Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak Agintzari bisitatu du, haur kalteberenei laguntzeko Aukerak Suspertzen-Recuperando Oportunidades proiektua bultzatzeko

2020-04-27
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Programa berriaren bidez, krisialdi honek familia kalteberenen etorkizuneko aukeretan izango duen eragina murriztu nahi da, ikasgelatik kanpoko hezkuntza-indargarriaren bitartez
  • Aurretik ere desabantaila soziala bizi zuten eta alarma-egoeraren eta eten digitalaren ondorioz hezkuntza-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak bizi dituzten adingabeei zuzentzen zaie
  • Agintzari Bogan taldearen kooperatiba maioritarioa da, eta 720 langile ditu. Iaz, 29.000 familia baino gehiagori eman zien arreta

Iñigo Urkullu lehendakariak, gaur goizean, Agintzariren egoitza bisitatu du, Deustun, eta, bertan, Aukerak Suspertzen-Recuperando Oportunidades hezkuntza-indargarriaren proiekturako babesa erakutsi du. Proiektua haur kalteberenei zuzentzen zaie, eta ‘Inor atzean utzi Gabe’ bazterketa- eta pobrezia-egoerei arreta emateko Funtsean sartzen da.

Aukerak Suspertzen-Recuperando Oportunidades ekimenak eskolaz kanpoko laguntza edo hezkuntza-indargarria eskaintzen die, eremu komunitarioan (ikasgelatik kanpo, aurrez aurrekoa edo birtuala), ordurako desabantaila soziala bizi zuten ume eta nerabeei eta, alarma-egoeraren eta ikastetxeetan aurrez aurreko irakaskuntza aldi baterako eten izanaren ondorioz, aurretik bizi zuten egoera eta eten digitala aintzat hartuta, hezkuntza-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituztenei, egoera horrek beren egungo eta etorkizuneko eskola-errendimenduan eragina izan dezakeela kontuan hartuta.

Ikastetxe eta ikastoletan aurrez aurreko klaseak eten izanak adingabe askorentzat eta familia askorentzat bereziki egoera konplexua ekarri du. Errealitate horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, hirugarren sektoreko dozena bat erakunderekin eta Agintzarirekin koordinatuta, Aukerak Suspertzen-Recuperando Oportunidades programa jarriko du martxan.

Programa hori, bizi duten egoera berezia dela-eta, batik bat osasun-krisialdiaren ondoriozko jarduketen eragina eta ikasgelatik kanpoko jardueran eragina jasan ditzaketen umeei zuzentzen zaie.

Beraz, programak eskola-laguntzako jarduera tradizionalak jaso ditu, baina baita ikasgelatik kanpoko hezkuntza-indargarriko beste batzuk ere; haiek adingabeei eta beren aita-amei zuzentzen zaizkie.

Lehendakariarekin batera, bisitan, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea, Mikel Gorostizaga Agintzariko zuzendari nagusia eta Bogan-eko koordinatzailea, Janire Barcena Agintzariko presidenteordea eta Josu Gago Zabalduz kooperatibako zuzendaria izan dira. Gainera, bideokonferentzia bat izan du dozena bat profesionalekin; profesional horiek Bogan taldeak garatzen dituen programetan lan egiten dute. Bogan taldearen barruan dago Agintzari, bai eta Zabalduz eta Hirube kooperatibak ere.

Hala, Iñigo Urkulluk aurrez aurre ezagutu du zein den bertako eguneroko lana eta zer lortu nahi den Aukerak Suspertzen-Recuperando Oportunidades ekimen berriaren bidez.

“Funts honen programen eraikuntza kolektiboak eta sarekoak lan- eta lankidetza-eredu publiko-pribatua eratzen dute.  Egokitzapen-gaitasuna erakusten ari zarete hasiera batean arriskua baino ez dagoela ematen duten egoeretarako irtenbide eta aukerak proposatzeko. Ikasgeletatik kanpo eten digitala murrizten jarraitzeko lankidetzan jardungo duzue. Helburu hori lortzeko, parteka dezakegun lan guztiak merezi du”, esan du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Era berean, lehendakariak eskerrak eman dizkie, egungo osasun-krisialdian jarrera proaktiboa izatearren. Iñigo Urkulluk honako hau esan die: “Zuon esperientziaren eta egiten jakitearen bidez, sortu diren behar berriei erantzuten diezue. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak gorputz eta arima, talde-lanean eta ilusioz jarduteko duen espirituaren ordezkari zarete. Zuotako profesional eta boluntario guztiok funtsezko ekarpena zarete gure herrialdearentzat”.

Bestalde, Mikel Gorostizaga Agintzariko zuzendari nagusiak honako hau esan du: “lehen fasean, programa honek laguntza-beharrizanak dituen adingabe- eta familia-kopurua detektatuko du, etorkizuneko eskola-porrot txikiagoa sustatzeko jarduketa-eremua are gehiago zehazteko”.

Agintzari

Agintzari 1977an hasi zen gizarte-bazterketaren eremuan lanean, eta 1983an eskuratu zuen nortasun juridikoa. Harrezkero, gizarte-salaketako, ikerketako eta arrisku- eta babesgabezia-egoeran dauden adingabe eta gazteei arreta emateko jarduera zabala betetzen du. 2016an, gizarte-ekimeneko kooperatiba gisa eratu zeneko 25. urteurrena ospatu zuen, eta gizarte-arloan esku hartzeko eremuan hasi zeneko 40. urteurrena; urte horietan, kooperatibak gizartearekin duen konpromisoa finkatu du.

Gaur egun, Agintzari Bogan taldeko kooperatiba maioritarioa da (bertan, Zabaldua eta Hirube kooperatibek ere parte hartzen dute); 720 langile ditu, eta, haietatik, % 96k unibertsitate-titulazioa du. 2019an, lehen eta bigarren mailako arretan emandako zerbitzuetatik, guztira, 18.000 adingabe baino gehiagori eman zitzaien arreta; haietatik, % 40 baino gehiago neska da. Helduak direla eta, datu globala handiagoa da: 11.000 baino pixka bat gehiago (% 67 emakumea). Guztira, 29.000 pertsona baino gehiagori eman zitzaien arreta.

Kooperatiben multzoaren jarduera ekonomikoa 28 milioi eurokoa izan zen iaz.

Jarraian, Bogan Talde Kooperatiboaren jardueraren eranskin xehatua jaso da, bai eta dagozkien arloak ere.

 

 

 

Lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuak:

●        Gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuak.

●        Zaintzaileei eta elkartuei laguntzeko zerbitzua (BFAren Zainduz Programarekin konbinatuta).

●        Laguntza psikosozialeko zerbitzua eta atsedenaldirako espazioak.

●        Etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeentzako harrera-pisua.

●        Etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeentzako esku-hartze sozialeko programarako gizarte- eta hezkuntza-laguntzarako eta programari atxikitako pisuen kudeaketa materialerako zerbitzua.  

●        Bilbon eskola-absentismoa detektatzeko, prebenitzeko eta arreta emateko zerbitzua.

●        Ludoteka eta Gazteleku.

●        Guraso-trebetasunetan oinarritutako prestakuntzarako udal-programa.

●        Zerbitzu soziokomunitarioa.

Bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuak

●        Adingabeentzako egoitza-zentroak.

●        Harrera espezializatuko egoitza-zentroak (IRISASI, URALDE eta BOTIOLA ETXEA).

●        Bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrentzako harrerako egoitza-zentroa (SEGURA, HONDARRIBI, DONOSTIA –UBA-, ATEGORIETA, ARABELLA eta ZAKAN PROIEKTUA NAFARROAN).

●        GAZTEON SARELAN proiektua GIPUZKOAn.

●        Gizarte- eta hezkuntza-arloan eta/edo arlo psikosozialean familiarekin esku hartzeko zerbitzuak.

●        Umeekin, nerabeekin eta beren familiekin gizarte- eta hezkuntza-arloan esku hartzeko zerbitzua (TREBATU).

●        Sexu-abusuko egoeretan esku hartzeko zerbitzua (SEIP).

●        Sexu-abusuko egoeretan esku hartzeko zerbitzua (ASASI).

●        Familia-harrerarako sustapeneko eta laguntza teknikoko zerbitzuak.

●        Bizkaiko familia-harrerako zerbitzua (E.P.A.F).

●        Arabako  familia-harrerako zerbitzua (P.A.A.F.A).

●        Gipuzkoako  familia-harrera espezializatuko zerbitzua (PAFE).

●        Adopziorako sustapeneko eta laguntza teknikoko zerbitzuak.

●        Bizkaiko adopziorako laguntza-zerbitzua (PAAB).

●        Babesgabezia-egoeran dauden haur eta nerabeei gizarte-informazioa emateko zerbitzua.

●        Haur eta nerabeei telefono-arreta emateko zerbitzua (ZEUK ESAN).

●        Etxeko indarkeriaren biktima diren edo sexu-arrazoien ondorioz biktima diren emakumeei informazioa eta arreta emateko zerbitzu espezializatua.

●        Indarkeriaren biktima diren emakumeentzako telefono-arretako zerbitzua (SATEVI).

Berezko ekimeneko zerbitzuak

●        ADOPTIA zerbitzua: Adopzioko eta familia-harrerako zerbitzu espezializatua. Banako, familiako eta taldeko balorazio eta arreta psikologikoa egiten die adingabeei eta beren familiei.

●        Sarean konektatutako etxeak: Adoptatutako eta/edo gizarte-ahultasuneko egoeran dauden gazteentzako familia-hausturaren prebentzio-programa.

●        ARLOBI zerbitzua: Bizitzako zenbait etapatan krisi- edo gatazka-egoeran dauden familientzako arreta. Banako, familiako eta taldeko gizarte- eta hezkuntza-arloko arreta psikologikoa.

●        Bestelakoak: Mindfulness eskola; familia, nerabe eta profesionalentzako lantegiak; umeak aldi baterako hartzeko familien egokitasuna balioesteko zerbitzua (Sahara, Txernobyl, ikasketa-egonaldiak); prestakuntza.

 

____

Argibide gehiagorako, Iñigo Camino: 656.78.62.53. Gainera, elkarrizketa egin dakioke Rosa Lizarragari, Agintzariko presidenteari eta haur-psikologoari.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)