Berriak Lehendakaritza

Lehendakari: "Ohiko legezkotasuna berreskuratu behar da osasun publikoa bermatzeko"

2020-05-03
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Iñigo Urkullu Lehendakariak Autonomietako Presidenteen zortzigarren bileran parte hartu du
  • Krisia kudeatzeko eredua birformulatzeko eta legeria arrunta aplikatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuko Presidenteari

Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur goizean, Lehendakaritzatik bideokonferentzia bidez, Espainiako Gobernuko Presidente Pedro Sanchezek deitutako Autonomietako Presidenteen zortzigarren bileran parte hartu du, Covid-19 koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko.

Bere esku-hartzean, Lehendakariak egoera ekonomikoarekin eta enpleguarekin lotutako eta "orain arte erantzunik jaso ez duten" hiru gai zehatzi buruz galdetu dio Sanchez Presidenteari.

Lehenik eta behin, Lehendakariak galdetu du ea Espainiako Gobernuak maiatzean jarriko duen martxan Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera. Ildo horretan, Lehendakariak azpimarratu du Diru-sarrerak bermatzeko errenta bezalako laguntza-ereduekin koordinatu behar dela, eta lehen zirriborroa noiz jaso den zehazteko eskatu du.

Bigarrenik, Lehendakariak agerian utzi du enpresen, negozioen eta saltokien jarduera partziala eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak mantentzea uztartu behar direla. "Egungo lanpostuak mantentzeko funtsezko tresna da", gaineratu du.

Hirugarrenik, Iñigo Urkulluk Europak duen garrantzia azpimarratu du. Hala, Lehendakariak esan du Europako proiektuan sinesten dugun guztion esku-hartze arduratsua beharko dela, "Europarik gabe, ez baikara ezer".

LEGERIA ARRUNTA

Era berean, Lehendakariak krisia kudeatzeko eredua birformulatzeko eta legeria arrunta aplikatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuko Presidenteari. Lehendakariaren arabera, Sanchezek planteatutako neurriak 1986ko Osasun Publikoaren Lege Organikoa, 2011ko Osasun Publikoaren Lege Orokorra eta, euskal eremuan, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea aplikatuz ezar daitezke.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)