Berriak Hezkuntza

100.000 euro hezkidetza lantzeko eta genero-indarkeria prebenitzeko proiektuetarako (Gobernu Bilera 2020-04-29)

2020.eko apirilak 29

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan hezkidetza landu eta genero-indarkeria prebenitu ahal izateko jarduera-proiektuak garatzeko deia egiten duen Agindua, Euskadiko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeetarako.

Gorago aipaturiko hezkuntza-etapak eskaintzeko baimenduta dauden EAEko 50 ikastetxe (gehienez) aukeratzea du deialdi honek helburu, hezkidetzaren eta genero-indarkeria prebenitzearen arloan jarduera-proiektu bat diseina dezaten aipaturiko ikasturteetarako. Jarduera-proiektu horri esker, aukera izango dute hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa ikastetxean era global, sistematikoan eta integratuan lantzeko.

Hautatutako ikastetxe bakoitzari diru-laguntza bat emango zaio. Irakasleen nahiz eskola-komunitatearen prestakuntzarako eta proiektua koordinatu eta hedatzeko jarduerei aurre egiteko baliatuko da laguntza hori.

Jarduera-proiektuak 379 ikastetxetan

Hezkuntza Sailak 2013-2014 ikasturtean Hezkidetza eta Genero-indarkeriaren Prebentzioa lantzeko Gida-Plana abian jarri zenetik, Euskadiko 260 ikastetxe publikok eta 119 itunpekok gartu dute euren proiektua, eta aplikatzen ari dira dagoeneko arlo horietan (hezkidetzan eta genero-indarkeriaren prebentzioan).

Aipaturiko Gida-planaren helburua da, hezkuntza sisteman hezkidetza eredua bultzatzea: pertsonen garapen osoa bideratzen duen eskola eredua, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak albo batera utzita, eta diskriminazio eta genero indarkeria mota guztien kontra eginez. Ikasketak eta lanbidea aukeratzerakoan sexuaren arabera orientatzen ez duen eredua, eskola-komunitateko kide guztien parte-hartze eta laguntzarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko