Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak bilera berri batera deitu ditu alderdi politikoak, maiatzaren 14an, hauteskundeen data erabakitzeko

2020.eko apirilak 30
  • Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin partekatu ditu hauteskunde-deialdiari begira egon daitezkeen bi aukera: uztaila edo iraila/urria
  • Gogorarazi du EAEko hauteskundeak legez deitzeko azken eguna urriaren 25a dela, eta, horregatik, gogoeta hori denbora nahikoarekin egitea premiatzen du, erantzukizun demokratiko hori saihestu gabe

Iñigo Urkullu Lehendakariak bilera bat egin du gaur goizean Lehendakaritzan Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin. Alderdiekin egin den bigarren bilera honen helburua bikoitza izan da: Euskadin "OSASUN Larrialdi Adierazpena" ebaluatzea eta hauteskunde deialdirako eszenatokiak aztertzea. Horretarako, Lehendakariak honako dokumentazioa entregatu die ordezkari politikoei:

  1. Euskadiko Covid-19 egoera epidemiologikoari buruzko eguneroko txostena.
  2. Covid 19ren hedapenari buruzko txostena eta epe ertaineko aurreikuspena.
  3. Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoen txostena, Eusko Legebiltzarrerako 2020ko Hauteskundeen deialdiko egoerari buruzkoa.
  4. Eusko Jaurlaritzak Osasun Larrialdi Adierazpenaz geroztik egindako jardueren laburpena.
  5. Normaltasunera igarotzeko BiziBerri Planaren eskema.
  6. Kultur jardueretarako, ekitaldi sozialetarako eta udarako jaietarako irizpideen oinarrizko dokumentua.
  7. Elkarlaneko gobernantza-mapa, Kovid-19.
  8. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko kontuan hartu beharreko neurriei buruzko txostena.

HAUTESKUNDEAK OSPATZEKO AUKERA BIKOITZA

Bileran, Lehendakariak alderdi politikoekin partekatu ditu hauteskunde-deialdiari begira egon daitezkeen hiru agertokiak. Horrez gain, erabaki bat hartu ahal izateko datuen, irizpideen eta hauteskundeak egin ahal izateko aukerei buruzko hausnarketa eskatu du:

  • A aukera: uztailean ospatzea. Ildo horretan, Lehendakariak adierazi du osasunaren ikuspegitik egindako aurreikuspenak adierazten duela une honetan "kutsatze-arriskua egonkortzeko eta murrizteko" fasean gaudela, eta "udako hilabeteak, ekainaren 21etik irailaren 21era bitartekoak, kutsatze-maila txikienekoak izan daitezkeela".
  • B aukera: irailean edo urrian ospatzea. Aukera horri dagokionez, Lehendakariak azaldu du osasun-arloko talde adituen arabera, "Udazkena iristen denetik aurrera, irailaren 21etik aurrera, gaixotasuna berriz sortzeko arriskua dago". Gainera, urtaroko gripearekin konplika liteke eta "ziur da udazkenean ez dugula txertorik jarriko".

Lehendakariak maiatzean 14an alderdi politikoak bilera batera deitu ditu berriro, datu guztiak mahai gainean jarrita, egoera berriz baloratu ahal izateko.

Ildo horretan, lehendakariak gogorarazi du, urriaren 25a dela "hauteskundeak legez deitzeko azken eguna". Legegiltzaldia behin betiko amaitzen den eguna da nahiz eta Legebiltzarra deseginda egon, eta, horregatik, premiazkoa da hausnarketa hori denbora nahikoarekin partekatzea, erantzukizun demokratiko hori saihestu gabe.

Azkenik, Lehendakariak berretsi du Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen duela hiru helburu partekaturekin:

  • Osasun-arreta lehenestea: "Gure arreta guztia arreta horretan zentratuta dago".
  • Jarduera ekonomikoaren eta sozialaren berreskurapena lantzea: "Jarduera berreskuratzeko lehen urratsak ematen ari gara, eta horren garapena kontrolatzen eta ebaluatzen jarraitu behar dugu. Urrats bakoitza neurtu behar da aurrera egin ahal izateko ".
  • Normaltasun politiko eta demokratikoa berrezartzea: "Eusko Legebiltzarrak, subiranotasunaren egoitzak, ez du normaltasunez funtzionatzen. Diputazio Iraunkorra bakarrik dago martxan ". Lehendakaria bi aldiz agertu da. Baina Eusko Jaurlaritzak talde parlamentarioekin komunikatzeko bideari eutsi arren, "Egia da hauteskunde-deialdia indarrik gabe utzi behar izan genuela eta ez gaudela normaltasun demokratikoko egoera batean".
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak