zentroak eta horietako 18.489 langileak beren onena ematen ari dira euren jakintza eta esperientzia eskainiz Covid-19aren aurkako borrokan. Osasun larrialdi honetan bada laguntzeko funtsezkoa den arlo bat, alegia, bio-osasunarena. Bio-osasuna lehentasunezkotzat jotzen den hiru sektoreetako bat da Euskadiren espezializazio adimenduneko estrategiaren barruan (RIS3) eta bere ahaleginak batzen ari da osasun zentro guztiekin batera.

ZIUetarako arnasgailuen eskaera izugarria izan da asteotan. Fabrikazio gehigarrian espezializatutako Addimen enpresak bere hondar-aletxoa jarri du metalezko piezen ekoizpenean daukan esperientzia eskainiz. Madrileko Infanta Leonor Unibertsitate Ospitaleak arnasgailuentzako pieza batzuk enkargatu dizkio; banatzaile batzuk dira, arnasgailu batek zerbitzu eman diezaien bi pazienteri. Altzairu herdoilezinez fabrikatuak, pieza orijinalen pisua erdira baino gutxiagora murriztea lortu dute. Addimen enpresak antzeko beste proiektu bat ere badu eskuartean.

Arlo horretan dihardu baita ere Tekniker teknologia-zentroak (Basque Research and Technology Alliance (BRTA) sareko kidea), pazienteentzako arnasgailu baten diseinu-, garapen- eta fabrikazio-prozesuan parte hartzen ari baita. Zehazki, konponbide bat sortzen ari da “ambu” izeneko eskuzko berpizgailuak automatikoki eragiteko, horrela arnasgailu funtzioa bete dezaten. “Ambu” bat eskuzko gailu bat da, presio positibodun aireztapena ematen diena arnasa ondo hartu ezin duten pertsonei. Gailu horiek automatikoki erabiltzeko aukerari esker, posible izango litzateke arnasgailu gehiago edukitzea, eta, hain sofistikatuak ez badira ere, funtsezkoak suerta litezke une honetan. Proiektu honetan parte hartzen dute Wanbat, Cisco, Omron, Martinena, Igus, Ingeteam, Haku, Licuit eta Eper enpresek.

Kimika eta biologia sektoreen arteko diziplina anitzeko lankidetzari esker, Bizkaiko Aleovitro startup-a bio-estimulatzaileak garatzen ari da balio erantsi handiko landareen (nekazaritzakoak, fruta-arbolenak eta basoetakoak) mikorrizentzat. Une honetan, lanean ari da Nekazaritza Zientzien Institutuarekin (ICA) –CSICen barruan dago) sendabelar eta belar usaintsuen arloan, izan ere, landare horien molekula bio-aktiboen portaera eta Covid-19ari aurre egiteko erabiltzen den klorokinarena antzekoak izan baitaitezke.

BCMaterials, Material, Aplikazio eta Nano-egituren Euskal Zentroa hiru mailatan ari da lanean: batetik, “Point of Care” (PoC) sentsoreen arloan, koronabirusarekiko immunitatearen detekzio goiztiarra lortzeko, gailu mugikor baten bitartez kontrolatuko delarik; bestetik, maskaretarako eta norbere babeserako sistemetarako materialen alorrean, helburutzat hartuz elkarrekin uztartzea eraginkortasuna eta berrerabiltzeko aukera; eta azkenik, birusen aurkako azaleren esparruan.

BRTA-n, CEIT eta Tecnalia teknologia-zentroak CIC biomaGUNEren koordinaziopean ari dira lanean, birusa garraiatzeko bitartekoak prestatzeko, gero bitarteko horiek pazienteetatik hartutako laginetan erabiltzeko. Sistema horietan laborategian prestatutako hainbat antibiotiko desberdin erabiltzen dira laginak segurtasunez garraiatzeko ospitaleetatik analisi-laborategietara.

Biokilab enpresa kit berriak garatzen ari da giza gaixotasunak diagnostikatzeko, pronostikatzeko eta tratatzeko.

Osasun Ikerketako Biodonostia Institutua (Donostia Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuak koordinatzen duena) ere Osakidetzak diseinatutako kontingentzia-planaren barruan dago, koronabirusa PCR testen bidez detektatu behar delako.

Horrez gain, gaixotasun genetikoak diagnostikatzeko analisi genetikoak eta biologikoak egiten dituen DNA Data enpresak Covid-19a detektatzeko zerbitzu ireki bat eskaintzen du enpresa eta kolektiboentzat.

Industria arlorako ikusmen artifizialean espezializatutako Inovako enpresak irudi-biltegi publikoak eta deep learning eredu bat erabiltzen ditu Covid-19a duten eta gaitzik ez duten pazienteen erradiografiak bereizteko. Proiektu hori hasierako fasean dago oraindik, “baina errealitate bat izan daiteke laster. Horretarako, beharrezkoak dira erradiografiak eskain ditzaketen partner-ak, horrela datu basea handituko dugulako eta teknologia probatzen jarraituko dugulako” adierazi dute bultzatzaileek.

Azkenik, digitalizazioa ere baliagarri da osasun arloko krisi honetan. E-Process Med enpresak hiru ekintza-ildo jarri ditu martxan ebakuntzetarako baimen informatikoak telematikoki kudeatzeko -pazienteak fisikoki ospitalera joan beharrik izan ez dezan- eta Covid-19aren diagnostikoa eta jarraipen telematikoa ahalbidetzeko.

Dozenaka enpresa inplikatu dira pandemia gainditzeko ahaleginean

Enpresa horiek ahalegin betean ari dira, Euskadiko Teknologi Parkeen Sareko beste dozenaka antolakunderekin batera, pandemiak berekin ekarri dituen premiei erantzuteko. Bio-osasunaren sektorean ere, Osasen, Progenika Biopharma, I+Med, Histocell, Abyntek Biopharma edo Viralgen enpresek proiektu espezifikoak hasi dituzte, eta Biocruces Bizkaia eta BioAraba, berriz, lankidetzan ari dira UPV/EHUrekin, Achucarro Basque Center of Neuroscience zentroarekin, eta Fundación Biofísica eta Ikerbasque erakundeekin.

CIC bioGUNE edo Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroak eta Graphenea euren jakintza eta gaitasunak eskaintzen ari dira. Konponbide teknologikoen arloan, tamaina oso desberdinetako enpresak -hala nola, Erictel, Ibermática, Orvium, Vicomtech, Ikusi edo Ikerlan- lanean ari dira Covid-19aren aurkako borrokan. Gaiker eta Neiker zentroek ere euren hondar-aletxoa jarri dute proiektu desberdinen bitartez, eta berdin egin dute beste enpresa batzuek ere manufakturaren eta fabrikazio gehigarriaren sektoreetan (Mizar Additive Manufacturing, Optimus 3D eta A3Z Advanced) edo sektore aeroespazialean (ITP Aero).

Hemen edo beste esteka honetan kontsultatu ditzakezu Euskadiko Teknologi Parkeen Sareko antolakundeek garatzen dituzten ekimenak. Parkeen Sareak Euskadiko BPGren % 7,1 sortzen du, ahalegin berezia eginaz berrikuntza arloan. Izan ere, sare horrek (enpresa-sarearen % 0,9) kontzentratzen du Euskadiko I+G-ko inbertsioaren % 38.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak