Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak gogoratzen du baimendutako jarduerak segurtasun eta autobabes baldintzak betez eta distantziak errespetatuz egin behar direla beti

2020-05-01

Ertzaintzaren buruak gaur beste jakinarazpen bat bidali die Ertzaintzako unitate guztiei eta udaltzaingoen arduradunei, SND/380/2020 Aginduan ezarritako neurri berriak aplikatzeko irizpide orokorrak partekatzeko. Agindua gaurko, maiatzaren 1eko, BOEn argitaratu da eta bertan, besteak beste, ezartzen da bihar larunbatetik, maiatzaren 2tik, aurrera, 14 urtetik gorakoek jarduera fisiko ez-profesionala egin ahal izango dutela aire librean. Horrez gainera, indarrean dagoen alarma-egoeran herritarrak paseatzera irteteko ordutegiak eta baldintzak ere ezartzen dira.

 

Ertzaintzak gogoratzen du jarduera horiek guztiak segurtasun eta autobabes baldintzak betez eta pertsonen arteko distantzia fisikoa errespetatuz egin behar direla. Eragin horietarako, Ertzaintzaren buruak gogoratzen du komenigarria eta oso gomendagarria dela etxetik kanpora maskarak erabiltzea, elkarbizitzarako guneetan beharrezkoa den distantzia fisiko hori bermatu ezin denean.

 

Etxetik kanpora jende gehiago egotea ahalbidetzen duen egoera berri horrek arindu egingo ditu herritarren konfinamendu-baldintzak, baina, aldi berean, inoiz baino beharrezkoa izango da portaera indibiduala eta kolektiboa arduratsua izatea, autodiziplina neurriak hartzea eta osasun publikoak duen arriskuaren kontzientzia argia izatea.

 

Alde horretatik, Ertzaintzak, bereziki agintari sanitarioek proposatutako neurriak ezarriko diren lehenengo egun hauetan, jarrera pedagogiko eta didaktikoa sustatuko du, herritarrek uler dezaten onartu berri den aginduak baimendutako jarduerak behar bezala egin behar direla, biztanleria osoaren onerako.

 

Ertzaintzaren buruaren jakinarazpenean gogoratzen da, beraz, ezarritako baldintzak nabarmen eta behin eta berriz betetzen ez direnean, Ertzaintzak eta udaltzaingoek esku hartuko dutela eta, beste irtenbiderik ezean, antzeko kasuetan egiten ari diren moduan jardungo dutela, dagokion HSBLO ezarriz zehapen-espedienteak abiarazita.

 

KONFINAMENDUA ARINDU AURREKO EGOERARI BURUZKO ARAUKETA (2020ko maiatzaren 2ko 00:00etan jarriko da indarrean):

                                                                                                                                                                                            

XEDEA: Jarduera fisiko ez-profesionala aire librean (paseoak eta bakarkako kirolak). Debekatuta dago oraindik kirola taldean egitea.

 

BAIMENDUTAKO JOAN-ETORRIAK:

  • 14 urtetik gorakoak.
  • Beste pertsona batekin kontaktua izatea eskatzen ez duten bakarkako kirolak.
  • Egunean behin, eta ezarritako ordutegiaren barruan. Denbora-mugarik gabe.

 

PASEOAK:

  • Paseoetarako, bizikide batekin irten ahal izango da, ohiko bizilekutik kilometro bateko eremuan. 

 

KONTAKTU FISIKORIK GABEKO BAKARKAKO KIROLA:

  • Bakarka egingo da, norbaitekin joan beharra izan ezean, eta norbera bizi den udalerrian bertan.

 

KUTSATZEA SAIHESTEKO BALDINTZAK:

  • Gutxienez bi (2) metroko distantzia utzi behar da pertsonen artean.
  • Beharrezkoak ez diren geldialdiak saihestu behar dira.

 

BAIMENDUTAKO LEKUAK:

  • Edozein bide edo leku publiko, eremu naturalak eta berdeguneak barne direla, aginduan ezarritako mugen barruan.
  • Ezin da jarduera fisikorik egin itxita dauden kirol-instalazioetan.
  • Ezin da ibilgailua edo garraio publikoa erabili jarduera fisikoa egitera joateko.

 

BAKARKAKO KIROLA EGITEKO ETA PASEOAK EMATEKO ORDUTEGIAK:

  • 14 urtetik gorakoak, 06:00etatik 10:00erara eta 20:00etatik 23:00etara.
  • 70 urtetik gorakoak eta mendekotasuna duten eta bizikide batek lagunduta irten behar dutenak, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.
  • Salbuespen moduan, eta arrazoi medikoak edo kontziliazio-arrazoiak direla eta, jarduera fisikoa egin ahal izango da ezarritako ordutegietatik kanpora.
  • 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan, berriz, ez dira ordutegiak ezarriko, eta aipatutako jarduera guztiak 06:00etatik 23:00etara egin ahal izango dira.

 

14 URTETIK BEHERAKOAK (“Lau batekoen araua”):

  • Egunean paseo bat, gehienez ordubetekoa, etxebizitzatik gehienez kilometro bateko eremuan, heldu batek lagunduta eta 12:00etatik 19:00etara.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan